Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Rotterdamgo Nazioarteko zinema-jaialdiarekin (IFFR) eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Extramission: Begi distiratsuen ehizan erakusketa inauguratu du gaur, Jessica Sarah Rinland errealizadore argentinar-britainiar ezagunarena.
Erakusketa hau Tabakaleraren helburuaren erakusgarri bat da, hain zuzen ere, sorkuntza artistikoa eta audiobisuala sustatu eta arte garaikidearen eta zinearen arteko intersekzioa bultzatzekoa. Jessica Sarah Rinlandek, Ikusmira Berriak programan egonaldia egin zuenak, Monólogo colectivo / Collective Monologue bere azken film luzea erakutsiko du Donostia Zinemaldian, Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan.
Extramission: Begi distiratsuen ehizan erakusketaren alderdi nagusietako bat hauxe da, Rinlandek mugimendudun irudi berriak eta audio-grabazioak uztartzen dituen modua XX. mende hasierako National Geographic aldizkarietako orrialdeekin.
Rinlanden instalazio audiobisualak, Tabakalera komisario duenak, bi kanaleko bideoa biltzen du; bakoitza hamar minutukoa eta zuri-beltzean proiektatuak pista anitzeko soinuarekin. Lehen pantaila Londresko Historia Naturalaren Museoan grabatu zen, kamera termikoak erabiliz, jatorrian ehizan eta zaintzan erabiltzen ziren teknologiekin, alegia. Kamera horiek kontserbatzaileen lana jasotzen dute; hauek animalia-ale disekatuak zaharberritzen ari dira, lekualdatuak izan aurretik. Bideoan, kontserbatzaileen eskuek, kamera termikoan zehar ikusita, distira egiten dute animalien gorputz geldi eta hotzekin kontrastean. Horrela, gizakiaren eta naturaren arteko harremanari buruzko metafora bisual bat sortzen da.
Bigarren proiekzioa infragorriekin grabatutako irudietan oinarritzen da. Rewilding Argentina Fundazioak emandako irudiak dira. Bertan, animalia-espezieak beren habitat naturaletan berriz sartzeko prozesua dokumentatzen da, Europan gatibualdian egon ondoren. Kamera infragorriek igaraben begien distira jasotzen dute, eta estramisioaren teoriak deskribatutako fenomeno bisuala gogora ekartzen dute; teoria horren arabera, begiek igorritako argiaren bidez hautematen dute gizakiek mundua.
Bestalde, erakusketak George Shiras III.aren lana nabarmentzen du. Basa-bizitzaren argazkilaritzaren aitzindari, Shirasen teknika berritzaileak —besteak beste hark asmatua da ehiza-kamera— iraultza ekarri zuen animalien irudiak beren ingurune naturalean jasotzeko moduan. Shirasek antzinako ehiza-teknika indigenetatik eratorritako metodoak erabili zituen, esaterako suaz baliatzea animaliak erakartzeko. Hala, aurrerago, horrek aukera eman zion animalien begietan argia islatzen zen instant horiek bere kamerarekin jasotzeko. Erakusketan dauden National Geographiceko orrialde markoztatuek irudi historikoak erreproduzitzen dituzte, argazkilaritzako esperimentazio-lan hori ez ezik, faunaren kontserbazio eta dokumentazioaren zientzian izan duen eragina ere jasotzen dutenak.
Horrela, oraingo kontserbazio-ekintzei eta iraganean indarkeriekin izan duten loturari buruzko galderak planteatzen ditu erakusketak. Teknologia modernoa —kamera termikoak eta infragorriak besteak beste— eta material historikoa uztartuz, obra honek iradokitzen du kontserbazioak bizitza babestu ez ezik, aurrez aurre jartzen dituela ere iragana eta gizakiaren eta ingurune naturalaren arteko tentsioak.
Rinlandek, erakusketa honekin, esplorazio bisual eta sentsorialerako leku bihurtzen du aretoko espazioa. Bertan, argazkilaritza dokumentalak utzitako ondareaz eta honek orainaldian duen eraginaz gogoeta egitera gonbidatzen du ikuslea.
Tabakaleraren, Rotterdamgo nazioarteko zinema-jaialdian eta Donostia Zinemaldiaren arteko bigarren lankidetza da hau. Elkarlan honen ondorioz sortutako lehen erakusketa Vive le cinéma! izan zen, 2022an Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zinemagileen lanak jaso zituena. Lau zinemagileek beren ohiko praktika moldatu zuten, filmak egitea, erakusketa-areto batean ikusteko ikus-entzunezko piezak sortzeko. Captives, Kulumbegashvilik erakusketarako espresuki sortu zuen proposamena, 2023ko Rotterdamgo zinema-jaialdian parte hartzeko hautatu zuten, eta Aprili / April zinemagile georgiarraren film berria sortzeko abiapuntu izan zen. Film horrek Veneziako zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi ondoren, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera saila itxiko du.
Hala, lankidetza berri honek azpimarratu egiten du zentroak ekoizpen audiobisualarekin eta artistikoarekin duen konpromisoa, eta artistei laguntzeko ekin dion ibilbidea irmotzen du: oraingoan Jessica Sarah Rinlandi. Bere lana Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiak eta Hubert Bals Fundek babestu dute postprodukzio fasean.
Nabarmentzekoa da Tabakalerak ikus-entzunezko lanen alde egindako apustua aurreko erakusketetan ere islatu dela, esaterako aipatutako Vive le cinéma!n (2022) eta Isabel Hergueraren El sueño de la sultana (Sail Ofiziala, 2023) animazioko filmaren sortze prozesuari eskainitako erakusketa.
Erakusketa Tabakalerako 2 erakusketa-aretoan dago ikusgai 2025eko urtarrilaren 12ra arte. Bere inguruan antolatu diren jardueren programaren barruan hiru emanaldi eskaintzen dira Tabakalerako zinean, Jessica Sarah Rinland eta Gerard Ortín zinegileen lanak erakutsi eta haien sortze prozesuak eta ikuspegi tematikoak elkarrizketan jartzeko. Bi errealizadoreak Tabakalerara bertaratuko dira beren filmak aurkeztera. Gainera, ohi denez, bisita solasaldiak eta lantegiak eskainiko dira erakusketaren gaietan sakontzeko.
Jessica Sarah Rinland zinegile eta artista bisual argentinar-britainiarra ezaguna da zientziaren, historia naturalaren eta kultura materialaren arteko intersekzioak aztertzen dituzten bere lanengatik. Zinea, argazkilaritza eta multimedia instalazioak lantzen ditu. Rinlandek zinemaldi ospetsuetan eta arte garaikideko zentroetan aurkeztu ditu bere lanak, besteak beste hauetan: New York Film Festival, BFI London Film Festival, Mar del Plata, Rotterdam, Oberhausen, Edinburgh International Film Festival, Bloomberg New Contemporaries eta Somerset House. Hainbatetan saritu dute, horien artean: sari nagusia Bienale de Imagen en Movimienton, Arts + Science Award, ICA’s Best Experimental Film a, eta M.I.T’s Schnitzer prize. Bekadun izan da Arts Council England, Wellcome Trust eta Elephant Trust erakundeetan eta artista-egoiliarra MacDowell Colony, Kingston University, Locarno Academy eta Berlinale Talents-en. Somerset House Studios eta Harvard Unibertsitateko Film Studies Center-eko kidea da. Bere ibilbidean zehar, sari ugari jaso ditu eta egoiliarra izan da, besteak beste Tabakalerako Ikusmira Berriaken eta Donostiako Zinemaldian 2020an.
Une intimoak eta zatikatuak Argentina osoko zoologikoek eta animaliak erreskatatzeko zentroek osatutako komunitate batean. Erakunde horien historia aurkitu ahala, langileak gau eta egun aritzen dira giltzapetuta dauden animaliak zaintzen, gizakiaren eta animaliaren arteko irudimenezko mugak gainditzen dituen elkarrekiko lotura sustatuz.