"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
“Izugarria da Argentinako Gobernuak zinemarekiko eta oro har kulturarekiko adierazten duen gorrotoa. Proiektuak eten eta laguntzak emateari utzi dio erabat”, haserre mintzo zaigu New Directors Epaimahaiko kide argentinarrak. Baina gatozen Donostiara ekarri duen egitekoaz hitz egitera.
Lehenik eta behin esan dezagun Eduardo Cresporen Nosotras nunca moriremos filma Urrezko Maskorrerako hautagai izan zela 2020an eta geroztik harreman estua izan du Donostiarekin. “Oparia izan zen epaimahaikide izateko deitu nindutenean. Ikusmira Berriak programaren erresidentzia batean parte hartu nuenean oso jende abegikorra zaretela ohartu nintzen. Ez nahi bezainbeste baina aldian-aldian Donostiara etorri naiz. Orain, aldiz, arraro samar sentitzen naiz epaimahai garrantzitsu baten parte izateagatik, eta gainera, uste dut ez dela erraza besteen lana epaitzea”, apal esan du.
Apenas izan du astirik beste epaimahaikideak ezagutzeko baina “horretan ari gara; elkar ezagutzen eta gutxieneko funtzionamendu arauak zehazten. Eskarmentu handiko profesionalak dira, herrialde eta zinema-lanbide ezberdinetakoak. Nire lehenengo lanak guztiz independenteak ziren, beraz, ondo ulertzen ditut zuzendari berri baten atakak”. Diruz hornituta dagoen New Directors saria bultzada handia izan daiteke zuzendari batek bere hurrengo pelikula gauzatu, edo behintzat, bideratu dezan. “Horregatik, txukun egindako filmak baino edozein zentzutan arriskua hartu duten zinegileen lanak lehenetsiko ditut. Lehen edo bigarren film batek ez du zertan perfektua izan behar. Baina, bai kontatzen duenagatik nahiz pertsonaien eraikuntzagatik pelikulak ‘zeharkatu’ egin behar nau”, azaldu digu Eduardo Crespok.
Argentinarrak, orain esaten den bezala, multitaskingtzat du bere burua. Orain bi urte Entre Ríoseko zinema-jaialdiko zuzendari artistikoa da, beste zuzendarien filmetan argazki-zuzendari dihardu eta oro bat bere zinema-proiektuak aurrera ateratzen saiatzen da: “ofizio honetan denetarik egin behar da bizimodua ateratzeko”.
Gaur egun bere film berria garatzen ari da, La gruta del viento, 2021ean Ikusmira Berriak programarako hautatua izan zena. “Datorren urtean hasiko da filmaketa, Italian”.
Hasierako iruzkinaren harira, Crespok bihotzez eskertzen du Zinemaldiak argentinar zinemari eskaintzen dion sostengua: “salbuespeneko egoeran bizi gara, Gobernuak bizkarra eman dio zinemari, baina hiri handietatik kanpo hasi dira kultur-kimu berriak sortzen”. Ez da gaitzik, onik ez dakarrenik, behintzat.
Sergio Basurko