Zinemira sailean bederatzi filmek parte hartuko dute Zinemaldiaren edizio honetan. Aurten sail honetako film guztiak dokumentalak izango dira, eta horietako zortzik mundu mailako estreinaldia izango dute Donostian. Hortaz, zortzi film horiek Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagaiak izango dira, Sail Ofizialeko Soy Nevenka (Iciar Bollain) eta New Directors saileko Azken erromantikoak (David Pérez Sañudo) lanekin batera. 20.000 euroko saria izango dute zain.
Raúl de la Fuente zuzendariaren Los Williams lanak emango dio hasiera Zinemirari, gaurko inaugurazio ekitaldian bertan. Film luze dokumental honek futbola eta migrazio-istorioak elkartzen ditu, Iñaki eta Nico Williams Athleticeko jokalari eta anaien bizitza oinarri hartuta. Azken edizioetan De la Fuentek hainbat lan aurkeztu ditu Zinemaldian, eta 2018. urtean Publikoaren Saria irabazi zuen Un día más con vida (Perlak) lanari esker.
Aurten Zinemiran hiru lan izango ditugu euskara hutsean. Pello Gutierrez Peñalbaren Erreplika filmak Zikuñagako Amaren desagerpenaren istorio bitxia kontatzen du. Misterio horrek Hernanin zalaparta handia sortu zuen, denon ahotan dagoen sekretua bihurtu den arte. Naia Lakak zuzendutako Zortzitik infinitura dokumentalean Benito Ansola zinemagile lekeitiarrak egindako lana aitortzen da, Miren Agur Meabe idazlearen eskutik. Ansola Euskal Zine Bileraren sortzaileetariko bat izan zen eta Euskal Herrian herriz herri ibili zen zine forumak dinamizatzen eta euskarazko zinema bultzatzen. Azkenik, Indarkeriaren oi(h)artzunak lanean Amaia Merinok eta Ander Iriartek Tamara Muruetagoienaren kasua dute hizpide, Estatuak haren aita Esteban torturapean hil zuenetik 40 urte betetzen direnean. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen −horregatik ez da hautagaia Irizar Saria jasotzeko− eta bertan harrera bikaina jaso zuen, Publikoaren Saria eskuratuz.
Beren lehenengo ikus-entzunezko lana aurkeztera ere etorriko dira hainbat zinegile Zinemira sailera. Horren adibide dira, Nere Falagan eta Jone Ibarretxe bizkaitarrak, Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) lanarekin. Ibarretxe anaiak aitzindariak izan ziren Euskal Herrian, zine bihurri eta umoretsua egin zutelako, baina beti ere beren izaerari uko egin gabe, merkatuaren arauetara egokitu barik.
Aurten 40 urte beteko dira La Bola de Cristal telebista programa ezaguna hasi zenetik, eta Los poderes de Lolo (Itziar Bernaola Serrano, Miguel Alba Rico eta Nino Fontán Allen) filmak Lolo Rico programaren sortzaile eta arima izan zenaren istorioa kontatzen du. Inguru kontserbadore batetik ihes egin eta Ricok gizarteak ezarri nahi zizkion arauak hautsi zituen.
Bilbo eta La Habana artean gauzatzen da Ernesto del Rio zuzendariaren Ese mundo que no te nada film luzea. Del Riok emakume eta gizonen arteko harremanen zailtasunak kontatzen ditu, egoera politikoa eta prekarietate ekonomikoa testuinguru moduan hartuta.
Jone Laspiurren begiradapean, Ciento volando (Arantxa Aguirre) filma Eduardo Chillida eskultore ezagunaren lanera gerturatuko da. Chillida Lekun bertan hainbat elkarrizketa eginez, artista donostiarraren ibilbidea aztertuko du, ertz eta ikuspegi ezberdinetatik.
Zinemira oso proposamen bereziarekin amaituko da: Carmen Chaplin zuzendariaren Chaplin espíritu gitano. Bertan, Charles Chaplinen jatorri erromani edota ijitoa azaleratzen da, modu esklusiboan lan honetarako lortutako irudi eta elkarrizketetatik abiatuta. Lan hau izango da klausura ekitaldiko filma.
Guztira 20 obra −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta, Zinemiraz gain, ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala.
Julen Nafarrete Aurrekoetxea