Perlak saileko hamalau film lehiatuko dira Udalak bederatzigarren urtez jarraian babesten duen Donostia Hiria Publikoaren Saria eskuratzeko. Udalak donostiarrei egindako omenaldi gisa planteatzen du golardoa, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak.
Armani Beauty-k babestutako Perlak saileko obrek nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Victoria Eugenia antzokian gauzatuko dira film horien emanaldiak eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikus-entzuleek aukeratuko dute irabazlea botoen bidez. Saria Zinemaldiaren amaierako galan emango da.
Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: batetik, Film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta bestetik, Europako Film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Partaidetzaren bidez ematen den sari honen bidez, hiriarekin lotuta geratuko dira betirako bi filmak.
Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu duenez, "donostiarrak zinemazale amorratuak dira. Asko dakite zinemaz eta sentiberatasun berezia dute filmak ikusteko eta baloratzeko, Zinemaldian ez ezik, urteko gainerako egunetan ere bai, zinema-aretoetara zazpigarren arteaz gozatzera joaten direnean. Horregatik, Zinemaldiak protagonismo berezia eman behar diela uste dugu eta, horregatik, sarrerak erosteko orduan gehien eskatzen den sailetako baten epaimahaikide bihurtuko dira ".
Horri buruz, Goiak nabarmendu duenez, "iraileko lehen astetik, izar handiek eta K1eko emanaldietara joango diren pertsonek zeharkatuko dituzten panelak eta olana jartzen hasi zirenetik, hiriak giro berezia arnasten du, hiriko urteko ekitaldi garrantzitsuenetako baten aurreko giroa. Izan ere, mundu guztiak gure hirian jartzen ditu begiak Zinemaldia dela-eta, eta aukerak zabaltzen jarraitzea ahalbidetzen digu, nola kulturaren arloan, hala beste esparru askotan, eta horrek urtez urte berresten du Zinemaldiarekin hartuta dugun konpromisoa".
Iaz J. A. Bayonaren La sociedad de la nieve / Society of the Snow filmak beretu zuen Film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria Venezian lehiaz kanpo estreinatu ondoren. Halaber, Matteo Garroneren Io capitano / I’m Captain filmak Europako Film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria eraman zuen, Venezian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia jaso ondoren, aktore emergente onenaren Marcello Mastroianni sariaz gain (Seydou Sarr).
Doako sarrerak langabeentzat
Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak Donostia Zinemaldirako 1.000 gonbidapen banatuko ditu langabeen artean udalaren webgunean (www.donostia.eus), 010 telefonora deituz ala Udalinforen edozein bulegotan. Gonbidapenak gaurtik asteazkenera bitartean eskatu ahalko dira. Ezaugarri hauek betetzen dituztenek eskatu ahalko dituzte sarrerak: langabea izatea, Donostian erroldatuta egotea eta 18 urtetik gorako izatea. Udalinfok datuak egiaztatu ondoren, gonbidapenak Easoko Udalinfo bulegoan (Easo kalea 41) jaso ahalko dira. Bertan, nortasun-agiria eta langabezia-ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Gonbidapenak erretiratzeko epea irailaren 18ko 14:00etan amaituko da.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eskerrak eman dizkio Donostiako Udalari "zinema-sarrerak erosteko nahikoa dirurik ez duten pertsonak zinemara etortzea ahalbidetzen duen ekimen garrantzitsu" honengatik. "Zinema-jaialdi gisa, ez dugu gure garaiko arazo sozialetatik at geratu nahi, eta agerian geratzen da hori gure programazioaren gehiengoari arretaz erreparatzen badiogu, baina horrelako ekimenekin, hala nola honekin eta Gipuzkoako SOS Arrazakeria talderekin egiten dugunarekin, kezka hori pantailaz haraindi joan dadin saiatzen gara", adierazi du Rebordinosek.
Gainkualifikatua eta gutxietsia, Ritak abokatu gisa dihardu kriminalak arazoetatik ateratzea justiziaren esku uztea baino gehiago intesatzen zaion abokatu-langela batean. Egun batean, ustekabeko zerbait jazoko zaio: Manitasek –kartel bateko buruak– kontratatu egingo du laguntza behar duelako bere negozioetatik erretiratu eta luzaroan ezkutuan prestatutako plan bat benetako bihurtzeko: betitik izan nahi duen emakume bihurtzea.
Brasil, 1971. Herrialde bat diktadura militar baten atzaparretan. Ama batek bere burua berrasmatu beharko du indarkeria arbitrarioko ekintza batek bere familiaren bizitza suntsitzen duenean.
Mumbain, Prabha erizainaren errutina korapilatu egingo da senarraren ezusteko opari bat jasotzen duenean. Prabharen gelakide gaztea –Anu– alferrik ahalegintzen da hirian mutil-lagunarekin bakarka egoteko leku bat aurkitzen. Kostaldeko herri batera bidaiatuko dute, eta hor izango dute aukera euren desioak azaleratzeko.
Anora Brooklyngo sexu-langile gazteak aukera izango du Errauskinen ipuina egia bihurtzeko oligarka baten semea ezagutu eta harekin bulkada batean ezkontzen denean. Baina albistea Errusiara iritsi eta emakumearen maitagarri-ipuina desagertzeko arriskuan egongo da, gurasoak New Yorkera joango baitira ezkontza baliogabetzera.
Ebanjeliko ugarik otoitz egiten dute Jesusek esku har dezan, eta Amazonian, berriz, COVIDaren milaka biktima hobi komunetan lurperatzen dituzte. Bolsonaroren aldeko samalda batek hiru botereen jauregiak inbaditzen ditu esku-hartze militar baten alde. Telebistako ebanjelistek aberastasuna eta zoriona agintzen dute mundu honetan, baldin eta jarraitzaileek boterea hartzen laguntzen badiete. Apocalypse in the Tropicsen, Brasil fedearen izenean lur jotzeko prest dagoela ikusiko dugu.
12 urteko Bailey gaztea Kent iparraldeko etxe okupatu batean bizi da Bug aita ezkongabearekin eta Hunter anaiarekin. Bugek ez du denbora asko bere semeentzat eta Bailey, pubertarora iristear, arreta eta abentura bila ibili ohi da bere kasa.
Iman instrukzio-epaileak paranoiari aurre egin beharko dio Teherango istilu politikoen erdian. Pistola desagertzen zaionean, emaztea eta alaba susmagarri bihurtuko dira, eta neurri drakoniarrak ezarriko ditu gizonak. Familia-loturak tenkatu egingo dira arau sozialak suntsitu ahala.
Thibaut nazioarte-ospe handiko orkestra-zuzendaria da, mundu osoan bidaiatzen duena. Adoptatu egin zutela jakitean, anaia gaztea duela jakingo du: Jimmyk eskola-kafetegi batean lan egin eta musika-talde txiki batean tronboia jotzen du. Zeharo desberdinak dira, antza, musika maite dutela izan ezik.
New Romek aldatu beharra du, baina horrek gatazka eragiten du Cesar Catilinaren −artista talentudun baten− eta Franklyn Cicero alkatearen −bere oposiziogilearen− artean: etorkizun utopiko eta idealista baterantz jauzi egin nahi du lehenak, eta gutizia, interes partikularrak eta gerra alderdikoia betikotuz statu quo atzerakoi batekin konprometituta jarraitzen du, ordea, bigarrenak.
Hirurogeita hamarreko hamarkadako Australian, zorigaitzak eta galerak markatu dute Graceren bizitza. Bere familia-unitatea bertan behera erori eta anaia biki Gilbertengandik banantzen dutenean, bakarrik sentitzen eta barraskilo-apaingarriak biltzen hasiko da Grace. Itxaropena aurkituko du Pinky izeneko emakume zahar xelebre baten adiskide egitean; Pinkyk bere oskoletik ateratzera inspiratuko du, alde batera uztera etxea eta gogoa nahasten dizkioten gauzak.
Oh Canada Leonard Fiferi –Vietnamgo gerran Kanadara ihes egin zuen erbesteratu bati– buruzko drama bat da. Hiltzear, Fifek bere sekretuak azalduko ditu Malcolm ikasle ohiari emango dion azken elkarrizketa batean, eta emaztearen aurrean egingo du aitorpena. Russell Banksen testuan oinarrituta, ezegonkor eta koldarra izanik inolako asmo politikorik gabe Kanadan babesa bilatu zuen gizon baten bizitza aztertzen du filmak. Schraderrek oroimenezko eta damuzko kontakizun bat ehuntzen du, iraganeko akatsak eta erredentzio-nahia islatuz.
Parthenoperen bizitzaren bidaia luzea, jaio zenetik (1950) gaur egun arte. Epopeia femenino honek ez du inolako heroismorik, baina grina gogorrez gainezka dago: askatasuna, Napoli eta maitasunaren aurpegiak, benetako baina alferrikako eta ezin adierazizko maitasun horiek guztiak. Uda perfektua Caprin, gazteen berezko lotsagabetasuna, tranpa batean amaituko dena. Eta gero beste guztiak: napolitarrak, gizon-emakumeak, behatuak eta maitatuak, etsia hartuak eta biziak, euren malenkonia-olatu eta ironia tragikoekin.
"Zu, baina hobea zentzu guztietan". Hori da Substantziaren promesa. Zelula-zatiketan funtsatutako produktu iraultzaile horrek alter ego gazteagoa, ederragoa, perfektuagoa sortzen du.
Iris bidaiari misteriotsua, Seul inguruan dabil noraezean. Han, pertsona batzuk konbentzitu egingo ditu frantsesa irakasteko metodo ez oso ortodoxo eta limurtzaile batekin, esperientziarik ez izan arren. Parkean paseatzen eta ardo makgeolli arroz-ardo botilen artean, badirudi Iris familiako beste kide bat dela. Lastozko kapelaz, soineko lore-estanpatudunaz eta jakatxo berdez jantzita dagoela, emakumearen nortasun desinhibituak konfiantza eta dibertimenduzko giroa sortuko du, ikastekoa proposa, baina harrokeriak eta gaizkiulertuek une ezin barregarriagoak eragingo dituzte.