"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bere burua definitzeko eskatzen ziotenean, Eduardo Chillidak honakoa esateko ohitura zuen: “Zuhaitz baten modukoa naiz: sustraiak bere herrialdean izanagatik, adarrak mundura zabalduta dauzkana”. Ehun urte bete dira aurten eskultorearen jaiotzetik, eta efemeridea baliatuta, Ciento volando filma aurkeztuko du gaur Arantxa Aguirre zuzendariak Zinemiran.
alenak ez du aurkezpen beharrik, aski ezaguna da bere lana, bere eragina, bere ondarea. Baina oraindik sekretuak gordetzen ditu, ezagutu gabeko istorioak, zirrikituak. Aguirrek hainbat jaso ditu dokumental honetan, Chillida Lekutik bertatik gehienak. Nondik bestela: “Chillida Leku magikoa da, museo bat baino askoz gehiago da. Bera ez dago gure artean, baina Eduardorengana hurbiltzeko modurik onena hori da”. Ez bazara Chillida Lekun egon, filmak bertara joateko gogoa piztuko dizu. Eta bertan egon bazara, bisita errepikatzeko: “Niri oso garrantzitsua iruditzen zait lekuetara bueltatzea. Are gehiago, eskulturak aire zabalean daudenean: argia aldatzen delako, koloreak, urtaro ezberdinak…”.
Filma sortzeko orduan adituen parte-hartzea izan du Aguirrek, asko artearen munduan erabateko erreferenteak direnak. Baina bestelako adierazpenak ere jaso ditu, normalean pantaila handietan agertzen ez diren horietakoak. Esate baterako, Chillida Lekuko langileena: “Oso esanguratsua iruditzen zitzaidan, bertara joaten baitira egunero, guk baino hobeto ezagutzen dute ingurua, eta merezi zuela pentsatu nuen. Eta horrela izan da, pista eta gako ugari eman dizkidate”.
Su txikian egindako dokumentala da. Edo, Chillidaren unibertsoari tiraka, mareen erritmoan sortutakoa, itsasgoran eta itsasbeheran. Modu horretan bakarrik uler daitekeelako eskultorearen mundua: “Gaur egun gure gizarteak erritmo bizia du, ez dugu ezertarako astirik. Chillidaren erritmoan pelikula bat egitea arriskutsua zen, baina arriskatzea erabaki dut. Eta uste dut publikoak eskertuko duela hori, batzuetan nahiz eta ez konturatu, erritmoa baretzea faltan dugulako”.
Erritmo lasai horren gidari lanetan Jone Laspiur aktore eta abeslari polifazetikoa ageri da. Bat-bateko kontrastea Chillidaren mundu berezian: begirada gaztea, modernoa, eta, aldi berean, kuriosoa. “Ikuspegi gazteagoa ere gehitu nahi nuen, kontrastea gehitzeko, kontrasteak behar ditugulako bizitzan eta artean, gauzak aspergarriak ez izateko. Eta emakumea ere izatea nahi nuen, hitz egiten ari garen artista gizona delako, eta orekatzeko”. Aguirrek ez zuen zalantzarik izan Laspiur hautatzerakoan; haren semearekin ikasi zuen antzerkigintza, eta takada batean harrapatuta geratu zen. “Oso persona sentikorra dela iruditzen zait, etorkizun handia izango duena. Aktoreek duten ezaugarririk zailena berak baduela uste dut: entzuten jakitea”.
Eta, nola ez, filmean ere chillidatarrak edo eskultorearen senideak agertzen dira, bere obran eta bizitzan horren presente egon direnak. “Pilar Belzunce ezinbestekoa da Eduardo ulertu ahal izateko. Beti zeuden elkarrekin; eta ez dut esango Pili Eduardoren atzean zegoenik, hori ez da egokia, elkarri osatzen zioten, biek ala biek”.
Dokumentalak munduko estreinaldia izango du gaur Zinemaldian. Donostian izan behar zuen, noski: “Hori amesten genuen… eta hala izan da”. Euria espero da, sirimiria, lainoak eta argi iluna. Chillidak horrenbeste maite zuena.
Julen Nafarrete Aurrekoetxea