"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Leos Carax zinema-zuzendari, kritikari eta idazle frantziarrak hainbat sari jaso ditu jaialdi ugaritan, besteak beste, Les amants du Pont-Neuf (1991), Holy Motors (2012) eta Annette (2021) lanekin. Donostiara itzuli da (Zabaltegi-Tabakalera sailean lehiatuko da) C'est pas moi / It's Not Me bere azken lanarekin, eta film ertain horretan, zinemagileak 40 urtetik gorako filmografiaren autorretratu itxurako berrikuspen bat egiten du eta zalantzan jartzen ditu bere bizitzako etapa nagusiak. Elena López Riera zinemagilearekin izango duen hizketaldi honetan zinemara hurbiltzeko duen moduaren hainbat alderdi partekatuko ditu errealizadore frantsesak ikus-entzuleekin.
*Saioak C'est pas moi / It's Not Me filmaren proiekzioa eta ondorengo hitzaldia barne hartzen ditu.
Elena López Rierak (Orihuela, Espainia. 1982) 2015ean zuzendu zuen bere lehen film labur Pueblo (Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean aurkeztua). Locarnon estreinatu zituen Las vísceras (2016) eta Los que desean (Zabaltegi-Tabakalera, 2018; Suitzako film labur onenaren Pardino d'Oro; Europako Zinemaren Sarietarako izendatua). Bere lehen film luze El agua (Zabaltegi-Tabakalera, 2022) Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatu zen. Horren proiektua Ikusmira Berriak 2018rako hautatu zuten (REC Grabaketa Estudioa saria), eta Cannesko Cinéfondation CNC saria beretu zuen 2019an. Zabaltegi-Tabakalera epaimahaiko kide izan zen 2021ean. Las novias del sur lanak lehiaz kanpo parte hartu zuen Cannesko Semaine de la critique atalean (Queer Palm saria).
Leos Caraxek (Suresnes, Frantzia. 1960) Boy Meets Girl (1984) filmarekin egin zuen debuta (Gazteriaren Saria Cannesen). Hauek zuzendu zituen gero: Mauvais sang (1986), Berlinen Alfred Bauer saria irabazi zuena; Les amants du Pont-Neuf (1991); Pola X (1999), Cannesen lehiatu zena; eta Tokyo! film kolektiboaren segmentuetako bat (2008). 2012an berriz lehiatu zen Cannesen Holy Motors lanarekin (Gazteriaren Saria). Film onenaren eta zuzendari onenaren sariak irabazi zituen filmak Sitgeseko zinema-jaialdian. Caraxen azken film luzeak –Annette (2021)– zuzendari onenaren saria jaso zuen Cannesen, baita César saria ere kategoria berean. C'est pas moi film ertaina Cannes Première atalean aurkeztu zen.