"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bigarren urtez jarraian Christos Nikou zuzendari greziarra izan dugu Zinemaldian. Aurten ez dator pelikularik aurkeztera –iaz Fingernails lanarekin parte hartu zuen Sail Ofizialean, eta FIPRESCI saria eskuratu zuen–, baizik eta Sail Ofizialeko epaimahaikide moduan parte hartuko du. Maiteminduta agertu da Donostiarekin, Zinemaldiarekin, hemengo publikoarekin… eta gazta-tartarekin.
Aurten ere Donostiara etorri zara baina beste egiteko batekin. Zinemaldiaz gozatu ahal izango duzu, baina modu ezberdin batean…
Bai, hala da, ezin dut esan zein aukera nahiago dudan. Pelikulak zuzentzea gustoko dut, nire pasioa da, baina, aldi berean, zinemazale sentitzen naiz zinemagile baino gehiago. Egunero bi pelikula ikusten ditut, gutxienez. Beraz, epaimahai batean parte hartzen dudanean, beti disfrutatzen dut.
Filmak ikusten hasi zarete dagoeneko… sorpresarik hartu duzu?
Momentuz lau lan ikusi ditugu. Batzuk ezagutzen nituen aldez aurretik, jaialdietan egon direlako, edo zuzendarien lana ezagutzen dudalako. Baina, aukeran, beti saiatzen naiz gehiegi jakin gabe pelikulak ikustea, burua ez kutsatzeko.
Autodidakta zara filmak sortzerakoan. Epaimahaikide moduan ere, zure bide propioa bilatzen duzu?
Pelikulak ikusten ditudanean, beti bilatzen dut zuzendariaren nortasun propioa. Baina, aldi berean, niretzat garrantzitsuena da ikus-entzunezko batek zerbait eragitea, bihotzeraino heltzea. Arazoa da, eta hau gertatzen da askotan jaialdietan, antzematen da pelikula batzuk jaialdietan hautatuak izateko eginda daudela, nabari da ez daudela bihotzarekin eginda, baizik eta buruarekin.
Iaz Fingernails lanak harrera bikaina izan zuen Zinemaldian. Nola baloratzen duzu pelikulak ostean izan duen ibilbidea?
Egia esateko, filma Apple-ri saldu genion Donostian aurkeztu orduko, eta oso jaialdi gutxitan egon da. Zine-aretoetan ere bi hilabetez egon da bakarrik. Tamalez, ez zuen izan espero genuen ibilbidea zine aretoetan. Baina hau streaming plataformekin gertatzen ari den arazo orokorra da: filmei ez diete uzten bizitzarik izaten. Pelikulak zinema-aretoentzat eginda egon beharko lirateke, baina hori galtzen ari da. Areto ugari ixten ari dira leku guztietan, eta uste dut bultzada eman behar diegula. Donostian behintzat, gustatzen zait publikoa oso pasionala dela. Pelikulak maite dituzte, ez dira proiekzioetatik joaten… nabari da hemen zinema babesten dela.
Ez du zerikusirik, film bat etxean ikusteak edo zine-aretoetan…
Zalantzarik ez, aretoetan ezin dugu telefonorik kontsultatu. Ni neu ere, etxean nagoenean, sakelako telefonoa ateratzen dut, zinemagile eta zinemazale amorratua izan arren.
“Greziar zine berri”-ko kide hartu zaituzte, eroso sentitzen zara kategoria horretan?
Iruditzen zait hori kazetariek sortutako sailkapena dela, baina ez dela erreala, euren sailkatzeko behar bat baizik. Yorgos Lanthimos-en zinearekin hasi zen dena, baina iruditzen zait estilo hori berea dela, ezin dela izendatu “estilo greziar” moduan.
Proiektu berri bat lantzen ari zara… zer aurrera dezakezu?
Bakarrik esan dezaket esaldi bat: Background deitzen da eta 1994. urtean denok ezagutzen ditugun hiru pelikuletan parte hartu duten hiru figuranteri buruzkoa da.