"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pantaila beltzean The End hitzarekin hasten den pelikula hau inoiz ikusiko duzun filmik laburrena izan dela irudituko zaizu boteprontoan, edota, proiekzionistak atzekoz-aurrera botoiari ezustean sakatu diola. Baina ez, bi ordu eta erdiko musikal baten aurrean gaude, proposamen formal eta kontzeptual arriskutsua eskaintzen duena. Agian, ez edozein ikuslerentzat egokia.
Joshua Oppenheimer zuzendarik Lurreko azken familietako baten istorioa kontatzen du. Dena arreta handiz aukeratutako abestien erritmoan, 40-50 hamarkadetako musikal estiloan.
Bi hamarkada igaro dira munduaren amaiera gertatu zenetik. Familia bat gatz meategi batean eraikitako luxuzko bunker batean bizi da. Semeak 20 urte ditu eta ez du inoiz kanpoko mundua ikusi. Orain, neska baten iristeak familia-bizitza baketsua mehatxatuko du, semea bere bizitzaren itxurazko perfekzioa zalantzan jartzen hasiko baita.
Familia perbertsio-habia dela eta hark sor ditzakeen gaitz guztiei buruz ohartarazi gintuen Simone de Beauvoirrek. Pentsakizun horren harira, zuzendari iparramerikarrak azaldu duenez, “musikal bat osatu dut erruak eta pribilegioak jotako familia bat nola suntsitu daitekeen erakusteko”.
Zuzendariak dioenez, harritu egin zen familia aberats askok bunkerrak eraikitzen ari zirela jakitean, apokalipsia etortzen bazen salbatzeko. Bunker bat haiek besteen aurrean salbatzeko, gene berak dituzten gutxi batzuk bakarrik sar daitezkeelako, ezta bat gehiago ere. Horregatik ditugu familia nuklearra osatzen duten Michael Shannon, Tilda Swinton eta George MacKay, aita, ama eta semea; aberatsak ziren eta lehengo bizimodu bera bizi nahi dute, lur azpian sartuta egonik.
Horrek egiten du engainuari buruzko pelikula bat izatea, ukazioari buruzkoa, dena ondo aterako delako ideiari buruzkoa. Eta, zentzu horretan, horrek eragiten du filma itxaropen faltsuei buruzko gogoeta moduko bat izatea”, argudiatu du zuzendariak.
“Filma distopia bat ere bada”, azpimarratu du errealizadoreak bere obra aipatzean. “Istorio distopikoek gizartea zein norabidetan doan erakusten digute. Giza komunitate bat gara eta etorkizun hau iritsiko zaigu. Familiako kideek elkarri gezurra esaten diote. Gaur egun, gure gizartean, zinismoaren azpian sentitzen dugun frustrazioa ezkutatzen dugu. Egunero enpresa multinazional handien aurrean amore ematen dugu eta eskubide dugun demokrazia oparitzen dugu”, salatu du.
Familiaren instituzioari buruzko filma da. “Ekonomia kapitalistak esan digu diru-gosea izan behar dugula, ahalik eta etekin handiena atera behar dugula. Gizakia horrela egina dela suposatzen da, anbizio indibidual horren egiak familian aurkitzen ditugula”, amaitu du.
Sergio Basurko