"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Palermon gaude filmaren hastapenetan. Ez daki berak hori gertatu behar duenik, baina hiltzear den Varga prokuradorea Kaputxinoen katakonbetan da. Bertan , XVIII. eta XIX. mendeko goreneko jaunen gorpuak gordetzen dira. Hauts bihurtu dira hamaika. Beste ziento, aldiz, oraindik daude urrezko hariz jositako arropekin jantzirik, orain beren hezurretako hil-oihalak baino ez diren errege-kapa eta meza-jantzi horiekin.
Palermoko herriak jakin badaki Varga prokuradoreak maiz bisitatzen dituela leize horiek. Herriak dioenez, usatua da bizidunen kontuak hildakoei kontatzera. Asmatu gabe, antzeman gabe, irudikatu gabe paseo horren azken bueltan bera gorpu txit agurgarri horietako bat bilakatuko denik; pentsatu pe, bere gorpu txit agurgarri hori mugarri izango denik eta bere hilketa Leonardo Sciasciaren Il contesto. Una parodia izenburuko fabulari eta Francesco Rosiren Cadaveri eccellenti filmari hasiera emango dienik.
“Sicilia en el corazón” poemak eta “El mar de color de vino” ipuinak idatzi izan zituen sortzailea saiatu zen bere nobela poliziako-politikoa izenik gabeko, maparik gabeko, banderarik gabeko herrialde batean kokatzen. Alta, ez irakurleok ez ikusleok ez dugu duda izpirik, Italian gaude eta bai nobelak, bai filmak Italiako ‘berunezko’ urte haietan arrazoitu, azaldu ezinekoak ziren/diren gertaerak kontatzen dituzte berunezko urte horietan pistolak mintzatzen ziren eta alderdien arteko hitzarmenak perilosoak, misteriotsuak, zikin nahikoak ziren. Agian ez zenekien nork bahitzen zintuen, zeinek hiltzen zintuen. Baina bahi tzen zintuzten. Baina hiltzen zintuzten eta, hiltzailea, bahitzailea ezagutzen zireneko une eskasetan ere auskalo nork, auskalo zerez estali egiten ziren izenak, estali zioak, estali negoziazioak…
Horrek guztiak tokiko, bertako, hurbileko literatura eta zinema mota propio bat eragin zuen, giallo bezain fama/mira handikoa, Frantziako polar bezain ospe ilunekoa, poliziescoa, Rosiren Cadaveri eccellenti genero horren eredurik, ispilurik gardenetako/opakuenetarikoa dela. Eta ez bakarrik thriller politiko on baten baldintzak betetzen dituelako (betetzen dituela, konplotak, goreneko boterearen, erdikoaren, azpikoaren erretratua, komunismoari beldur/gorrotoa, kristau-demokraten ezintasuna, mafiaren itzal luzea, aberatsen pribilegioak, herriari eginiko irain etengabeak, gazteen amorrua, kaleak sutan, isilgailudun pistolak…) baizik eta zinema bezala maisulan osoa delako. Nola definitu bestela kamera momia baten ahoan sartzeko ausardia duen filma? Nola egin uko garai hartako lotegi-hiriak, arkitektura berriaz eta berriak sortu horiek islatzeko abileziari, Rosik eta bere lantaldeak zinema paisaia bihurtzeko izan zuten gaitasunari?
Poliziesco. Nolatan ez litzateke izango genero horren etsenplu garbia Il caso Mattei, Salvatore Giuliano, Lucky Luciano bezalako lan parekorik gabeak sortu izan zituen zinemagile batek egina bada? Nolatan suak harturiko lur baten, herri baten, azpiko, erdiko, goreneko, ezkerreko., eskuineko botereen potreta bada? Nolatan Lino Ventura, Max von Sydow et Fernando Rey bertan badira? Nolatan batzuek eta besteek ahoskaturiko mezu politikoen garraztasun ustela (Egia ez da beti, ez, iraultzailea…) lur jota uzten bazaituzte gaurko gari gureetan ere? Nolatan ez izan poliziescoren mugarrietako bat Antonionirekin, Fellinirekin, Taviani anaiekin, Angelopoulosekin lan egindako Tonino Gerrarena bada gidoia eta Morte a Venezia ko argi/itzalak asmatu/ames(gaizto) tu zituen Pascualino Di Santisek kontrolatu baitzituen hemengoak?
Ilustrious Corpses, Gorpu txit gorenak. Eccellenti. Parodia bat. Ere bai.
Begoña del Teso