"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Cate Blanchettek Alfonso Cuaron zuzendari mexikarraren eskutik jaso du Donostia Saria, Marta Etura euskal aktoreak aurkeztutako ekitaldian. Cuaronek azaldu duenez, sarituaren “zorroztasunaren eta birtuosismoaren” lekuko izan da harekin lan egin izan duenean. Bestalde, “Cate ahots nekaezina da, eta munduan dauden milioika errefuxiatuen aldeko aldarria egiten du, pasioz”, nabarmendu du mexikarrak aktorearen giza alderditik.
Hartara, “Zinemaldiak ospatzen duen zerbait da zinema, eta galtzeko arriskuan dagoen espezie bat da; horregatik, plazer bat da Alfonsorekin agertoki hau partekatzea. Eskerrik asko hitz horiengatik eta zurekin lan egin ahal izateagatik”, erantzun dio Blanchettek.
Ezer baino lehen, saria eskertu nahi izan du gaueko izarrak: “australiar askoren gisa munduan alderrai ibiltzeko eta mugak gainditzeko zortea izan dut beti. Orain Euskal Herrian nago kultur mugak gainditzen dituen jaialdi zoragarri honetan, eta niretzat ohore handia da sari hau jasotzea”.
Sorpresarako tartea ere egon da, eta hori izan da bere lagun George Clooneyk saridunari grabatutakoa erakutsi denean. “Ezin naiz han egon Venezian nagoelako. Zure ondoan dagoena zorioneko sentiarazteko dohaina duzu. Talentu eta adeitasun handiko emakumea zara. Harro nago zure laguna izateaz eta Donostia Sari hau emateaz. Venezian nago, mozkortuta eta prakarik gabe, baina horrela ez banengo, pozik egingo nuke topa zurekin. Zorionak”, bota dio aktoreak.
Emoziozko Fucking George! batekin erdi-malkotan erantzun eta, “zenbat eta gehiago egin, orduan eta gutxiago dakit”, onartu du, eta gaineratu du “ziurgabetasuna” dela bere motorra. Horregatik, sari hau “ziurtasun uharte txiki bat niretzat. Bidaiak aurrera jarraitzen du”, amaitu du.
Sergio Basurko