Koldo Mitxelena Kulturuneak, Z365 atalarekin —Donostiako Zinemaldia urte osoan— eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloa amaitu ondoren, edizio honetako solasaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko YouTube kanalean eta Z365ko webgunean egongo dira ikusgai bihartik aurrera, ekainak 28.
Zikloko hirugarren denboraldi honetan, ikasleei eta zinemazaleei zuzenduta, ospe handiko profesionalek parte hartu dute; bertan izan dira Isabel Coixet, Sara Mesa, J.A. Bayona, Belén Atienza, Isabel Herguera, Pablo Berger, Víctor Iriarte, Carlos Muguiro, Elena Martín, Laura Ferrés, Javier Macipe, Belén Funes eta Marçal Cebrián, baita Negu Hurbilak kolektiboa ere.
Goizane Álvarez Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, Zinemagileen arteko Elkarrizketak "solasaldi sorta bat baino gehiago da; sormenerako leiho bat, Gipuzkoa zinemaren mundu liluragarrian murgiltzeko aukera bat". Álvarezek adierazi du, halaber, Koldo Mitxelena Kulturunearen bidez, Kultura Departamentuak "gure lurraldearen zinema ikuspegia aberastu ez ezik, zinemagileen eta entzuleen arteko lotura indartu ere egin nahi duela".
Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloaren hirugarren edizioko saioak aurtengo urtarriletik ekainera bitartean egin dira, eta Koldo Mitxelena Kulturuneak oso positibotzat jo du zikloak izan duen harrera. Adierazi dutenez, "bertaratzea finkatu ez ezik, bertaratuen kopurua igo egin da eta berretsi egin da Gipuzkoarrek zinemarekiko eta, kasu honetan, zinemaren atzealdearekiko duen interesa, baita zinemagileek hainbat arlotan (produkzioa, animazioa, gidoia, etab.) egiten dituzten lanak ezagutzeko interesa ere".
Nabarmentzekoa da edizio honetako berrikuntzetako bat egoitza aldatzea izan dela; izan ere, saioak Koldo Mitxelena Kulturunearen Ekitaldi Areto berrian egin dira, Donostiako Alde Zaharreko Santa Teresa komentuan, non KMKren jarduera garatzen baita, Urdaneta kaleko eraikina zati batean eraberritzeko obrek aurrera jarraitzen duten bitartean.
Bestalde, Zinemagileen arteko Elkarrizketak zikloaren hirugarren edizio honetan, programak bere alderdi pedagogikoa nabarmendu du, eta prestakuntzaren arloan sakontzeko aukera eman du. Hala, jendeari doan matrikulatzeko aukera eman zitzaion, horrela, saio guztietan plaza bermatuta zuten eta jarduera gehigarriak zituzten aukeran. Alde batetik, Rick Prelinger artxibozain, zinemagile, idazle eta hezitzaile ezagunak emandako Euskal Herria galdua eta aurkitua / El País Vasco perdido y encontrado tailer praktikoan parte hartzea. Tailerra artxiboko ikus-entzunezko materialen esku-hartzearen eta muntaketaren ingurukoa izan zen, eta otsailaren 19tik 23ra egin zen. Bestetik, Irla mortu bat / Una isla desierta zikloan parte hartzea; besteak beste, Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotza ibilbideko ikasleek egindako film luze eta laburren proiekzioan oinarritu zen, eta joan den apirilaren 9tik 12ra bitartean egin zen.
Esperientzia horiek irailean amaituko dira Zinemaldiaren 72. edizioan. Bertan, Zinemagileen arteko Elkarrizketak edizio honetan izena eman dutenek Atal Ofizialeko edo Belodromoko emanaldietarako gonbidapenak jasoko dituzte. Gainera, izena eman zuten lehenengo hogeita hamar pertsonek zinemaldiaren argitalpenaren ale bat ere eskuratuko dute.
Komeni da gogoratzea Zinemagileen arteko Elkarrizketak programaren helburua, zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzeaz gain, proiektu baten garapena osatzen duten lanbide tradizionalenak ezagutzera ematea dela, eta, ondorioz, zinema modu kritikoan ikusten eta irakurtzen ikastea, horren inguruabarrak norabide guztietan aldarazten ari diren testuiguru batean.
Zinemaren aldeko apustu hau Koldo Mitxelena Kulturunearen lan ildo nagusiaren baitan kokatzen da: eztabaida, elkarrizketa eta ezagutza. Testuinguru horretan, lan eremu nagusietako bat ikus-entzunezko proiektuen babesa, sustapena eta hedapena da. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua garatzen ari den ekintza guztiak aipatu behar dira: Elías Querejeta Zine Eskolaren sorrera bera, eskola horretan matrikulatzeko bekak, eta Aldundia San Sebastián-Gipuzkoa Film Commission batzordean sartzea.