Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Sail Ofizialeko epaimahaiburua Jaione Camborda donostiarra izango da, iazko Urrezko Maskorraren irabazlea. O Corno / The Rye Horn filmaren egileak, sari hori eskuratu duen Espainiako lehen zinemagileak, honako hauek izango ditu lagun eztabaidetan: Leila Guerriero idazle eta kazetari argentinarra, aurten La llamada liburua argitaratu duena; Fran Kranz aktorea, zuzendaritzan egindako lehen esperientziarekin, Mass filmarekin, 2021ean Donostiako Gazteriaren Saria irabazi zuena; Christos Nikou zuzendari greziarra, Apples eta Fingernails (Sail Ofiziala, FIPRESCI saria, 2023) zuzendu zituena; Ulrich Seidl zinemagile austriarra, Berlin eta Veneziako zinema-jaialdietan saritua, 2022ko Sail Ofizialean Sparta aurkeztu zuena, eta Carole Scotta ekoizle frantziarra, Haut et Court-en sortzailea, Laurent Cantet-en Entre les murs / The Class, eta Dóminik Moll-en La nuit du 12 / The Night of the 12th filmak bultzatu dituena, beste askoren artean.
Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Hizketaldiek azken solasaldia izango dute, We Live in Time amaiera filmeko lantaldearen eskutik: John Crowley zuzendaria, Nick Payne gidoilaria eta Andrew Garfield aktore protagonista. Solasaldia hilaren 27an, ostiralean, izango da, 12:00etan, Tabakalerako zinema aretoan. Solasaldietarako doako gonbidapenak Zinemaldiaren webgunean, Zinemaldi Plazako leihatiletan eta Tabakalerako leihatilan egongo dira eskuragarri, saioaren bezperan. Akreditatutako pertsonak sarrerak erreserbatzeko online sistemaren bidez sar daitezke. Saio hau aurtengo edizioko hizketaldien egitarau zabalari batu da, Sean Baker, Leos Carax, Laura Carreira edo Jane Schoenbrun bezalako zinemagileen sormen prozesuetan sakonduko duena.