Maximiliano Schonfeld zinemagile argentinarrak bihar inauguratuko du Tabakalerako lehen solairuan Sombra grande / Big Shadow, izen bereko bere film luzearen unibertsoan inspiratutako bideoinstalazioa; Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan estreinatuko da film hori, Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Schonfelden filma ez-fikziozkoa da, duela gutxi arte galdutzat jotzen zen hizkuntza indigena bat, chana, berriz deskubritzetik abiatzen dena. Argentinan pertsona bakar batek hitz egiten zuen chana hizkuntza: Blas Jaimek. Handik gutxira hiztegiak argitaratu ziren eta hizkuntza erabat berreskuratu ahal izan zen. Gizon horrek chanatarrak Entre Ríos probintzian kokatu zituen, Volgako alemaniarren gaur egungo ondorengoak beren hizkuntza germaniarra galtzen ari diren leku horretan, hain zuzen.
Leku berean bizi diren bi kulturen arteko tentsio horrek elikatzen ditu bai filma eta bai bideoinstalazioa. Blas Jaimeren presentzia da nagusi bertan, erdiko pantailatik hitz egiten baitu filmean chanatarren rola egiten duten aktoreekin. Chanatarrak gunean zehar sakabanatuta agertzen dira hainbat telebistatan, eta espresio bat, erritmo bat eta soinu-paisaia bat erakusten dituzte, chanatarren asentamendu bat irudikatuz, dauden deskribapen historiko urrietan funtsatuta.
"Instalazioak soinuen bidez birsortu nahi du, lehen aldiz, ustez Entre Ríos probintzian kokatuta dagoen kokaleku chanatar bat, Sebastian Gaboto XVI. mendeko itsasgizon, kartografo eta esploratzailea iritsi aurretik. Horretarako, berreskuratutako hizkuntza hori hitz egiten ikasi zuten pertsona bakarrengana jo eta garai hartako faunaren inguruan lan egin genuen", azaldu du Schonfeldek.
Zinemagilearen iritziz, "berreskuratutako hizkuntza bat mundua ikusteko eta Argentinako itsasertzaren nortasunaren berezitasunak ulertzeko modu berri bat da". "Gainera, etengabe eztabaida sinbolikoan den lurralde batekin tentsioan lan egiteko aukera ematen digu, dena mendi zenean iritsi ziren etorkin germaniarren eta jesuiten gordelekuetara lekualdatuak edo zuzenean akabatuak izan ziren jatorrizko herrien artean", gaineratu du.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatutako bideoinstalazioa asteartetik igandera egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, ostegunean izan ezik, 19:00etan ordubete lehenago itxiko baititu ateak.
Proposamen honek Sombra grande / Big Shadow filmaren osagarri gisa funtzionatzen du; filmaren mundu-estreinaldia hilaren 26an izango da (osteguna), 19:00etan, Tabakalerako zinema-aretoan, eta filmaren zuzendariak eta ekipoak parte hartuko dute bertan. Truebako 2. zinema-aretoan egingo dira beste bi emanaldi (hilaren 27a, ostirala, 16:00etan eta 20:00etan, eta azken saioa hilaren 28an izango da, larunbata, 18:15ean).
Maximiliano Schonfeldek (Crespo, Argentina. 1982) zinema ikasi zuen ENERCn. Bere lehen film Germaniarekin (2012) Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen 2013ko BAFICIn eta lehen lan onenaren saria Hanburgon. La helada negra (2015), egilearen bigarren filma, Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen, eta lehen dokumentala, La siesta del tigre (2016), 2016ko DocLisboako nazioarteko lehian estreinatu zen. Zuzendariaren hurrengo proiektua Jesús López izan zen, eta Proyectan parte hartu zuen 2018an, baita WIP Latam 2020an ere Donostia Zinemaldian; hurrengo urtean Horizontes Latinos inauguratu zuen film horrek. 2022an Ikusmira Berriak programan sartu zen Frankestein proiektuarekin eta dokumental berri bat zuzendu zuen, Luminum, Mar del Platako Jaialdian eta IndieLisboan lehiatu zena. Sombra grande / Big Shadow Zinemaldiko WIP Latam 2023rako hautatu zuten. Aurten Donostian izango da mundu-estreinaldia.
Duela urte batzuk, itxuraz galduta zegoen hizkuntza bat –chana– hitz egiten zuen gizon bat agertu zen. Handik gutxira hiztegiak argitaratu eta hizkuntza erabat berreskuratu zen. Gizon horrek chanatarrak Entre Ríos probintzian kokatu zituen, Volgako alemaniarren gaur egungo ondorengoak beren hizkuntza galtzen ari diren leku horretan, hain zuzen.