Javier Bardemek Donostia saria jasotzea izan da Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren inaugurazio-galaren unerik garrantzitsuena. Hilaren 28ra arte iraungo du edizio honek, 200 film baino gehiago emango dira eta munduko zinematografiako pertsona ugari izango dira gurean. Andreu Buenafuente eta Berto Romero komikoek eta Bárbara Goenaga aktoreak aurkeztu dute gala. Umorea ez zaio falta izan eta, besteak beste, turistifikazioaren, zinema argentinarraren eta sarien aipamenik ere izan da.
Bardemek ezin izan zuen Donostia Saria jaso aurreko edizioan, Hollywoodeko gidoilari eta antzezleen grebagatik, baina aurten itzuliko zela agindu zuen ohorezko sari gorena jasotzeko adiskidetzat jotzen duen zinema-jaialdi batean. "Maila pertsonalean eta profesionalean hainbeste eman didan zinema-jaialdi honen maitasun guztiarekin jasotzen dut saria", hasi da eta, besteak beste, Bigas Luna, bere ama, Monica arreba eta Carlos anaia izan ditu gogoan (azken bi hauek oholtzan egon dira berarekin batera).
Juan Carlos Corazza interpretazio-maisuari ere eskerrak eman dizkio, saria eman diolako eta aktorearen lanak "egiarekin eta zintzotasunarekin" lotura duela erakutsi diolako; izan ere, "manipulatzearen kontrakoa da eta gardentasun eta biluztasun leku batetik egin behar da lan hori". Azkenik, Pilar Bardem amari ("pozik dago hemen, gure artean, alai sentitzen dut"), emazteari (Penelope Cruz aktorea, Kursaaleko besaulki-patioan eserita) eta Leonardo eta Luna seme-alabei eskaini die saria, oso hunkituta.
Corazzak Bardemen "bokazioa eta konpromisoa" nabarmendu ditu eta eskerrak eman dizkio "artea bizitza ospatzea, gure burua eta besteak zaintzea eta suntsitu ordez eraikitzea dela gogorarazteagatik". "Eskerrik asko artearen korronte misteriotsuan buru-belarri aritzeagatik, gizartearen osasunerako ezinbestekoa dela sinetsita", erantsi du Corazzak.
Galan, Javier Bardemen mugarri garrantzitsuenak ekarri dira gogora —Oscar saria, Urrezko Globoa, BAFTA saria eta Goya saria ditu, beste batzuen artean—, baina, bere ibilbide arrakastatsuaren hasieran jaso zituen sariak nabarmendu dira batez ere. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldian, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 1994an Imanol Uriberen Días contados filmarekin eta Gonzalo Suárezen El detective y la muerte filmarekin. Zinemaldiaren 71. edizioaren kartelaren protagonista izan zen Bardem, eta Zinemaldiaren ohorezko sari garrantzitsuena jaso duen Espainiako zazpigarren pertsona da. Besteak Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008), Carmen Maura (2013), Penélope Cruz (2019) eta Víctor Erice (2023) dira.
Bardemek jaso duen Donostia saria iaz eman zirenei dagokie, baina Zinemaldiaren aurtengo edizioan, ohorezko beste bi sari emango dira: bata Cate Blanchett aktoreari —bihar jasoko du, 19:15ean— eta, bestea, Pedro Almodóvar zinemagileari —ostegunean jasoko du, 18:00etan—. Gala horiek ere El Terratek zuzenduko ditu (The Mediapro Studio).
Ekitaldian, 2024ko FIPRESCI Sari Nagusia ere entregatu da. Yorgos Lanthimosen Poor Things filmarentzako izan da. Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioaren arabera, hura izan da urteko filmik onena. Ela Bittencourt kritikari brasildarrak eman dio saria Walt Disney Studiosen Espainiako zuzendari nagusi Manuel Murori.
Sail Ofizialeko epaimahaiko presidenteak, iaz O Corno filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuen Jaione Camborda zuzendariak, parte hartu du, halaber. "Bereziki hunkigarria da niretzat gaur hemen egotea, nire jaioterrian, epaimahaian zinegile eta profesional handiek lagunduta. Zinema-jaialdi garrantzitsu honen kalitateak eta adierazpen askatasunak oihartzun handia dute mundu osoan", ziurtatu du.
"Edizio honetako epaimahaikide gisa, zinemarekiko errespetutik, konpromisotik eta maitasunetik eta zinema zeharkatzen duen bizitzatik hartzen dugu ardura hori, gure erabakien iparrorratz gisa. Egun zirraragarriak datoz. Pantaila handian murgiltzeko egunak izango dira, gizaki gisa eta bizi garen mundu arraro eta liluragarri honetako biztanle gisa batzen eta osatzen gaituenean murgiltzeko", bukatu du zinemagile donostiarrak gainerako epaimahaikideekin batera: Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarra, Fran Kranz aktore eta zuzendari estatubatuarra, Ulrich Seidl errealizadore austriarra eta Carole Scotta ekoizle frantziarra.
Galaren amaieran, Emmanuelle Audrey Diwanen film berria estreinatu da mundu mailan. Sail Ofizialean lehiatuko da. Zinemagile frantziarrarekin batera, taldekide ugarik parte hartu dute aurkezpenean: Noémie Merlant, Will Sharpe, Chacha Huang eta Jamie Campbell Bower aktoreak.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioa Alberto Arizagari eskainita dago. Hogei urtez baino gehiagoz, Zinemaldiaren ekoizpen teknikoaren arduradun izandakoa da Alberto, eta iazko abenduan hil zen. Aurtengo edizioan, 53 herrialdetako 254 film emango dira, bai eta 694 emanaldi ere, "zinema-urte handia" izango den seinale, galan esan den bezala.