2024an, EITB Donostia Zinemaldiaren Babesle Ofizial bihurtu da eta presentzia handiagoa izango du. Babesletza hori ostiral honetan, irailak 13, aurkeztu dute prentsaurrekoan Jose Luis Rebordinos Zinemaldiaren zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBren zuzendari nagusiak, Tabakaleran egin den ekitaldian. Jauzi garrantzitsua da, batez ere, EITBk euskal zinemaren industriarekin duen konpromisoagatik, sektore, erakunde eta Donostia Zinemaldiaren arteko elkarlanaren bidez bultzatzen eta indartzen ari den euskal zinema, alegia. EITBren zeregina da zerbitzu publikoaren konpromisoa indartzea, euskal gizartean sortzen diren ekimenen biltzaile gisa duen eginkizuna zainduz; horrela, EITBren eta Zinemaldiaren arteko aliantzak Donostiako Zinemaldiaren funtsezko eginkizuna azpimarratzen du, euskal kulturaren eta haren nazioarteko proiekzioaren kultura eta erreferentzia adierazpen gisa. Izan ere, bai euskal zinema, bai Zinemaldia bera, mundurako gure leihoa dira.
Aurten, EITB Euskal Zinemaren Gala Handia antolatzen eta ekoizten ari da. Irailaren 24an egingo da gala handi hau, euskal zinema osatzen duten eragile guztiei esker ona adierazteko festa handia: aktoreak, zuzendariak, gidoilariak, kamerak, ekoizleak eta produkzioak... euskal zinema unerik onenetako batean egon dadin bere alea jarri duten profesional guztiak. Victoria Eugenia Antzokiak hartuko du ikuskizun hau, sari banaketarekin. Horien artean, EITBk Egile Berriak saria emango du, orain urtebete euskal talentu berria nabarmendu eta bultzatzeko sortua.
Zinemaldian zehar, beste hitzordu garrantzitsu batzuk ere izango dira, hala nola EITB Gala, baita Victoria Eugenian ere. Hilaren 25ean egingo da, PRIMERAN doako plataforman estreinatuko den "Itsatsita" film musikalaren aurrestreinaldiarekin. Zinemaldiak "Go!azen" fenomenoaren denboraldi berriko lehen aurrestreinaldia ere hartuko du, irailaren 27an, Belodromoan. Sarrerak salgai jarri eta berehala agortu ziren.
Halaber, aurten ere, EITBk hitzordu profesionala antolatu du ikus-entzunezkoen sektorearekin eta industriarekin, irailaren 24an. Betebeharra eta aukera: hizkuntza koofizialetan inbertitzea du izenpean, telebisten eta euskal sektore zinematografikoaren arteko elkarrizketa-gune gisa planteatzen da.
Berebat, EITBk are gehiago indartuko du bere presentzia Zinemaldian eta Donostian, kaleetan; izan ere, Zinemaldia hiri osoan ere biziko da, eta EITBko hedabideak oso presente egongo dira leku guztietan. Set mugikor handi bat izango dute, Boulevarden eta udaletxearen artean egongo den plataforma ikusgarri bat. Bertan, irrati eta telebista saioak egingo dira, eta albistegietako plato ere bihurtuko da.
EITB etengabe ari da sektorearekin lankidetzan, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, euskara bermatzeko eta sustatzeko, zuzendari berrien lana bultzatzeko, nazioartekotzeko eta emakumeen parte-hartzea bultzatzeko. Elkarlan horren ondorioz, Zinemaldian proiektatuko diren 12 euskal ekoizpenetan presente dago EITB: fikziozko 3 film luze, 7 dokumental, film labur bat eta bi serie. Horien artean, New Directors nazioarteko sailak David Pérez Sañudoren Azken Erromantikoak filmaren euskarazko estreinaldia hartuko du, Txani Rodriguezen eleberrian oinarrituta. Perlak sailean, bestalde, Veneziako Mostran estreinatutako Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco filma izango dugu, eta Made in Spain sailean, Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina.