"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak ekimen bat bultzatuko dute bigarren urtez nola egungo hala etorkizuneko zuzendarien inguruan. Kabia talentu zinematografiko emergenteari eskainitako jardunaldia da, eta astelehenean –hilaren 23an– bi jardueratan banatuko da Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian: Kabia Gosaria (10:00etatik 12:00etara) eta Networking Kabia (19:00etatik 23:00etara).
Bi proposamenek Nest saileko filmetako ekipoak (mundu osoko eskoletako zinema-ikasleen film laburren hautaketa bat biltzen da Nesten) Ikusmira Berriak egonaldi- eta proiektu-programako egoiliarrekin eta Tabakalerako komunitatearekin elkartuko dituzte: Nokan hautatutako errealizadoreak eta Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleak. Kabiaren helburua programa eta sail horietako komunitateak elkartzea da, ideiak trukatzeko, proiektuak partekatzeko eta industriaren barnean askotariko profilak dituztelako hautatutako profesionalekin zuzeneko harremana izateko (ekoizleak, jaialdien eta garapen- edo laborategi-programen programatzaileak, funts eta dirulaguntzak, etab.), beren ibilbide profesionalari eta filmei buruzko feedback baliotsua izan dezaten.
Zinemaldiak, Tabakalerak eta EQZEk urtean zehar parte hartzen duten beste programa batzuetako talentuak ere hartuko ditu jardunaldiak: La Incubadora, Residència de guions, Zinema Akademiaren egonaldi-programa eta Mannheimeko Cutting Edge Talent Camp urteroko topaketa.
Gonbidapenarekin sartzen da.