"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hirugarren film luzea du Gia Coppolak, Francis Ford Coppola ezagunaren bilobak, eta badirudi ari dela gero eta trebezia gehiago hartzen, kontuan hartuta 23 urterekin zuzendu zuela bere lehen film luzea. 37 ditu orain, eta Pamela Anderson aukeratu du protagonista gisa.
Anderson esker oneko agertu da jasotako aukeragatik. “Inoiz ez zait horrelako paperik eskaini, oso hunkituta nago. Papera asko interesatu zitzaidan eta oso gertukoa sentitu nuen”. Gia Coppolak esker ona itzuli dio. “Ez zegoen Pamela baino aktore hoberik rol hori interpretatzeko. Beste inork ezin zuen Shelly gorpuztu”.
Filmean leku hori betetzeko nahia ere adierazi du. “Giak gidoi honekin deitzea bedeinkapena izan da, oso inspiratua eta eskertua sentitu nintzen. Banekien gehiago egin nezakeela, beraz, niretzat une zirraragarria da”.
Ikuskizun areto batean egiten du lan protagonistak, baina ixtera doa lokala. Emakumeak 57 urte ditu, 30 daramatza bertan lanean, eta galduta aurkituko du bere burua, gainontzeko konpainietan ez baitute kontratatuko, talenturik ez duelako eta ‘zaharra’ delako. Ezer gabe geratuko da, beraz. Aspalditik ez da alabarekin bizi; bizitzatik alderatu zuen, gauero aretora lanera joan behar izaten zuelako. Orain, bizitza birplanteatu eta lanpostu berri bat bilatzearekin batera, alaba berreskuratzen ahaleginduko da.
Pamela Andersonek filmean jokatutako rolaren eta bere benetako bizipenen arteko harremanaz hitz egin du. “Harreman handia dut pertsonaiarekin, esperientzia pertsonalak baliatu ditut, hurbil ikusten dut neure buruarengandik. Bizi izan dudan bizitza honek gidoiarekin lotzen ninduen. Hamarkada batzuk galdu ditut nire lanbide bizitzan eta aukera eskaini zidatenean horrelako paper bat egiteko, nire azken aukera izan zitekeela pentsatu nuen”.
“Nire ibilbidearen parte handi bat nire itxura fisikoaren menpe egon da, eta hori izan da neure buruarekin esperimentu hau egiteko arrazoietako bat. Geruzak kendu ditut, nor naizen gogoratu, uko egin diot besteek ni definitzeari, eta lanbide honetan aritzeko bizipozari eutsi diot”, adierazi du Andersonek harro.
Zuzendari estatubatuarrak film hau egiteko arrazoiak azaldu ditu. “Las Vegasen pelikula bat filmatu nahi izan dut beti. Show-nesken mundua beti interesatu izan zait. Oso arte-modu berezia da jantzi distiratsu eta lumadunez jantzitako dantzari hauena. Las Vegasen ikur moduko bat dira”. Metafora bat egin du Andersonek: “Las Vegas, egunez makillajerik gabeko emakume bat bezala da, hauskorragoa da”.
Zuzendariaren hitzetan, “amets amerikarraren metafora bat da” filma, “dena ez baita urre; jende askok dauka bizimodu hori”. Halaber, iritzi dio artistentzat zaila dela amets baten bila abiatzea, bereziki emakumeen kasuan, eta asmo hori bertan behera noiz utzi erabakitzea ere bai, “errealitatearekin talka ere hor dagoelako eta beti ezin baita bizimodua horrela aurrera atera”.
Izan ere, alabak bere amaren show-a ikusten duenean jartzen duen aurpegia ikusita, ulertzera ematen da, edo gutxienez alabak iradoki duena zera da, halako entretenimendu aretoek geroz eta leku gutxiago dutela gizartean.