"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lehenengo ideiatik pantaila handiraino. Donostiako Bideberri Institutuko DBH4ko ikasleek Zinekin programaren bigarren edizioan parte hartu dute aurten, eta atzo aurkeztu zuten jendaurrean lehenengo aldiz aste hauetan egindako lana. Trueba Zinemetan egin zen aurkezpena, eta aretoa leporaino egon zen: ikasleak, senideak, babesleak… eta ilusio ugari. Tira, urduritasun apur bat ere bai. Antonio de la Torre aktorea izan zuten gainera, ohorezko ikusle moduan. Kategoriako gonbidatua, kategoriako proiekziorako.
Zaragüeta Zulaica Fundazioa da programa honen antolatzailea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetza Departamentuaren laguntzarekin. Euren helburua argia da: zinearen bidez kultur integrazioa eta kohesioa lantzea, zaurgarriak izan daitezkeen kolektiboekin. Aurten 14-17 urte bitarteko nerabeekin egin dute lan, 25 nazionalitate ezberdinetakoak. Blanca Zaragüeta fundazioko kideak azaldu duenez, “gazte hauetako batzuk orain dela bi urte heldu ziren, baina beste batzuek bizpahiru hilabete bakarrik daramate hemen”.
Azken asteetan egindako bi film laburrak proiektatu zituzten atzoko emanaldian: La influencer eta Tiroteo. Bi lan erabat ezberdin, nerabeen kezken eta arazoen ispilu izan daitezkeenak: sare sozialak, estetika, itxurakeria… eta akzio filma ere bai, noski. Hamar astez ibili dira lanak sortzen, film bat sortzeko urrats guztiak zeintzuk diren ikasiz: “Dena egin dute eurek, kontatu nahi duten hori zer den erabaki, aurre-produkzioa, filmaketa, post-produkzioa… dena”. Larrotxene Kultur Etxearen laguntza ere eskertu nahi izan dute, bidean eskaini dieten babesagatik.
Baina filmeen emaitzan baino, prozesuan jarri dute arreta antolatzaileek: “Zinea irekitzeko modu bat da, oso esperientzia sakonak dira, oso intimoak, eta hori elkarrekin konpartitzea oso aberasgarria da”. Prozesu osoari txapela jarri zioten atzo, eta bakoitzak klaketa bat jaso zuen oroigarri moduan. Badago harrobia Bideberri institutuan. Ba hiru, bi, bat… ekin!
Julen Nafarrete Aurrekoetxea