Eusko Label Sariak eskuratzeko lehiatuko diren zortzi film laburren proiekzioa izango da gaur arratsaldean Trueba zinema-aretoan; lehenak 6.000 euro jasoko ditu, eta bigarrenak, 4.000 euro. Eusko Label Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak sorturiko atal bat da, azken honen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko HAZI enpresa publikoaren bitartez.
Saioan, zortzi mikrolabur finalistak proiektatuko dira: Acierto seguro / The Expert (Álex Alonso, Alessandro Meli, Yaiza Etxaniz Barcia), Ahozko tradizioa / Oral Tradition (Tradición oral) (Eneko Muruzabal), Bio bihoza / Organic Heart (Corazón bio) (José Luis Gómez), Bruno (Marta H. Susperregui), Erlauntza bat irekitzea / To Open a Hive (Abrir una colmena) (Nestor Urbieta Goenaga, Julieta Juncadella), La grieta (Alberto Castañeda, María Isabel Martínez), Las guardianas (Borja de Agüero) eta Km 0 (Jon Martija Leunda).
Epaimahaiareren burua Frédéric Boyer da. Tribeca, Les Arcs eta Reykjavikeko zinema-jaialdietako zuzendari artistikoa, eta harekin batera daude Nagore Garcia, HAZIko Komunikazio arloko langilea, eta Roberto Ruiz, Hika Gastronomikoko sukaldaria. Hilaren 28an klausura-galan jakinaraziko dute haien epaia.
Saio berean, lehiaketaz kanpo programatu dira Zinemaldiak euskal esparruko zinemagile profesionalei enkargatu dizkien bost film laburrak: Ángelus (Andrea Jaurrieta), Baratza batzarra / The Vegetable Garden Assembly (Mikel Gurrea), Tomatearen katarsia / The Catharsis of Tomato (Borja Crespo), Txalupa arina (Iratxe Fresneda) eta Uva tinta / Red Grape (Jaione Camborda).
Zinemaldiak eta HAZIk maiatzean ireki zuten film laburrak lehiaketara aurkezteko epea. Telefono mugikorrarekin egin behar ziren, eta gehienez ere hiru minutuko iraupena izan behar zuten. Filmen gaiak Eusko Label sailaren xedeekin lotuta egon behar du; izan ere, Euskadiko landa-inguruneak, kostaldeak eta lehen sektoreak hiri-gizarteari egiten dion ekarpenari buruzko mezu positiboak zabaltzeko asmoa du. Horretaz gainera, proposatzen du zinemaren bidez zabaltzea Euskal Herriko hurbileko produktua, bai eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren munduan jasangarritasunarekin lotutako oro sustatzea eta ezagutaraztea ere.
Lehiaketan
Baserri batean, oilo-arrautzen kalitatean aditua den norbaitek zehatz-mehatz aztertzen du Eusko Labeleko arrautzak izateko egokiak ote diren hangoak. Hainbat saioren ondoren, azkenean Eusko Label kalitatea ikusiko du.
XXI. mendeko euskal baserri batean, neska gazte batek landa-lanak ikasten ditu kantu tradizionalen bidez. Noiz arte transmitituko dira belaunaldiz belaunaldi?
Jan baino lehen, beste zer edo zer artistikoa egiten dut zerba batzuekin.
Bruno Amerikara doa berentzat eta Euskadin utziko duen familiarentzat etorkizun hobe baten bila. Ama haren gutunen zain dago egonezinik. Etxearen falta sumatzen du Brunok.
Arrate Larraulen bizi da, Gipuzkoan. Ezti ekologikoa eta haren eratorriak ekoizten ditu, basoko ekosistema polinizatzaileak babestu eta birsortzeko ikuspegitik. Egunero tokiko erle beltza zaintzen du dituen erlauntzetan.
Requiem bat entzuten da Tolosako Iturralde baserrian. Aurtengoa Tolosako babarrunaren azken uzta izango da ziurrenik. Urte gehiegi Nicasio eta Lourdesentzat. Lan gehiegi alor honetan literalki 0 km den produktu baterako.
Bi neska-mutilek urrutiko harremana dute. Gizona harremana mantentzen saiatuko da. Emakumea, ordea, okitu egingo da. Zergatik egon urrun logikoena hurbil egotea bada?
Karlak 26 urte ditu eta baserritarren tradizio luze baten oinordeko bakarra da, herrialdetik bizimodu ezberdin baten bila joan den lehenengoa. Baina ama hil eta itzuli egin beharko du, bere etorkizunaz eta familiaren oinordekotzaz erabakitzeko.
Lehiaketatik kanpo
1857tik 1859ra bitartean, Jean Françoise Milletek Angelusa koadroa margotu zuen, begirada erraz eta poetikoa nekazarien eta behartsuen lanari, gizakiaren eta naturaren adiskidetze gisa. Abilia Beiren jaio zen eta egunen batean Beiren hilko da, eta bere familiak landu zuen lur eskasean sustraitutako istorioa kontatzen digu.
Oinez nindoala, baratzetan dauden eserlekuei erreparatu nien. Zaintzen dituztenak noiz eseriko zain. Bakoitzak bere izaera propioa dauka, bere forma, bere egoteko era. Zaintzaren ingurukoei buruz ari direla ematen du. Elkarri entzunda, ideia, tresna, arazo eta ekintzak partekatzen dituzte.
Gorria eta biribila, bihotza bezala.
Itsasoak jolasa, irria, janaria dakarkigu. Jakintzen eta memorien igorle ere bada itsasoa, txalupa arinetan bidaiatzen duten memoriena.
Mahats-bilketako arratsalde batean, nola haurrek hala helduek mahats gorria zapaltzen dute.