"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren Mugi sistemarekin, akreditaziodunen mugikortasuna hobetu eta, horrenbestez, sortutako karbono-emisioak eta -aztarna murrizteko.
Zinemaldia 2020an hasi zen ekitaldi iraunkorrago baterako iragaitea gauzatzen, eta premisa argi baten bidez aurrera egin du harrez geroztik: murrizketa, birziklapena, berrerabilera eta aldaketak prozesuetan. 72. edizioan, Zinemaldiak mugikortasun jasangarrian jarri du arreta, mugikortasuna premia handieneko puntua izanik halako nazioarteko zinema-jaialdietan; izan ere, Zinemaldiaren emisio-iturri nagusia da, ostatuaren (% 37) eta material-erabileraren (% 19) aurretik.
Hiru motatako mugikortasunak daude Zinemaldian: mugikortasun erakarria, hots, beste hiri batzuetatik datozen pertsonen joan-etorriak berariaz Zinemaldira etortzeko; barne-mugikortasuna, Donostian bizi diren eta Zinemaldiko jardueretara etortzen direnen desplazamendua, alegia; eta hiri-mugikortasuna, hau da, Zinemaldiko jardueretara etortzen direnek, alde batera utzita bertakoak ala kanpokoak ote diren, Zinemaldiaren egunetan hiri barnean egiten dituzten joan-etorriak. Azken hori eraginkorragoa izan dadin, Zinemaldiak indarrak batu ditu Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin (GGLA), Zinemaldira joandako pertsona guztiei Mugi sistema ezagutarazteko eta hartarako sarbidea errazteko, nola akreditaziodun gisa hala bisitari legez.
Mugik gune bat izango du Kursaalen (erabilera anitzeko hallean, beheko solairuan). Bertan, akreditaziodunek hiriko eta lurraldeko garraio publikoaren sistemari buruzko informazioa eskuratu ahalko dute, baita txartela erosi eta kargatu ere, hilaren 19tik 23ra, 09:30etik 17:30era, eta 24an eta 25ean 09:30etik 13:30era. Komunikazioa indartzeko, bi ekintza antolatuko dira: alde batetik, photocall bat, #MugiZinemaldian etiketarekin sare sozialetara argazkiak igo eta @mugitxartela aipatzen dutenek Mugiko bonuen zozketa batean parte har dezaten; eta, bestetik, bizikletazko kanpaina bat (lau bizikletak hiriaren erdigunea zeharkatu eta Mugiko merchandisinga banatuko dute).
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA-ATTG) abian jarritako tarifa-sistema bateratuak txartel berarekin bidaiatzeko aukera ematen du garraio publiko guztietan –autobusen udal-linea (dBus), Gipuzkoa osoan mugitzen diren autobusak (Lurraldebus), metroa (Euskotren) eta Renfe aldiriko trenak–, eta horrek esan nahi du ordainketa-euskarri bakar batekin funtzionatzen duela eta, zona-banaketan funtsatzen denez gero, zona berean garraiobide desberdinetan bidaiatuz gero, tarifa bakarra ordaintzen dela. Sistemak doako autobus- eta tren-aldaketak, deskontuak eta hobariak eskaintzen ditu.
Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu eta GGLAko lehendakariorde Azahara Domínguezek eskerrak eman dizkio Zinemaldiari garraio publikoaren sustapenaren alde hartutako "konpromiso irmoagatik". "Zinemaldiak, horren erakunde garrantzitsua izanik, garraio jasangarriagoaren sustapenean inplikatzea albiste bikaina da, zalantzarik gabe, Gipuzkoarentzat, eta GGLA zuekin izango da Zinemaldiak sortzen duen karbono-aztarna murrizteko helburuan urratsak egiten jarraitzeko". "Zinemaldira etorriko diren pertsona guztiek eskatzen diegu garraio publikoa erabiltzeko leku batetik bestera joateko", amaitu du.