"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
0eko hamarkadako politika, Europan, bi gertakari historikoen gurutzaketak markatu zuen: alde batetik, 68ko maiatzeko mugimendu subertsiboaren oihartzunak, gazte belaunaldi oso bat inarrosi eta borroka politikora brauki bultzatu zuena eta, bestetik, komunismo politiko zurrunaren edo, nahi bada, estalinismoaren gainbeherak, zeinari esker ezkerra bera lotura ideologiko eta hierarkiko estuetatik askatu baitzen. Biak josita daude mihise ideologiko berean, ezinbestez: 68ko maiatzeko protestetan parte hartu zuten gazteek bazuten, oraindik, ezker klasikoaren lilura, hura bizi izan zutenen seme-alabak zirelako; Stalinen heriotzaren ondoren Sobiet Batasunean gertatutako laxatze ideologikoak, bestalde, gazte horiek umezurtz utzi eta beste borroka modu batzuk bilatzera bultzatu zituen. Elkar elikatu zuten prozesuak izan ziren.
Gurutzaketa horrek sortutako uhinek lurrikara politikoak eragin zituzten Europa osoan, eta Italian, bereziki. Horretaz doa film hau. Historia pixka bat: hain zuzen ere bi mugimendu tektoniko horiek gertatu zirenean, Enrico Berlinguerren Alderdi Komunista bere onenean zegoen, 'hirugarren bidea' deitu izan zen eurokomunismoaren oinarriak paratu nahian. Baina, ezkerraren historian ziklikoki martxan jartzen den gurpilaren indarraren indarrez, horrek erreakzioa piztu zuen gizartea norabidetu ez baizik estatua eraitsi eta beste errealitate berri bat eraikitzearekin amets egiten zutenengan.
Erreakzio horren kumea da Brigate Rosse ezker muturreko taldea: langileak mobilizatu nahi zituen mugimendu ezkertiar elitista, Italiako politika bortizki astindu zuena. Faxismoaren oinordekoek eta mafia ezberdinek boterearen baliabide guztiak menderatuta zituztela sinetsita zeuden brigadistak, eta Berlinguerrek ezarri nahi zuen erreformismoarekin desengainua hartuta, 1978an efektu kolpe handia lortu nahi izan zuten, egitura usteldua goitik behera eroraraziko zuen bultzada. Aldo Moro politikaria, alde horretatik, harrapakin egokia zen: Italiako politika osotoro estekatutako Democrazia Cristiana alderdiko kide karismatikoena zen, intelektuala eta izaera irekikoa. Haren bahiketaren bidez, Brigateko kideek estatuarekin negoziazio bide bat ireki nahi zuten.
Filmak hain zuzen ere negoziazio bide horretan zentratzen du errelatoa. Nolako konfiantza duten bahitzaileek, lider politikoa kaiolan edukiz gero, nahi duten dena lortuko dutela –“estatua belauniko jartzea”-, eta nola konturatzen diren, gero, estatuak sakrifikatu dezakeen peoi bat besterik ez dela Moro. Etsipen baten istorioa da lana: lehendabizi, politikariarena berarena, laster asko ohartzen baita inork ez duela arrisku handirik hartuko bere alde; ondoren, haren familiarena, konturatzen denean sinestezina dena gertatuko dela, alegia alderdiak bere liderra abandonatuko duela; azkenik, bahitzaileena, ulertzen dutenean estatuak ez duela amore emango eta botatako hordagoa bete beste erremediorik ez dutela.
“Nahikoa ziratekeen ehun sinadura Demokrazia Kristaua negoziatzera behartzeko”, diotso Morok, etsita, bere bahitzaileen buruzagiari. “Egon ziren ehun sinadura horiek, jauna, baina zure kontra”, erantzun dio Brigateko kideak.
Alberto Barandiaran