Iciar Bollainen zuzendariaren Soy Nevenka / I Am Nevenka filmak irabazi du Agenda 2030 Euskadi Basque Country saria, jasangarritasunaren eta elkartasunaren balioak ondoen islatzen dituen filma aintzatesten duena. Balio horiek dira, hain zuzen ere, Nazio Batuen Agenda 2030ek sustatzen dituen Garapen Jasangarriko Helburuen ikur nagusiak. Eusko Jaurlaritzak hirugarren urtez jarrian ematen duen saria 20.000 eurokoa da eta film luzearen ekoizle nagusiarentzako da.
Juan Diego Botto aktore eta zuzendariak, Alicia Luna gidoilariak eta Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialaren zuzendariak osatu dute epaimahaia eta sari-banaketa gaur arratsaldean izan da Tabakalerako Prisma aretoan. Bertan izan dira Mireia Oriol eta Urko Olazabal, film irabazlearen protagonistak, eta Koldo Zuazua eta Juan Moreno ekoizleak, baita Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua ere.
“Bere kontakizun zuzen eta didaktikoagatik. Sexu-abusuen inpunitatearen ikerketan sakontzeko duen gaitasunagatik, bereziki boterearen esparruan. Biktimen duintasuna eta egia eta justizia lortzeko eskubidea ez ezik, erreparazio sozialerako eskubidea ere aldarrikatzeagatik. Bere kalitateagatik eta gure gizartean sexu-abusuen kontrako borrokari eta berdintasunari buruzko eztabaidari egiten dion ezinbesteko ekarpenagatik, epaimahai honentzat plazer bat da sari hau ematea”, dio “aho batez" emandako sariaren aktak.
Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde Ibone Bengoetxeak azpimarratu duenez, "kultura palanka soziala da", eta hautatutako lanei esker "Nazio Batuen garapen jasangarriko helburuei erantzuten ari zarete. Hau helburu batekin zinema egitea da. Zinema egitea aldaketa sozial baterako”. Ildo horretan, azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak gizarteari egiten diozuen ekarpen hori aitortu nahi dugu, balio gisa beharrezkoa den eraldaketa, 2030 Agendari bere hondar alea eman nahi diona, tokikotik, globaletik". Hitzaldian, lehendakariordeak bakearen 16. helburuari buruz hausnartzeko beharra aldarrikatu du, nazioarteko testuingurua kontuan hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak 18. helburua kulturarekin lotutako 2030 Agendan sartzea "beharrezkoa" dela adierazi du.
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak, bere aldetik, gogorarazi du Agenda 2030 Euskadi Basque Country hirugarren urtez dela Donostia Zinemaldiaren babesleetako bat. «Eusko Jaurlaritzarekin dugun akordio garrantzitsu honi esker, Euskadik Garapen Jasangarriko Helburuekin duen konpromisoaren ezinbesteko aktorea da Zinemaldia», ziurtatu duenez.
Sail Ofizialean dagoen Soy Nevenka filma gailendu da Agenda 2030 Euskadi Basque Country sarirako lehiatzen ziren beste zazpi filmen gainetik: On Falling (Sail Ofiziala), Le dernier souffle / Last Breath (Sail Ofiziala), Gülizar / Gulizar (New Directors), Reas (Horizontes Latinos), Sujo (Horizontes Latinos), Cidade; Campo (Horizontes Latinos) eta Ainda estou aqui / I’m Still Here (Perlak).
Sariaz gain, Agenda 30ek bultzatzen dituen balioei lotutako zenbait hizketaldi egin dira Zinemaldian. Aurkezpen hauek egin dira azken egunetan Donostian: Ekoizpena ikuspegi feministatik eta intersekzionaletik, Errealitate transmaskulinoak zinema iberoamerikarrean barneratuz, Aniztasuna eta inklusioa pantailan eta pantailatik kanpo eta Narratiba berriak: lente klimatikoa zineman. Gainera, elkarrizketa bat ere egin da, Laura Carreira On Falling (Sail Ofiziala) film luzearen zuzendaria protagonista zuena. Filma egitearen prozesuaz eta zinemak aldaketa sustatzeko dituen aukerez mintzatu zen.
2000n, Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernándezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen gizon batengandik: udalerriko alkatea. Nevenkak badaki oso garesti ordaindu beharko duela salaketa jartzeko erabakia. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio honetako protagonista #metoo mugimenduaren aitzindari izan zen, itzal handiko politikari bat sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea izanik.