"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
22 urte zituela, Philippe Bober (Estrasburgo, Frantzia) Mendebaldeko Berlinera joan zen, eta Coproduction Office ezarri zuen bertan, Lars von Trierren Europa nazioarteko ekoizpena muntatzen zuen bitartean (Epaimahaiaren Saria Cannesen, 1992). Ondoren, zuzendari daniarraren The Kingdom minitelesaila eta Breaking the Waves filma (Cannesko Epaimahaiaren Sari Nagusia 1996an) filma ekoiztu zituen.
Laurogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, Boberrek lankidetza iraunkorrak ezarri zituen Ulrich Seidl, Roy Andersson eta Jessica Hausner egileekin, eta haien film guztiak Boberrek ekoitzi zituen harrez geroztik, Seidlen Paradise trilogia, Anderssonen En duva satt på en gren och funderade på tillvaron (Urrezko Lehoia Venezian) eta Hausnerren Little Joe eta Club Zero barne (biak Cannesen lehiatu ziren).
Bober Sarajevoko zinema-jaialdiaren fundatzaile-taldean sartu zen 1996an, eta programazioburu izan zen 1998ra arte. CineLink industriaren bilerak eta work in progressen saila hasi zituen. 2013ra arte, New Currents atala ere programatu zuen, eta talentu berriak aurkitu zituen horren bidez, hala nola Ruben Östlund, 2005ean hautatutako film labur batekin.
Boberrek berrogeita hiru film ekoitzi ditu orain arte, horietako hamahiru Cannesen estreinatu ziren lehian, eta bi aldiz irabazi du ekoitzitako filmekin Urrezko Palma: The Square (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) eta Triangle of Sadness (Perlak, 2022), biak Ruben Östlundek zuzenduak.
Coproduction Officek ekoizpen-dibisioak ditu Parisen, Berlinen, Kopenhagen eta Londresen, bai eta nazioarteko salmentetarako adar bat ere, egoitza Parisen duena. Haren katalogoak Boberrek ekoitzitako filmak biltzen ditu, baita Roberto Rosselliniren eta Konrad Wolfen maisulanen zaharberritzeak ere.
Coproduction Officek gaur egun garatzen dituen eta etorkizunean garatuko dituen filmen artean lehen aipatutako zuzendarien film luzeak daude, baita Ilya Khrzhanovskyiren Dau, eta Susanne Heinrich, Michelangelo Frammartino, Carlos Reygadas, Zapruder, Sergei Loznitsa eta Syeyoung Park zuzendarien hurrengo filmak ere.