"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Cate Blanchettek Donostia Saria jaso aurretik Rumours filma aurkeztu du prentsaurrean. “Nahiago nuke politikan beldurra zineman bezala zirrara bihurtu ahal izango bagenu”, adierazi du aktoreak, eta Tàr (Todd Field) filmean gorpuztu zuen orkestra-zuzendaria bezalako pertsonaia konplexu eta “desatsegin” baten azalean sartzeko jarraitu zuen prozesuarekin alderatu ditu munduaren bilakaera markatzen duten dinamika geopolitikoak.
“Izututa nengoen paperarekin. Ez nekien nola antzeztu, baina egoerari buelta ematen ikasi nuen”, aitortu du aktore onenaren Oscarrerako izendapena eman zion lan hari buruz. Blanchettek bere ibilbidean zehar “aukera handiak” eman dizkioten zuzendari “apartekin” lan egin ahal izan duen “zorte handia” adierazi du.
Proiektu berri batean murgiltzerakoan, senez jokatzen duela hausnartu du: “beste lan batzuen ondoren onartzen dituzun paperak, azkenean, aurretik egindakoaren aurkako antidotoa dira modu inkontzientean”.
Australiarrak sariek artisten ibilbideetan duten garrantzia balioetsi du. “Kritikariek edo zeurea ez den kultura batek zure lana estimatzen dutenean, esanahi sakona du niretzat. Sariak ez ditut inoiz arinki hartzen, baina bestalde ere harritu egiten naute”, argitu du.
Aitortu duenez, antzerkia da bere “maitasun handia”; hein handi batean ikuslearekiko duen hurbiltasunagatik. “Publikoaren erantzuna ber-bertatik somatzeko aukera ematen dizu; eta zineman, aldiz, distantzia handia egoten da normalean, streamingarekin bereziki; eta, nahi izanez gero, ezin duzu jakin zenbat jendek ikusi duen zure filma”, kritikatu du.
Halaber, Carol filma bere ibilbideko lanik txalotuenetako bat da izan da hizpide. “Oraindik asko dago egiteko LGTBI egoera pantailetan irudikatzeko, baina baita kameren atzean ere”, ohartarazi du. Hala ere, azken hamarkadan emandako urratsak “positibotzat” aldarrikatu ditu. “Hamar urte behar izan genituen Carol burutzeko, inork ez baitzuen finantzatu edo banatu nahi. Gaur egun pantailan irudikatuta dauden pertsonen dibertsitatearen paisaia eta filma estreinatu zenean zegoena guztiz desberdinak dira; horrelako istorioak filmatu ere ez ziren egiten”, esan du.
Blanchettek Nazioarteko Goya saria jaso zuen 2022an, eta “espainiar egileak” berarentzat “eragin handia” izan dutela aitortu du. Urte horretan bertan, Pedro Almodovarren ‘Manual para mujeres de la limpieza’ egokitzapenaren protagonista izango zela iragarri zen. Zuzendariak, azkenean, uko egin zion proiektuari, ingelesezko proiektu handi bati aurre egiteko prest ez zegoelako.
Hura izan behar zuen bere lehen luzea ingelesez, alabaina, azkenean Julianne Moore eta Tilda Swintonekin batera gauzatu du asmoa, The Room next Door filmea lekuko. “Pedrok eta biok etengabe hitz egiten dugu. Espero dut egunen batean elkarrekin lan egin ahal izango dugula”, amaitu du aktoreak.
Sergio Basurko