Donostia Zinemaldiak, Argentinako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren parte-hartzearekin, zinema argentinarra babesteko ekitaldi bat egin du, bertako zinema- eta kultura-industria desegiteko saioaren aurrean. Film argentinarren taldeek eta Latinoamerikako gainerako herrialdeetakoek elkarretaratzea egin dute Kursaal auditoriumeko eskaileretan, Zinemaldiaren egoitza nagusian, bada. Haiekin batera egon dira Zinemaldiaren programatzaile eta epaimahaikideak, elkartasuna adierazteko zinema argentinar independenteak bizi duen ohiz kanpoko egoerari (geldiarazita daude proiektuak).
Elkarretaratzea egin den egunean, Diego Lermanek zuzendutako El hombre que amaba los platos voladores ekoizpen argentinarra eman da Sail Ofizialean, eta Traslados lanaren nazioarteko estreinaldia egin da. Heriotzaren hegaldi direlakoak ikertzen ditu ez-fikziozko lan horrek: «pertsonak hiltzeko eta desagerrarazteko metodologiarik anker eta efektiboena, Argentinako azken diktadura zibiko-militarrak baliatutakoa». Emanaldian, gainera, aurkezpena eta solasaldia egin dira filmaren taldekideekin; tartean, Nicolás Gil Lavedra zuzendariarekin eta Zoe Hochbaum ekoizlearekin.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioak Argentinan erabat edo zati batean ekoitzi diren hamasei film programatu ditu Sail Ofizialean eta New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi - Tabakalera eta Haurrentzako Zinema sailetan, aipatu Traslados lanaz gain. Gainera, Zinemaldiaren Industria atalean, sei proiektu argentinar aukeratu dira Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, bi work in progress WIP Latam-en eta ekoiztetxe argentinar baten parte-hartzea duen proiektu bat Ikusmira Berriak sailean.
Zinema espainiarraren eta Río de la Platako zinemaren arteko trukearen testuinguruan, ekimen berri bat aurkeztu da. Azaroaren eta abenduaren artean egingo da Buenos Airesen eta Montevideon, eta laster emango da hari buruzko informazio gehiago. Donostia Zinemaldiak eta Málagako zinema-jaialdiak Espainian ekoitzitako sei film programatuko dituzte Buenos Airesen azaroaren 27tik abenduaren 1era. Emanaldiak Uruguain errepikatuko dira, egun horietan Ventana Sur (Latinoamerikako ikus-entzunezko edukien merkatu garrantzitsuena) egingo delako.
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariaren deklarazio osoa
Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak elkartasuna adierazi nahi dio zinema-industria argentinarrari; izan ere, ezohiko egoera bizitzen ari da: proiektu asko geldiarazita daude, Argentinako Zinemaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalaren (INCAA) edukiak husten ari dira eta, Argentinako gobernua hartzen ari den neurriak direla eta, arriskuan daude bertako zinematografiaren garapena ez ezik, baita bestelako kultura-adierazpenena ere.
Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak argi utzi nahi du babes honek ez dakarrela Argentinako politikan sartzea inondik ere. INCAAk askotariko kolore politikoak izan ditu, gobernu kontserbadoreena, liberalena eta peronista motakoena izan baita; urte horietan guztietan ere elkarlanean aritu gara harekin. Horiekin guztiekin eta argentinarrei definitzea dagokien bere ezaugarri propioekin, industria argentinarrak normaltasunez garatzea eta Latinoamerikako garrantzitsuenetako bat izatea lortu du. Gainera, herrialdearen irudi positiboa erakutsi du, eta haren eragile ekonomikoa izan da.
Argentinako gobernua, milaka herritar hil zituen diktadura militar bat justifikatzen duena, zinematografia nazionala desegiten ari da eta, gaur, Donostia Zinemaldiak, kultura-adierazpena denez gero, ezin dio egoerari bizkarra eman.
Aguante zinema argentinarra!