"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Duela hogei urte baino gehiago Sous le sable filmarekin etorri zen lehenengoz Donostiara Françoise Ozon zinemagile frantziarra. Harrez gero, bere filmografia luzeko pelikula gehienak ekarri izan ditu Zinemaldira, atzo Sail Ofizialeko lehian aurkeztutako Quand vient l’automne azkena delarik. Oraingo honetan familiako harremanen toxikotasunaren azterketa sotil batekin itzuli da, prostituta gisa iragana duten adineko bi emakumeren eta beren seme-alaben istorioaren bidez.
Michelle sasoi betean dagoen emakumea da, erretiro lasaia bizi duena Borgoinako herrixka batean; Marie-Claude –bere lagunik onena– ere hor bizi da. Valérie –bere alaba– etorriko zaio ikustera, Lucas biloba eskola-oporretako aste osoan uzteko asmoz. Gero gertatzen den guztiak zorigaitzaren ondorio dirudi (basa-perretxiko toxikoak prestatzen ditu), baina zalantzaren itzala hazi egiten da eta, bere horretan jarraituko du baita filma amaitzen denean ere.
Pierre Lotin, Josiane Balasko, Hélène Vincent eta Ludivine Sagnier aktoreekin batera agertu da Ozon prentsaren aurrean, eta azaldu duenez, “batzuetan akatsak egiten ditugu omisioagatik. Batzuetan baliagarria da egia ez jakitea. Ikuslearen adimenaren aldeko apustua egin dut” elipsiaz beteriko trama garatzeko. “Bizitzan gauzak gaizki interpretatzen ditugu eta horretaz urteen buruan konturatzen gara”
Familia gatazkez eta isilpean gordetzen diren kontuen toxizitateaz dihardu Ozonek filmean. “Bi emakume hauek arazoak dituzte euren seme-alabekin, eta niri interesatzen zitzaidan erakustea garrantzitsuena gu sortuz goazen familia hori dela, eta ez odol loturek dakartena”. ziurtatu du.
iurtatu du. Ozonen ‘udazkeneko’ filma urtaro hura hasten den egunean aurkeztu da, hain zuzen ere, eta adierazi duenez, adineko emakumeen pertsonaiak “zineman ikusezin bihurturik daude eta protagonismoa eman nahi nien”, eta hori eskertu diote Balaskok eta Vincentek.
Bi antzezleak euren pertsonaiez hitz egin dute. Hélène Vincentek proposamena iritsi zitzaionean “izugarri hunkitu” zela esan du, “ez baita ohikoa horren rol sotila eskaintzea jada gaztea ez zarenean. Oso gutxitan gertatzen da. Adin bat duzunean, ematen du ez duzula ezer kontatzeko, baina Françoisek badaki gazteekin eta adinekoekin lan egiten, bideak irekitzen ditu gu guztiontzat”, adierazi du.
Bere aldetik, Balaskok Ozonen oso zalea dela eta “zerbait idatzi dut eta paper bat daukat zuretzat” esan zionean “ederki, egin dezagun, aurrera” besterik ez ziola erantzun azaldu du. “Françoise arriskatu egiten da, generoak eta estiloak aldatzen ditu eta Marie-Clauden pertsonaiak, adibidez, tragedia klasiko bati jarraitzen dio. Françoisek ez zigun ezer argitzen, guk pertsonaiek zituzten zalantza berberak genituen”, argitu du.
Eta zalantza horiekin geratuko dira baita ikusleak ere.
Sergio Basurko