Cate Blanchett aktore eta ekoizlea australiarrak Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko lehen Donostia saria jaso du gaur arratsaldean Kursaal auditoriumean egin den galan. Bertan, "ohoretzat" jo du zinema-jaialdiaren ohorezko sari gorena jasotzea, eta "jakin-minaren" defentsa sutsua egin du.
Alfonso Cuarón zinemagile mexikarrak —haren aginduetara lan egin berri du Blanchettek Disclaimer minisailean— eman dio estatuatxoa aktoreari, eta haren zorroztasuna eta birtuosismoa goraipatu ditu; George Clooney aktoreak, berriz, bideo baten bidez zoriondu nahi izan du aktorea.
"Atzerrian lan egiten duen emakume australiar gisa, hamaika muga zeharkatu eta mundu osoan zehar bidaiatzeko pribilegio izugarria izan dut. Eta ohore bat da Euskal Herrian sari hau jasotzea, kultura eta zinema mugak ere gainditzen dituen zinema-jaialdi zoragarri eta zirraragarri honetan", hasi du hitzaldia.
Cuaronen presentzia eskertu ostean, leku askotara eraman duen bere ibilbidea "eklektikoa eta bitxia" izan dela esan du. Bere ibilbidearen hari nagusia "jakin-mina" eta gizakia izateak zer esan nahi duen argitzea izan dela azaldu du. "Sormenari emandako gurea bezalako bizitzak zalantzak eta ziurgabetasunak izatea dakar. Apalak izan behar dugu eta esan: 'Ez dakit eta hemen nago ikasteko'", aldarrikatu du, eta erantzun azkarrak aurkitzeko nahiaren aurka agertu da.
Zentzu horretan, Clarice Lispector idazle brasildarra aipatu du, zeinak defendatzen zuen ez-jakiteak hainbat abantaila dituela eta adimena lurralde birjin eta libre bihurtzen duela. "Eta horrela, ezagutzen ez dudan guztia nire egiten hasten naiz, eta ez-jakite horretan, dena ulertzen joaten naiz", aipatu du. "Bidaia honek aurrera egingo du, itxaropena daukat. Honelako ziurtasun uharte txikiak baino ez daude, eta eskerrak eman nahi dizkiot Donostiari horregatik", bukatu du.
Bere zorion bideoan, Clooneyk Blanchett goraipatu du, antzezpena arte mailara eramaten duten aktoreen "ondare esklusiboaren" parte gisa, eta horien artean aipatu ditu Marlon Brando, Katharine Hepburn, Montgomery Clift, Jack Nicholson eta Donostia saria ere duten Meryl Streep eta Robert De Niro. "Zorte ezin handiagoa izan dut zu zuzendu izanagatik eta zurekin antzeztu izanagatik. Eta zuk gaitasuna duzu ingurukoak zorioneko sentiarazteko hain talentu handiko norbaitekin lan egiteagatik. Oso adeitsua zara gainera, eta harro nago zure laguna izateagatik", esan du.
"Zirrara handia sentiarazten dit zuk Donostia Saria jasotzea Donostia Zinemaldian. Hor egon nahi nuke, benetan, baina ezin dut, oraintxe Venezian nagoelako, eta edaten ari naiz. Gainera, ez dut galtzarik gainean. Baina galtzak izango banitu eta ez banengo Venezian edaten, orduan hor izango nintzen eman dizuten golardoa kopa batekin ospatzeko. Zorionak", amaitu du, umorez.
Marta Etura aktore donostiarrak aurkeztu du gala, eta gorespen-hitz hauek eskaini dizkio Blanchetti: "Bikaintasunaren eta arriskuaren aldeko apustua" egin du bere lanean eta "pertsonaia konplexuak, mezua dutenak, eta emakume indartsu eta konprometituak" hezurmamitzen ditu. Bere beste alderdia ere nabarmendu du; hots, antzerki-zuzendariarena eta feminismoari, immigrazioari eta sorterri duen Australiako aborigenei lotutako proiektuen ekoizlearena.
Blanchett Zinemaldiaren 72. edizioko kartel ofizialaren irudiaren protagonista da, eta 200 aintzatespen eta sari baino gehiago jaso ditu egile-filmak eta ikus-entzule guztiengana iritsi nahi duen zinema uztartzen dituen ibilbide luze batean; tartean, hauek: bi Oscar sari (eta beste sei izendapen), Veneziako zinema-jaialdiko bi Volpi Kopa, lau BAFTA sari eta lau Urrezko Globo, Ohorezko César saria eta nazioarteko Goya saria. Martin Scorsese, Terrence Malick, Steven Soderbergh, Steven Spielberg, David Fincher, Ridley Scott, Sally Potter, Wes Anderson, Alfonso Cuarón, Alejandro G. Iñárritu, Woody Allen, Gillian Armstrong, Taika Waititi, Peter Jackson, Todd Haynes, Richard Linklater, Jim Jarmusch, Guillermo del Toro, Adam McKay eta Todd Field zinemagileekin lan egin du, besteak beste.
Galaren amaieran, Rumours filma eman da, Blanchett aktore-lanetan aritu den azken lanetako bat, Guy Maddinek, Galen Johnsonek eta Evan Johnsonek zuzendua.