"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Atzo eguerdian mundurako estreinatu zen Kursaal 2-an Min evige sommer / My Eternal Summer filma. Filma New Directors sailean aurkezten da eta Sylvia Le Fanu (Londres, 1990) zuzendariaren lehen film luzea da.
Sylvia Le Fanuk Norwegian Film Schoolen eta Kopenhageko Unibertsitatean ikasi zuen. Bere ikasketak bukatzean, film laburrak zuzendu zituen: Abu Adnan (2017), Danimarkako Akademiaren Robert sarirako izendatua, Clermont-Ferrandeko Jaialdian aurkeztua eta Indy Shorts jaialdiko Sari Nagusiaren irabazlea (besteak beste). Gero Om litt (2020) film laburra zuzendu zuen eta urte berean, Amourteur (2020) zuzendu zuen, Odenseko Jaialdian (OFF) film labur onenaren eta Danimarkako film labur onenaren Robert sarirako ere izendatua. Orain, autofikziozko film oso pertsonal batekin estreinatuko da film luzean.
Min evige sommer / My Eternal Summer filmean, Fanny ezagutzen dugu, hamabost urteko neska. Fanny, eskola amaitu ondoren, uda oporretarako etxera erretiratzen da gurasoekin eta bertan, betiko familia-ohiturak segitzen ditu: irakurtzen, hondartzara joaten, igeri egiten edo poemak idazten. Oporrak uda guztietakoak dirudite, baina laister ikusleak nabari du lasaitasun eta xalotasun horien azpian isilpeko oinaze bat dutela: guztiek familian badakite amaren azken uda izango dela. Elkarrekin geratzen zaizkien egunak aprobetxatzen saiatzen dira; familiak oraina estimatzearen eta etorkizunari aurre egitearen arteko oreka hauskorrean nabigatu beharko du.
Pelikula honetan, Le Fanuk istorio pertsonala kontatzen digu, eta horregatik bere zuzendaritza-lana ohikoa baino zailagoa izan da. Ez bere lehen aldia delako film luze bat zuzentzen, filmaren eta bere arteko distantzia zaindu behar izan duelako baizik: ez gertuegi oroitzapenek hunkitzeko arriskuagatik, eta ez urrutiegi bere zuzendari lana aktoreekin interferitzea ekiditeko. “Hasieran oso gogorra izan zen, gidoia idazterakoan batez ere. Gidoia Mads Lind Knudsen-ekin idatzi nuen, eta batera iritsi ginen fikzio puntura. Une horretan errazagoa zen”, dio Le Fanuk.
Baina oso gai gogorra eta tristea izan arren, bere filmak mezu positiboa du. “Itxaropena dago, amaiera tragikoa izan arren. Une gogorrenetan ere, bizitzak aurrera jarraitzen du, nahi ala ez. Ama pozik egongo litzateke Fannyk aurrera jarraitzen duela jakitean”, erantzuten du zuzendariak filmaren mezuari buruz galdetzean. “Oso garrantzitsua da elkarrekin daukagun denbora aprobetxatzea eta gozatzea”. Eta bere kasu pertsonalaz galdetzean, hauxe dio: “Nire ama galtzeak nire ama emakume eta ama gisa ezagutzeko aukera eman zidan, Fannyri zintan gertatzen zaion bezala”.
Papera prestatzeko, zuzendariak elkarrizketa asko izan zituen Fannyren papera egiten duen aktorearekin: Kaya Toft Loholt. “Kaya oso azkarra da eta ulertzeko gaitasun handia du. Oso elkarrizketa sakonak izan genituen, eta horrek izugarri lagundu zidan zuzentzen”. Le Fanu zuzendaria, bere aktore eta filmaren ekoizleekin egon zen estreinaldian, eta orain Zinemaldiaren ikusleek bere istorioa ezagutu ahal izango dute.
Iratxe Martínez