Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan programatutako zazpi film egongo dira Espainiako Lankidetza Saria eskuratzeko lehian. Sari hori Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) ematen du, zeina Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mende dagoen. 2015etik urtero ematen zaio saria giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako —Espainiako eta Portugalgo filmak ere sartzen dira— filmaren ekoizleari.
Ricardo Díez Muiño Donostia International Physics Center (DIPC) zentroko zuzendariak, Eva Monente kazetariak eta Enric-Sol Brines i Gomez AECIDeko komunikazio-zuzendariak osatuko dute epaimahaia.
Espainiako Lankidetza Saria Sail Ofizialean, New Directors sailean edo Horizontes Latinos sailean parte hartzen duen Iberoamerikako film bati ematen zaio. Sariaren helburua da Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetza-balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko. Sariaren hamargarren edizioan ere, Donostia Zinemaldiaren eta AECIDen arteko lankidetzari esker, saria 10.000 eurokoa izango da.
Espainiako Lankidetza Saria irailaren 28an jakinaraziko da Kursaalean egingo den amaierako galan.
Hautagaietako bat, Laura Carreiraren On Falling (Erresuma Batua-Portugal) filma, Sail Ofizilekoa izango da. Gainontzeko guztiek, berriz, Horizontes Latinos sailean hartuko dute parte: Federico Luisen Simón de la montaña / Simon of the Mountain (Argentina-Txile-Uruguai-Mexiko); Lola Ariasen Reas (Argentina-Alemania-Suitza); Yennifer Uribe Alzateren La piel en primavera / Skin in Spring (Kolonbia-Txile); Astrid Ronderoren Sujo (Mexiko-AEB-Frantzia); Mariana Rondonen Zafari (Peru-Venezuela-Mexiko-Frantzia-Brasil-Txile-Dominikar Errepublika) eta Juliana Rojasen Cidade; Campo (Brasil-Alemania-Frantzia).
Sail Ofiziala
On Fallingeko protagonista Aurora da, Eskoziako biltegi handi batean lan egiten duen emakume portugaldar bat. Lantokiko hormen eta pisu partekatuko bakardadearen artean harrapatuta, Aurora isolamenduari, alienazioari eta elkarrizketa hutsalei aurre egiten saiatzen da, baina bere buruaz duen kontzientzia arriskuan egoten hasiko da. Algoritmoetan oinarritutako eta isolatuta mantentzeko diseinatutako ekonomiak zuzendutako ingurune batean, On Fallingek zentzua aurkitzeko eta konektatzeko borroka isil eta bizia arakatzen du.
Horizontes Latinos
Hiriaren eta landaren arteko migrazioekin lotutako bi istorio. Lehen zatian, hondakin-presa bat erori eta Joanaren sorterria urpean geratu ondoren, landa-langileak São Paulora joan beharko du bere ahizpa Taniarekin eta haren biloba Jaimerekin bizitzera. Joanak borroka egin beharko du langile-hiri batean aurrera ateratzeko. Bigarren zatian, aita hil ondoren, Flavia aita zenaren baserrira joango da haren emazte Mararekin (aita-alabak elkarrengandik aldenduta zeuden). Naturak frustrazioei aurre egitera eta oroitzapen eta mamu zaharrei aurre egitera behartuko ditu bi emakumeak.
Sandra merkataritzagune bateko segurtasun-zaindari berria da. Bere lehen lan-egunean, autobus-gidari batekin gurutzatu eta maitasun-harreman bat hasiko du gizonarekin. Bere bizitza intimoari aurre egin eta askatasun-bideari ekingo dio Sandrak bere desira-esperientziaren bitartez.
Yoselik Eiffel dorrearen tatuaje bat du bizkarrean eta beti bidaiatu nahi izan du, baina atxilotu egin zuten aireportuan droga-trafikoagatik. Nacho iruzurragatik atxilotutako gizon transa da, kartzelan rock-talde bat sortu zuena. Gozoak edo zakarrak, ilehoriak edo kaskamotzak, zisak edo transak, aspaldi atxilotuak edo kartzelan sartu berriak: musikal hibrido honetan, denek euren bizitzak birsortzen dituzte Buenos Airesko espetxe batean.
Simónek 21 urte ditu. Laguntzaile gisa egiten du lan etxe-aldaketetan. Janaria prestatzen eta komuna garbitzen ez dakiela ziurtatzen du, baina ohea egiten badaki. Duela gutxi, badirudi beste pertsona bat bihurtu dela....
Mexikoko herri txiki batean, karteleko pistolari bat erail dute. Sujo, haren lau urteko seme maitea, umezurtz eta arriskuan geratuko da. Sujok ozta-ozta ihes egin dio heriotzari, izebak lagunduta, zeinak mendi-eremu isolatu batean haziko baitu, zailtasun, pobrezia eta bere nortasunari lotutako etengabeko arriskuarrekin. Nerabe dela, errebeldia piztu eta, erritu iniziatiko gisa, tokiko kartelarekin bat egingo du. Gaztetan, Sujo bere bizitza berregiten saiatuko da, jaioterriko indarkeriatik urrun. Alabaina, aitaren ondareak harrapatzen duenean, bere patuari aurre egin beharko dio.
Zoo txiki batean, kontrako klase sozialetako bizilagunak ospatzen ari dira Zafari hipopotamoa iritsi izana. Ana, Edgar eta horien seme Brunok den-dena behatzen dute goi-mailako klase sozialeko euren eraikin zaharreko leihoetatik. Ur-, janari- eta argindar-eskasiak eragindako kaosaren erdian. Anak janaria biltzen du apartamentu abandonatuetatik, eta familiak handik ihes egiteko modua aurkituko du. Alabaina, korridoreetako zarata arraroek gero eta gehiago izutzen dute emakumea. Geroz eta basatiagoa den mundu batean, Zafari da behar beste janari izaten jarraitzen duen bakarra.