"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Antón (Mikel González Beorleguik zuzendua) eta Cafunè (Lorena Aresek eta Carlos Fernández de Vigok zuzendua) film laburrek irabazi dute, hurrenez hurren, gizarte gaiekin lotutako film laburren Loteriak sariketako lehenengo eta bigarren sariak. Donostia Zinemaldiak eta Estatuko Loteria eta Apustuen Estatu Sozietateak (SELAE) antolatu dute sariketa hori.
Lehiaketaren lehen ediziora ehun lan inguru aurkeztu ziren. Horien artean, Hautespen Batzordeak hamar aukeratu zituen, epaimahaiak balora zitzan. Emma Suárez aktorea izan da epaimahairen burua eta, berarekin batera, Loteriak erakundeko komunikazioko arduradun María Núñezek eta Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek osatu dute epaimahaia. Hirurak izan dira gaur arratsaldean Trueba zinemako filmen proiekzioan eta ondorengo sari-banaketan. Ekitaldi horretan, Loteriak erakundeko presidente Jesus Huertak ere parte hartu du.
Lehen saria –10.000 euro– irabazi duen Antón filma adineko pertsona bati buruzkoa da. Alboko esklerosi amiotrofikoa (ELA) diagnostikatuko diote eta berak alabari diagnostikoa ezkutatzea erabakiko du. Istorioaren azpian adineko pertsonen bakardadea dago, besteak beste. Bestetik, bigarren saria –5.000 euro– lortu duen Cafunè animaziozko film laburrak neskato baten istorioa kontatzen du. Neskatoak patera baten hondoratzetik bizirik atera zeneko iragan traumatikoa gogoratuko du, baina harrera-familiari esker aurrera nola egiten duen ikusiko dugu. Beste lau finalistak Ekain Irigoienen Europa, Mabel Lozanoren Lola, Lolita, Lolaza, Fabio Barberren Rumor de melodía/Melody 's Murmur eta Chelo Loureiroren Yo voy conmigo/Go My Way izan dira.
Lehiaketaren helburua honakoa da: ikus-entzunezkoak erabiliz aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta justizia soziala sustatuko duten mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzea. Horregatik, lehiaketara aurkeztutako film laburren gai nagusiak hauek izan dira: batez ere, adinekoen zaintza, emigrazioa, minbizia duten emakumeen arazoak, gaixorik dauden senideen zaintza eta, neurri txikiagoan, genero-indarkeria edo diskriminazioa jasaten duten kolektiboen arazoak.
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria pozik agertu da Loteriak sariaren lehen deialdiaren arrakastagatik, eta aurkeztutako film labur kopurua –ehun inguru– «oso handia» dela adierazi du. «Ziur gaude hurrengo edizioetan sail hau sendotu egingo dela, baina hasiera ezin hobea izan da: zinemagintzan eskarmentu handia duten hainbat egilek eta hainbat ahots berrik bat egin dute, lanak askotarikoak izan dira, funtsari eta formari dagokienez, eta maila ona izan da», adierazi eta Estatuko Loteria eta Apustuen Sozietatearen «ezinbesteko» babesa eskertu du.
Jesús Huerta Loteriak erakundeko presidenteak, berriz, honako hau azpimarratu du: «Sari hauen garrantzia, bai alderdi artistikoan, bai sozialean, haien helburua aurrerapenaren eta berdintasunaren aldeko apustua egiten jarraitzea baita, inor atzean utzi gabe». Gainera, Huertak parte-hartzaileei «beren lanetan erakutsi duten konpromiso soziala» eskertu die, «Loteriak sari hauek goratzen dituztelako». Azkenik, «Donostia Zinemaldiak kulturaren bidez gizarte hobea eraikitzeko egiten duen lana» azpimarratu du Loteriak erakundeko presidenteak.