Tabakalerak eta Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren laguntzarekin, urteko programazio bateratua osatu dute bigarren urtez, zinemaz eta zinematik hitz egiteko. 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean, tokiko, estatuko eta nazioarteko hogei zinemagilek baino gehiagok publiko zabalari helaraziko dizkiote beren proposamen zinematografikoen sortze-prozesuak.
Zinemagileen arteko elkarrizketak programaren laugarren denboraldiak interpreteen zuzendaritza aztertuko du Celia Rico errealizadorearekin eta Los pequeños amores bere azken filmeko María Vázquez protagonistarekin; autofikzioa gorpuzteko modua aztertuko du Javier Giner zuzendariaren eta Oriol Pla aktorearekin, lehenengoaren istorioa kontatzen duen Yo, adicto saila oinarri hartuta. Isabel Coixet eta Sara Mesarekin azken denboraldian izandako saioaren ostean, berriz ere, programak literatur egokitzapenetan jarriko du lupa, Paula Ortiz zuzendariarekin eta Javier García Arredondo gidoigilearekin (La virgen roja). Zinegile hasiberriekin eta beste diziplina batzuetatik datozen zinegileekin egingo diren elkarrizketek musika arloan C. Tangana gisa ezaguna den Antón Álvarez, La guitarra flamenca de Yerai Cortés bere lehen lanagatik Kutxabank-New Directors epaimahaiaren aipamen berezia jaso duena, eta La mitad de Ana lanarekin debuta egin duen Marta Nieto aktorea dituzte. Azkenik, zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi duen El llanto lanaren arte zuzendaritza dotorea eta ekoizpen diseinu konplexua izango dituzte mintzagai Pedro Martín-Calerok eta José Tiradok; María Elorza zuzendariak eta Marian Fernández produktoreak, berriz, A los libros y a las mujeres canto filmaren arrakastaren ondoren ‘Ez-fikzioa ekoiztea’ eta Caro Bastiano Ikusmira Berriak egonaldian garatutako proiektuak jasotako Sideral saria izango dituzte hizpide.
Koldo Mitxelena Kulturuneak, eztabaidarako, sorkuntzarako eta ezagutzarako espazioak sortuz ibilbide luzea eginez, Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroa sortu zuen Donostia Zinemaldiko Z365 arloarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera. Ikastaro horrek zinema sorkuntzaren barne-historian jartzen du fokua, zinemagile baten eta film bateko atal desberdinetako kolaboratzailearen arteko elkarrizketaren bidez: gidoia, ekoizpena, muntaia, musika edo aktoreen zuzendaritza, besteak beste.
Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroak Santa Teresa komentuko egoitzan jarraitzen du, Donostiako Alde Zaharrean (ekitaldi-aretoan, 19:00etan). Ikastaroaren alderdi pedagogikoa azpimarratuko da, eta bertaratutakoei matrikula formalizatzeko aukera eskainiko zaie. Matrikula horrek, programara bertaratzeaz gain, tailerrez, topaketez eta bestelako prestakuntza-proposamenez osatutako programazio osagarri baterako sarbidea erraztuko du. Matrikula doakoa izango da eta herritar guztientzat zabalik egongo da, ikasleentzat zein zinemazaleentzat. Presentzialtasuna eta topaleku izatea errazteko, saioak ez dira streaming bidez emango, baina grabazioak Koldo Mitxelenaren eta Donostia Zinemaldiaren webgunean egongo dira ikusgai denboraldiaren amaieran.
Hasieratik, Tabakalerako zinema-aretoa pantaila publiko partekatu bat eta, aldi berean, herritarrentzako ikasgela bat izan da. 2020an, bere alderdi pedagogikoa indartzeko asmoz, Tabakalerak Kontatutako zinea zikloa jarri zuen abian. Ziklo horretan, gonbidatutako zinegileek zinema-aretoa bere egiten dute, haien sormen prozesuak azaltzeko. Ziklo hau sortu zen, halaber, Tabakalerako ekosistema zinematografikoa osatzen duten erakundeek (EQZE, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Tabakalera) sustatutako Noka eta Ikusmira Berriak bezalako sorkuntza zinematografikoa bultzatzeko programek babestutako tokiko eta nazioarteko proiektu asko aretora eramateko asmoarekin. 2020tik 2024ra bitartean, 27 zinemagilek parte hartu dute Kontatutako zinea zikloko saioetan, eta datozen hilabetetan, hamar bat zuzendari joango dira Tabakalerako zinema-aretora beren filmei buruz hitz egitera, hiriko zinema-aretoetan beren lanak estreinatzearekin batera, ikusleak aretoetara erakartzeko helburuarekin.
Datorren urriaren 19an, Kontatutako zinea zikloaren lehen saioa Pilar Palomero zaragozarrak egingo du. Palomerok, Las niñas filmagatik Zuzendaritza Berri Onenaren Goya eta Film Onenaren Goya sariak irabazi dituen lehen zuzendariak, Eider Rodríguez idazlearekin partekatuko du saioa. Los destellos, Palomeroren hirugarren film luzea eta berriena, Rodriguezen Bihotz handiegia kontakizunaren zinemarako egokitzapena da. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen filmak interpretazio protagonista onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen (Patricia López Arnaiz) eta zinema-aretoetara iritsi berri da.
Azaroaren 7an, Mar Coll kataluniar zuzendariaren Kontatutako zinea saioa izango da Tabakalerako zinean. Salve María filma aurkeztuko du. Katixa Agirre idazle gasteiztarraren Amek ez dute eleberria du abiapuntu film honek. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu ondoren, Collek Tabakaleran azalduko du nolakoa izan den hamar urteren ondoren zinemara itzultzea ekarri duen pelikula honen sortze-prozesua.
Azaroaren 23an, Jon Garaño zuzendaria Tabakalerako Kontatutako zinea ziklora itzuliko da, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin batera La trinchera infinita lanarekin parte hartu eta lau urteren buruan. Oraingo honetan, Marco filma aurkeztuko du. Bertan, Enric Marcoren istorioa kontatzen da, 27 urtez kontzentrazio-esparru bateko preso ohi baten itxurak egin zituen gizonarena. Garañok istorio horri eskaini dion 18 urteko lanaren xehetasunak emango ditu Tabakaleran. Proiektu hau, hasiera batean dokumental gisa pentsatu zen eta aurtengo Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean estreinatu zen.
Zazpi t'erdi kolektiboak urteak daramatza hainbat zinema proiektutan lanean, eta Kontatutako zinea saioa ere eskainiko du. Aurten Pello Gutierrezek zuzendutako Erreplika estreinatu dute, Donostia Zinemaldiko Zinemira saileko Irizar Sarian epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuena. Nele Wohlatz zuzendari, ekoizle eta gidoilari alemaniarrak ere bere film berria aurkeztu zuen Donostia Zinemaldian. Bere azken lana, Dormir de olhos abertos (Horizontes Latinos), Ikusmira Berriak egonaldian hasi zuen 2018an. Wohlatz bertan izango da bere sormen prozesuaren xehetasunak partekatzeko eta proiektu honen ibilbidearen berri emateko.
Bestalde, David Pérez Sañudo errealizadoreak Txani Rodriguezen lana egokitzen duen Azken erromantikoak bere azken filmaren garapenaz hitz egingo du. Film luze hau Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu zen, eta nabarmentzekoa da Pérez Sañudo Ikusmira Berriak-eko egoiliarra izan zela 2023an.
Gainera, Pablo Hernando zuzendariak Una ballena, Sitgeseko Zinemaldian aurkeztutako bere film luze berrienaren sormen prozesuari buruzko xehetasunak emango ditu. Ingrid Garcia-Jonsson da filmeko protagonista eta, besteak beste, Señor y Señora ekoiztetxeak ekoitzi du. Ikusmin handia sortu du, ikuspegi eta narrazio bereziak direla eta.
Azken baieztapena, oraingoz, Sara Fantova zuzendari gaztea da. 2020an Noka programan parte hartu zuen eta bere lehen film luzea amaitu du, Jone batzuetan.
Saioak zuzenean jarraitu ahal izango dira, aurrez aurre, eta grabatu ondoren, Tabakalerako web orriko ikus-entzunezko edukien eskaintzaren parte izango dira, Kontatutako zinea izenburupean.
Azken batean, bi programa horien atzean etengabe ukitzen diren ardatz estrategiko handiak daude: ezagutzak eta pedagogia artistikoa transmititzeko borondatea, dibulgazioa eta sorkuntzari laguntza iraunkorra ematea. Bi ekimen horiek abian jarri zirenetik hiru urte igaro ondoren, deialdiak egiteko gaitasun handia izanik eta hiriko publikoak eta erabiltzaileak erakarriz, programa bateratu bat proposatzen da, modu koordinatuan diseinatua eta ikasturte osoa barne hartzen duen egutegi batekin. Bi programak bateratzean, egungo zinemaren egoeraren azterketa sakona egingo da, eta tokiko eta estatuko esparruan urtero egiten diren ekoizpen zinematografikoak hedatzeko laguntza emango da.
Programa bateratua urrian hasi eta ekainean amaituko da, eta hogei bat protagonistek eta proposamen zinematografiko ugariren arduradunek parte hartuko dute:
Zinemagileen arteko elkarrizketak saioen datak eta matrikula egiteko prozedura laster jakinaraziko dira.
Bestalde, 43 hizlarik hartu dute parte Zinemagileen arteko elkarrizketak delakoaren hiru edizioetan:
2020tik 2024ra, 27 zinemagilek hartu dute parte Tabakaleran Kontatutako zinea saioetan: