Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren inaugurazio-gala Andreu Buenafuentek eta Berto Romerok zuzendu eta aurkeztuko dute, Kursaal Auditoriumeko agertokian, Bárbara Goenaga aktorearekin batera. El Terrat (The Mediapro Studio) gainerako zeremoniez ere arduratuko da, Itziar Ituño eta Malcolm Treviño-Sitté aktoreek aurkeztuko duten amaierako gala barne.
Marta Etura aktoreak Cate Blanchetti Donostia Saria emateko gala aurkeztuko du (larunbata, hilaren 21a, 19:15). Saria entregatu ondoren, Rumours filma emango da, Cannesko zinema-jaialdian estreinatua. Guy Maddinek eta Evan eta Galen Johnson anaiek zuzendutako filmean, Blanchettek Alemaniako kantzilerraren rola egin du, G7ko bilera batean anfitrioi-lanak egiten dituena, krisi global batean egonik.
Zinemaldiaren ohorezko sari nagusia Pedro Almódovar zinemagileari emango zaio ostegunean, hilaren 26an, arratsaldeko 18:00etan. Ekitaldia Eneko Sagardoyk aurkeztuko du, eta zuzendari espainiarrak Tilda Swinton aktorearen –ekitaldiaren ondoren emango den La habitación del lado / The Room Next Door filmaren protagonistaren− eskutik jasoko du saria.
Inaugurazio-galan, Audrey Diwanen Emmanuelle filmaren mundu-estreinaldiaren aurretik, interpreteen grebaren ondorioz Javier Bardemek iaz jaso ezin izan zuen Donostia Saria jasoko du; halaber, Yorgos Lanthimosen Poor things filmari Fipresci Sari Nagusia entregatuko zaio, Epaimahai Ofiziala aurkezteaz gainera.
Amaierako galan, Itziar Ituñok eta Malcolm Treviño-Sitték aurkeztuta, sari banaketaren ostean, We Live in Time filma proiektatuko da, John Crowleyk zuzendua eta Andrew Garfield eta Florence Pugh protagonista dituena.
Inaugurazio gala ostiralean izango da (hilaren 20an, 21:00etan) Kursaal Auditoriumean, eta TVEko La 2, RTVE play, ETB1, eitb.eus eta Zinemaldiaren webguneak zuzenean emango dute. Amaierako gala larunbatean hasiko da (hilaren 28a, 21:00etan). Cate Blanchetti eta Pedro Almodóvarri Donostia Saria entregatzeko ekitaldiak, berriz, ETB4 eta eitb.eus-en emango dira larunbatean (hilaren 21a, 19:15ean) eta ostegunean (hilaren 26a, 18:00etan), eta La 2 eta RTVE Play plataforman ikusgai egongo dira larunbatean (23:45ean) eta ostegunean (20:00etan).
Inaugurazio-galarako eta amaierako galarako sarrerak bihar (irailaren 3an) jarriko dira salgai, 10:00etatik aurrera, 80 euroren truke, Zinemaldiaren eta Kutxabanken webguneetan. Donostia Sariaren bi entrega-ekitaldietarako txartelak −50 euro balio dutenak− ere erosi ahalko dira.
Donostia Saria Emanaldiak
Rumours filmak munduko demokrazia liberal aberatsenetako zazpi buruzagiei jarraitzen die G7ko urteroko goi-bileran; basoan galduko dira eta geroz eta arrisku handiagoei aurre egin beharko diete, krisi global bati buruzko behin-behineko deklarazio bat idazten saiatzen diren bitartean.
Donostia Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuaren programazioan urtero instalatzen duen Zinemaldia Plus+ fokuak 72. edizioko bi Donostia Sarien omenezko bi saio egingo ditu irailean. Batetik, Cate Blanchett aktore australiarraren ibilbidea ospatzeko, Notes on a Scandal (Richard Eyre, 2006) filma proiektatuko da larunbatean (hilak 7a). Film horretan, Blanchettek Judi Denchekin partekatzen du protagonismoa (Donostia saria jnaso zuen Denchek ere). Bestetik, Pedro Almódovarri eskainitako saioa (irailaren 14a, larunbata) hiru film labur hauez osatuta egongo da: Extraña forma de vida / Strange Way of Life (2023), Ethan Hawke eta Pedro Pascal aktoreekin, Cannesen estreinatua; La voz humana / The Human Voice (2020), Tilda Swinton protagonista duena; eta La concejala antropófaga / The Cannibalistic Councillor (2009), Carmen Machi eta Penélope Cruzekin.
Bi saioak 19:00etan izango dira eta sarrerak Tabakaleraren webgunean eros daitezke.