"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldia bigarren etxe baten modukoa da Itziar Lazkano aktorearentzat. Hainbatetan izan dugu Donostian bere azken lana aurkezten: Aupa Etxebeste! (2005), Pikadero (2015), 20.000 especies de abejas (2023)… zerrenda luzea da. Aurten ere Javier Giner eta Elena Trapéren Yo, adicto lanean parte hartu du: “Oso harrera ona izan du gainera, oso pozik nago”. Baina aurten jaialdia beste modu batera biziko du, Euskal Zinemaren Irizar Saria emateko epaimahaiaren kide baita. Eta ez edozein kide, presidentea da: “Ardura handia sentitzen dut, ez pentsa! Asko gozatzen ari gara, baina lana ere bada, eta ondo egin nahi dut. Agendan agindutakoa bete behar dugu eta gero, astirik badago, bestelako jardueretara joan. Dena ikusiko nuke, baina zoritxarrez, ez da posible”.
Lazkano ez da bakarrik egongo epaimahaian: Izaskun Rodríguez ekoizlea eta Joseba Lopezortega ZINEBIko zuzendaria ere horren parte dira. Erabakia hartzea oso zaila izango dela nabarmentzen dute hirurek, kalitate handiko lanak direlako denak ala denak. Lopezortegak dioenez, “pelikula guztiek hitz egiten dute. Film bat ikusten duzunean zerbait esaten dizu berehala, besteak beste, non egon nahi duen. Baina oinarri bat badaukagu epaimahakide moduan: euren esfortzua errespetatzea ezinbestean”. Hori ere azpimarratzen du Rodríguezek, proiektu guztien atzean ilusio eta energia handia dagoelako: “Gainera haietariko asko opera primak dira. Txapela kentzeko modukoa da, ikus-entzunezko lan bat egitera animatzea. Eta gainera kalitate handikoak dira, ez dugu esaten esatearren”.
Lan denak “bikainak” badira ere, guztiek ezin dute saria irabazi. Bakarrak irabaziko du. “Nik ri bat eta bederatzi nominazio eskainiko nituzke”, dio Lopezortegak barre artean, “guztiek badaukatelako zerbait nabarmentzekoa”. Hala ere, hari amankomun bat ikusi dute film gehienen artean. Konturatu direnez, askotan agertzen da iraganean arakatzeko beharra, edo senideren bati omenaldia egiteko gogoa. Oso adierazgarria iruditu zaie: “Badirudi belaunaldi honek baduela gogoa iraganeko istorioak azaleratzeko”. Faltan bota dituzte fikziozko lanak, gehienak dokumentalak direlako: “Agian dokumentalak ekoiztea errazagoa delako ekoizteko”. Rodríguezek ere gaineratu du: “euskarazko film gehiago ere egotea faltan bota dut”.
Zinemaldia filmak proiektatzea baino askoz gehiago da. “Batez ere topalekua da”, Lopezortegaren iritziz. Ilusioz ikusi du ZINEBIko foro dokumentalean parte hartu duten hainbat film Donostian ikusteak: “Zoragarria da egindako lana loratu dela ikusteak”. Jaialdiaren antolakuntza barrutik ikusteko aukera ere eskertu du bilbotarrak. Loreak ere kasu honetan, Zinemaldiarentzat: “Gonbidatuen kudeaketa, agendak, ordena… Antolakuntza bikaina dago”.
Rodríguez, bere aldetik, doktoretza-tesia egiten ari da emakumezko gerra-korrespontsalak AEBko zinean nola irudikatu dituzten aztertzeko. Eta, Zinemalditik ere lortu du etekinik ateratzea: “Almodovarren filma ikusi dut eta gauza oso interesgarriak topatu ditut. Pare bat gai oso egokiak izan daitezke nire tesiarentzat”. Rodríguez gerra-korrespontsalen segurtasuna aztertzen duen proiektu baten parte ere bada. Ezinbestean, Palestinak bizi duen egoera ere atera da: “Zoritxarrez, SOS Gaza honi gehitu beharko diogu SOS Libano. Izugarria da gertatzen ari dena, etsigarria”.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea