"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
John Ford bizirik dago, eta Lekeition bizi da. Cowboy kapela jantzi beharrean, txapela du; eta westernetan parte hartu beharrean, elizan egoten da, mezan. John Ford ezinezarekin deitzen zuten Benito Ansola euskal zinegile eta abadea bere ikasleek, eta bere istorioaren inguruko Zortzitik Infinitura filma sortu du Naia Laka zinegile lekeitiarrak. Gaur aurkeztuko da Zinemiran.
heldu da Donostiara bere lehenengo lana aurkeztera: “Ardura handia sentitzen dut, baina oso pozik gaude”. Laka ez da estreinaldira bakarrik etorriko, Ansola 96 urteko zinegile eta zinemazale amorratua berarekin etorriko da. Ez da bere lehenengo aldia izango Zinemaldian: 2005. urtean Amalur Saria jaso zuen, zinemagintzaren alde egindako lanagatik. Aupa Etxebeste! estreinatu zen urte berean, bere lanik maitatuenetakoa.
Benitoren lana aitortu nahi izan du Lakak: “Denok ezagutzen dugu Lekeition eta Lea Artibai inguruan, zinemazale eta zinegile moduan egin duen ekarpenagatik. Euskal Zine Bileraren sortzaileetako bat izan zen, zine-klubetan ibili zen herriz-herri…”. Zinemaren eta, batez ere, euskarazko zinemaren aldeko inurri-lana egin zuen lekeitiarrak. Horri esker ere egin du aurrera euskarazko zinemak: hamaika inurriren lan, militantzia eta konpromisoari esker.
Euskal Zine Bileraren ekarpena ere gogoan izan du Lakak. Aurten Lekeitioko jaialdiak 47. edizioa biziko du: “Horrelako jaialdiak ezinbestekoak dira zinegile hasiberrientzat, hor sortzen da harrobia, hortik igaro dira dokumentalean parte hartu duten zinegile gehienak: Esti Urresola, Asier Altuna, Paul Urkijo…”.
Euskal Herrian erreferenteak diren zinegile ugarik parte hartu dute Lakaren dokumentalean, Miren Agur Meabe idazlea elkarrizketatzaile dutela: “Oso aberasgarria izan da, ez nuen espero horrenbeste izen handi lortzea. Pozik ez, oso pozik nago”.
Izan ere, Benito Ansolaren figura goratzeaz gain, euskarazko zinemaren egoeraren inguruko gogoeta ere egin nahi izan du zuzendari gazteak. Baikor agertu da, baina tentuz. Euskal zinemaren loraldia dirudiena baino ahulagoa izan daitekeelako: “Etorkizuna badago, baina kezka ere bai. Argi dago bultzadazko garai bat bizitzen ari garela, argi geratu delako hizkuntza ez dela oztopo nazioartera gure pelikulak eramateko. Frankismo amaieran euskaraz sortzea ezinezkoa zen, ez zen posible ezer egiterik. 50 urte bakarrik pasatu dira, eta orain euskal pelikulak Oscarren atarian daude. Nik uste dut badagoela etorkizun bat, baina Jose Luis Rebordinosek dokumentalean esaten duen bezala, arretarekin jarraitu behar dugu euskal zinema, kontu handiz”. Euskarak, hizkuntza gutxitua izanik, zaila baitu oraindik orain pantaila handietara heltzea. Lakarentzat, beharrezkoa da bultzada egiten jarraitzea: “Argi dago inurri-lana ezinbestekoa dela, profesionalizazioa ere bai… baina behar dugu erakundeen konpromisoa eta finantziazioa areagotzea”.
Benito Ansola John Ford izateaz gain, On Benito ere bada, hau da, abadea. Zinea eta erlijioa uztartu ditu lekeitiarrak. Lakak azaltzen duenez, “abade bihurtu baino lehen ezagutu zituen zineak Bilbon, eta, beraz, arinago piztu zitzaion zineekiko zaletasuna”. 1928. urteko abuztuaren 13an jaio zelako izango da agian, Aldred Hitchcocken egun berean, alegia.
Julen Nafarrate Aurrekoetxea