Bideo Jaialdiaren funts dokumentala 170 dokumentazio-espedientez osatuta dago, besteak beste, artista, enpresa eta partikularrekin izandako posta-trukea; funtsa Artxiboaren katalogoan txertatu da, eta oso-osorik kontsultatu daiteke bertan. Funts horren osagarri gisa, Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren webgunean Historiak #11 izeneko testu bat argitaratzen da, 1982tik 1984ra Guadalupe Echevarríak zuzendutako ekimen aitzindari hori taxutu zuten erabakiak eta kuradoretza-proposamenak xehatzen dituena. Echevarríak Luis Gascari –Zinemaldiaren orduko zuzendariari– 1982ko martxoaren 2an helarazitako paper moreko gutuna barne hartzen du funts dokumentalak. Gutun horretan, "Zinemaldian bideo-erakusketa bat egitea" proposatzen zion Gascari, Cannes eta Veneziako zinema-jaialdietan esperientzia horrek "arrakasta handia" izan baitzuen. Eskutitzak Espainiako ekimenaren izaera berritzailea azpimarratzen du, ekitaldi gisa, Espainian; izan ere, Espainiako Estatuan jada egiten ziren bideo-erakusketak, baina artean ez zegoen jaialdi-itxurarekin egituratutako erakusketarik.
Funts dokumental horren inguruan argitaratutako hirugarren hurbilketa teorikoa da Historiak #11, Claudia Zegarrak eta Rodrigo García Fernández-Palomerok –Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Komisariotzaren laugarren promozioko ikasleek– idatzia; lehen urratsak eman zituzten Zegarrak eta Garcíak funtsa ikuskatzen eta katalogatzen, eta Artxiboko lantaldeak amaitu du lan hori. Bideoa erdigunean. Kuradoretzari buruzko oharrak Donostiako Bideo Jaialdian, Christine Van Assche eta Anne-Marie Steinekin izandako elkarrizketa batetik abiatuta testuak bereziki ipintzen du arreta Echevarríak programaren prestakuntzari zuzenean eragin zioten pertsonekin izandako posta-trukean, hala nola Anne-Marie Steinekin (Parisko Zentro Amerikarreko Center for Media Arts) eta Christine Van Asscherekin (Pompidou Zentroa). EQZEko ikasleek garatutako ikerketan hainbat gai jorratzen dira, hala nola 80ko hamarkadan bideo-kuradoretzarekin lotuta zeuden erronkak, Donostiako Bideo Jaialdiko laguntzaile gisa izandako esperientzia, garai hartan sortutako komunitate-sentimendua eta ikus-entzunezko sistema horrek 1970eko hamarkadako mugimendu feministarekin izan zuen harremana.
Biek ala biek funtsezkotzat jotzen dute jaialdia Donostia Zinemaldiaren esparruan antolatzea. Steinek adierazten zuenez, 80ko hamarkadaren hasieran bideoa "eremu emergentea" zen, "bere oinarriak finkatzeko prozesuan zegoen, bitarteko gisa" eta, horrenbestez, Donostia Zinemaldiaren –punta-puntako zinema-jaialdi baten– erdian jartzea "ikaragarria" eta "garrantzitsua" zen. Parisko Zentro Amerikarreko Center for Media Artseko ordezkariak "ausart eta distiratsu" gisa deskribatzen zuen Echevarría, eta bere hitzetan, "gauzetan interesa izateko eta arretagune izan gabe lan guztia egiteko gaitasuna izateaz gain, bazekien zer egin zitekeen eta bazekien zehazki nola egin behar zen". Van Asschek, bere aldetik, "konbentzimenduaren boterea" eta koordinaziorako gaitasun handia zuela adierazi zuen; izan ere, "pertsonak harremanetan jarri eta elkarrekin gauzak egiteko konbentzitu zitzakeen", eta hori funtsezkoa iruditzen zaio jaialdia egiteko, ez baitzuen uste "Donostiako politikariak konbentzitzea lan erraza zenik".
Dokumentu-funtsera gerturatzeko, nahikoa da Artxiboaren katalogoaren bilaketa aurreratura sartzea eta Bideo Jaialdiaren Funtsean klik egitea. 170 espedienteko zerrenda bat zabalduko da; zerrenda horretan, edukia zehatz-mehatz deskribatuko da: gutunak, prentsa-aipamenak, argitalpenak, beste erakunde batzuen esku-programak, programaren kudeaketa ekonomikoaren trazuak eta ekimen aitzindari horretako parte-hartzaileek bidalitako arte-sorkuntzen bolumen handia (collageak, postalak, argazkiak, etab.). Behin dokumentazio hori katalogoan sartuta, funtsa aurrez aurre ere kontsultatu ahalko da gaurtik aurrera.