"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiak, Donostia International Physics Center erakundeak (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak antolatutako jarduera batean, zinema eta zientzia lotzen dituen film baten emanaldira joan ahalko dira 6-11 urteko milaka haur belodromoan. Oraingo honetan, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak bizitza estralurtarra izango du ardatz, zinemarako hain klasikoa eta, aldi berean, zientzia modernorako gaur-gaurko gaia berau.
Belodromoko pantailak Alan giza antena filmaren emanaldia hartuko du. Amalie Næsby Fickek zuzendutako animaziozko filmak neska estralurtar baten istorioa kontatzen digu: hamaika urteko mutiko bat eta objektu hegalari ezezagunetan espezialista den haren bizilagunarekin diharduena. Filma euskarara bikoiztuta emango da eta, halaber, aurkezpen original bat izango du, hainbat ezustekoz betea. Saioetan zehar, belodromoa bat-bateko behatoki astronomiko inprobisatu bihurtuko da une batez, unibertsoaren eskergatasunarekin konektatzeko eta, ikuspegi zientifiko batetik, beste planeta batzuetan bizia existitzeko probabilitateari buruz geure buruari galdetzeko.
EHUko Naiara Barrado-Izagirre astronomoa izango da edizio berri honetako zientzialari gonbidatua. Barradok hainbat urtez geroztik egiten du lan Bilboko Ingeniaritza Eskolako Planeta Zientzien Taldean, Jupiterren dinamika atmosferikoa aztertzen. Horretarako, misio espazialen datuak erabiltzen ditu, hala nola Hubble espazio teleskopioa eta Cassini, Juno eta halako zundak, bai eta Lurrean kokatutako teleskopio ugarien behaketak ere. Barrado-Izagirrek gidatu egingo gaitu emanaldien aurreko bidaia kosmiko honetan.
Sergio Basurko