Guztira 20 obra −15 film luze, hiru telesail eta bi film labur− izango dira Zinemaldiaren 72. edizioko euskal partaidetza osatuko dutenak, eta ia sail guztietan programatuta egongo dira: Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoa, Haurrentzako zinema eta EITB Gala.
Zinemirak −berariaz euskal zinemari eskainitako sailak− bederatzi proposamen bilduko ditu; horietako zortzi mundu-estreinaldiak dira eta, horrenbestez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak. Irizar Sariaren bidez 20.000 euro emango zizkie filmaren ekoizleei. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.
Raúl de la Fuentek (Iruñea, 1974) Williamstarrak / Los Williams (The Williams) ez-fikziozkoarekin inauguratuko du saila, Athletic Clubeko jokalari diren bi anaiaren eta horien familiaren historiaren inguruko lanarekin, hain justu. De la Fuentek Publikoaren Saria irabazi zuen Un día más con vida / Another Day of Life (Perlak, 2018) filmarekin, Cannesko Sail Ofizialeko emanaldi berezi batean estreinatu eta Goya saria eta Europako Zinema Akademiak animazioko film onenari emandako saria jaso zituen pelikularekin, hain zuzen ere.
Carmen Chaplin aktoreak zuzendutako Chaplin | Espíritu gitano / Chaplin | Spirit of The Tramp film luzeak emango dio amaiera sailari. Charlie Chaplinen senitartekoak familiaren ijito-herentzian murgilduko da bidaia argigarri batean. Sustrai horiek Chaplinen pertsonaia maitatu eta tristeena inspiratu zuten: arlotea.
Arantxa Aguirrek (Madril, 1965) −Dancing Beethoven (2016) eta beste dokumental saritu batzuen egileak− Ciento volando zuzendu du, Jone Laspiur aktoreak Eduardo Chillida eskultore donostiarraren obrari buruz kontatzen digun ez-fikzioa, nabarmentzekoa izanik 2024an Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrena dela.
Erreplika Pello Gutiérrezen (Donostia, 1979) bigarren film luzea da, bakarka zuzendutako lehena, hausnarketa bat XIII. mendeko Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten desagerpenaren, zuzendariaren aita Juanmi Gutiérrez zinemagilearen heriotzaren, hutsune horiek betetzeko irudiak sortzeko moduaren eta absentzien inguruan.
Ernesto del Ríok (Bilbo, 1954), ZINEBI Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko jaialdiko zuzendariak 2000tik 2017ra arte, bere seigarren film luzea errealizatu du: Ezer ematen ez dizun mundu hori / Ese mundo que no te da nada / That World That Gives You Nothing. Bertan, Bilbon hasi eta Habanan bananduko den bikote baten aldizkako harremana erretratatzen digu egileak.
Jone Ibarretxe de la Calek (Barakaldo, 1990) Nere Falagan Martinekin (Barakaldo, 1991) zuzendu du bere lehen lana, Ibarretxe anaien (hots, egilearen aita Josemi eta bi osabak) argi-itzalak aztertzeko. Hau ez da Hollywood (Ibarretxe anaien amaitu gabeko istorioa) / Esto no es Hollywood (La historia inacabada de los hermanos Ibarretxe) / This Is Not Hollywood (The Unfinished Story of The Ibarretxe Brothers) filmak euskal ikus-entzunezkoen hiru aitzindari horiekin egon ziren aktore eta zinemagileei egindako elkarrizketak biltzen ditu hiru anaiak erretratatzeko.
Miguel Alba Ricok (Madril, 1967), Nino Fontánek (Madril, 1969) eta Itziar Bernaolak (Bilbo, 1970) euren lehen zinema-lana erakutsiko digute: Los poderes de Lolo dokumentala, Miguel Alba Ricoren ama Lolo Ricori buruzkoa; La bola de cristal telebista-saio mitikoa sortu zuen Lolo Ricok, eta aipatzekoa da haren 40. urteurrena betetzen dela aurten.
Zortzitik infinitura Naia Laka Arrizubietak (Ispaster, 1990) zuzendutako lehen obra da eta euskal zinemaren historia kontatzen digu, Lekeitioko Euskal Zine Bileraren sortzaile Benito Ansolaren ibilbidetik abiatuta eta Miren Agur Meabe idazlearekin batera.
Saila lehiaz kanpoko emanaldi batek osatuko du: Indarkeriaren oi(h)artzunak / Let It Know / Que se sepa, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian Publikoaren Sari Nagusia eta Nazioarteko Amnistiaren aipamen berezia lortu zituena. Zuzendariak Amaia Merino (Donostia, 1970) −Asier eta biok / Asier and Me (2013, Euskal Zinemaren Irizar Sariaren irabazlea, 2016ko The Act of Killing. Zinema eta indarkeria globala atzerabegirakoan sartua) eta Non dago Mikel / Where Is Mikel? (Zinemira, 2020, aipamen berezia jaso zuena) filmeko zuzendarietako bat− eta Ander Iriarte (Oiartzun, 1986) −Echevarríatik Etxeberriara (2014) eta Karpeta urdinak / Blue Files (Zinemira, 2022) lanen egilea− dira. Tamara Muruetagoienaren egia-bilaketa jorratzen du lanak: ETAk haren familia bahitu zuen, eta haren aita torturatu eta erail egin zuen Estatuak.
Iciar Bollain (Madril, 1967) −Maixabel (2021) filmarekin Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuena− berriz izango da hautagai Soy Nevenka / I Am Nevenka filmarekin; alkatearen (Urko Olazabalek antzeztua) jazarpena salatzera ausartzea garesti aterako zitzaion zinegotzi baten benetako istorioa, Sail Ofizialean hautatua izan da Bollainen film berria. Halaber, badaki zer den Irizar Saria irabaztea David Pérez Sañudok (Bilbo, 1987), Ane / Ane Is Missing lanarekin (2020) lortu baitzuen, eta oraingoan New Directors saileko hautaketan parte hartuko du berriz bilbotarrak Azken erromantikoak lanarekin.
Beste euskal ekoizpen batzuk ere aurkeztuko dira Zinemaldian. Cinco lobitos / Lullaby (Zinemiraren amaierako filma, 2022) filmaren zuzendaria Alauda Ruiz de Azúak (Barakaldo, 1978) Sail Ofizialean Querer aurkeztuko digu, 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten (Nagore Aranburu) istorioa kontatzen duena. Jon Garañok (Donostia, 1974) eta Aitor Arregik (Oñati, 1977) zuzendutako Marco izango da Perlak sailari amaiera emango dion lana Belodromoan, lehiaz kanpo, Veneziako Orizzonti sailean egon ondoren. Izibene Oñederra zinemagileak (Azkoitia, 1979) Kimuak sailean hautatutako eta Annencyn emandako animaziozko film laburra aurkeztuko du Zabaltegi-Tabakaleran, Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) / When It Comes (It Will Have Your Eyes) / Está por venir (y tendrá tus ojos). Julen Etxeberria (Getxo, 1974), Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohia, Hirugarren paisaia / El tercer paisaje / The Third Landscape film laburrarekin lehiatuko da Nesten. Galder Gaztelu-Urrutiaren (Abadiño, 1974) film arrakastatsuaren sekuela El Hoyo 2 / The Platform 2 filmak Culinary Zinema saila itxiko du lehiaketaz kanpo. Horrez gain, Belodromoak Itziar Gómezek (Errenteria, 1964) zuzendutako Go!azen gazteentzako telesail musikalaren (EITB) hamaikagarren denboraldiaren estreinaldia ere hartuko du. Made in Spain sailean Andrea Jaurrietaren (Iruñea, 1986) Nina proiektatuko da. Ninaren protagonista (Patricia López Arnaiz) bere herrira itzuliko da hor orain omentzen duten idazle batez mendekatzeko. Ninak Kritikaren Saria jaso zuen Málagako zinema-jaialdian. Haurrentzako zinema atalean egongo da beste euskal produkzio bat: Diego Cagide eta Diego Lucero argentinarrek zuzendutako Robotia animaziozko filma. Jon Rodríguezek (Errenteria, 1991) zuzendutako Itsatsita Instagramerako telesail musikalaren bigarren denboraldia hartuko du EiTB Galak.
ZINEMIRA
Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak antolatutako saila, euskal zinemari eskainia, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestuta eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetzarekin.
Migratzaile asko euren burua ezagutzeko ispilu baten bila bizi dira; ez dira hemengoak, baina hangoak ere ez dira. Los Williams / Williamstarrak film luze dokumental eta familiarra da, kirolari buruzkoa, Iñaki eta Nico Williamsek lehen pertsonan kontatua. Bi anai futbolari, euskaldun eta beltzek (ghanatarren ondorengoak) euren historia harrigarria erakusten digute euren bizitzako bi urte erabakigarrienen bidez. Qatarreko Munduko Txapelketan bi selekzio ezberdinekin parte hartu zutenekoa, 40 urteren ostean Athletic Clubek Errege Kopa irabazi zuenekoa, Nicok Eurokopan irabazi zuenekoa, etab. Nazioarteko bi izar, euren iraganarekin eta etorkizunarekin aurrez aurre, bizitza markatu dien gatazketan zehar: arrazakeria, nortasuna, frustrazioa, anbizioa, eta arrakasta.
Elkarrizketa esklusiboekin eta Chaplinen ondarerako aurrekaririk gabeko sarbidearekin, artistaren herentzia erromaniaren esplorazio argigarria da filma, elkarrizketa intimoetatik, film-zatietatik, etxeko filmetatik eta gaur egungo artista erromani ospetsuen ekarpenetatik abiatuta eratua.
Udako egunsentia. Donostiako neska gazte bat Haizearen Orrazira doa. Eduardo Chillida zaharra datorkio gogora, txikitatik maiz joaten baitzen eskultorea hara. Gaur egun, harkaitzetan sustraitutako hiru eskulturak, itsasoarekin eta haizearekin etengabeko elkarrizketan, bere hiriaren eta euskal kostalde osoaren ikur izatera iritsi dira. Egunsentian, Jone gazteak eskultoreaz galdetzen dio bere buruari, eta haren bila joango dela hitz ematen du.
"1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta bertako biztanleak euren irudi ikonikorik gabe geratu ziren. Hutsune bat horma-hobian. Hutsune kolektibo bat. Hutsuneei buruzko filma da hau. Nire aita Juanmi Gutiérrez zinemagilea duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora igaro dela, bere filmetara itzuli eta oroimen pertsonaleko ariketa bat egiten dut irudiaren medioz, edo hobeki esanda, horien absentziaren bidez. Izan al daiteke irudi baten falta haren presentzia bezain indartsua? Hala bada, zer egin hutsune horrekin?" (Pello Gutiérrez Peñalba)
Bernardok eta Esperanzak 1978an ezagutu zuten elkar Bilbon, garai hartako egoera politiko asaldatuen erdian biak unibertsitate-ikasketak egiten ari zirenela. Harreman ez-jarraitua izan zuten, topaketa grinatsuz eta azalpenik gabeko desadostasunez betea. Alabaina, Esperanzak ezagutzen ez zituen bere izeba eta lehengusua bisitatzeko asmoz Habanara egindako bidaia batean, betirako banandu ziren 2001ean.
Aita eta osabak hil ondoren, Jonek −Josemiren alabak− Ibarretxe anaiei buruzko dokumental bat egitea erabaki zuen. Aitzindariak euskal ikus-entzunezkoen sektorean, sortzaileak, trauskilak eta geldiezinak; made in Euskadi zinemaren aldeko apustua egin zuten hori errealitatea izan baino askoz lehenago. Ibarretxe anaien filmografia aztertuz eta haiekin egondako pertsonekin hitz eginez (Stephen Fry, Echanove, Ramon Barea, Santiago Segura, José Luis Rebordinos), Jonek apurka-apurka deskubrituko du hiru anaien zinema euren buruaren isla baino ez dela.
ETAk bere familia bahitu, Estatuak aita torturapean hil eta 40 urtera, Tamara Muruetagoienak egiaren bilaketa nekaezina egiten du eta aurrez aurre, familiaren tragedia kontatu: iraultza zerga, ETAk 17 egunez bahitu izana, familiaren desegituratzea, estatuko jazarpena, presio politikoa, epaiketa, gurasoen atxiloketa, torturak, hilketa... Baina baita bere bidea ere, egia jakitekoa, aitortzekoa eta elkarrizketa erabiltzekoa gatazkak konpontzeko tresna nagusi gisa.
La bola de cristal telebista-saio mitikoaren jaiotzaren 40. urteurrenean, dokumentalak haren sortzailea ezagutuko du, bere garaira aurreratutako emakume moderno eta ausarta. Los poderes de Lolo lanak haren seme-alaben, lagunen eta lankideen ikuspegia jasotzen du. Javier Gurruchagak, Kiko Venenok, Loquillok, Anabel Alonsok eta beste hainbatek La bola saioan Lolo Ricorekin lan egitea nolakoa izan zen gogoraziko digute: gizarteak eman zion zeregin tradizionalaren aurka matxinatu zen emakumea izan zen.
Benito Ansola zinemagilearen bizitza ibilbide hartuta eta Miren Agur Meabe idazlea bidelagun ditugula, euskal zinemagintzaren historian barrena bidaiatuko dugu, bai euskal zinema eta bai euskarazko zinema erein zirenetik gaur egun bizi duten loraldiraino. Miren Agur Meabe ez da bakarrik izango ordea. Bidaia honetan, luxuzko laguntzaileak izango ditugu. Euskal zinemagintzaren bilakaeraren lekuko eta protagonista izan diren hainbat zinemagile euskaldun arrakastatsu izango ditugu kontalari.
EITB GALA
Kotxe bat, musika, berrogei urtetik gorako bi dibortziatu jo ta fuego txortan... Zer atera daiteke gaizki? Dena! Xabier eta Miren itsatsita geldituko dira, eta hortik aurrera, zoragarria behar zuen gaua, infernua bilakatuko da bikotearentzat, batez ere, bakoitzaren alaba ospitalera iristean.
SAIL OFIZIALA
2000n, Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernándezek jazarpen gupidagabea pairatu zuen arlo politikoan eta pertsonalean nahi zuena egitera ohituta zegoen gizon batengandik: udalerriko alkatea. Nevenkak badaki oso garesti ordaindu beharko duela salaketa jartzeko erabakia. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio honetako protagonista #metoo mugimenduaren aitzindari izan zen, itzal handiko politikari bat sexu- eta lan-jazarpenagatik epaitegietara eraman zuen lehen emakumea izanik.
30 urte ezkonduta eman eta bi seme elkarrekin izan ondoren, Mirenek senarra utzi eta salatu egingo du etengabe bortxatzeagatik. Salaketa larri horren ondorioz, semeek aukeratu egin behar dute: ama sinetsi ala, aitzitik, errugabea dela dioen aitaren alde egin. Familia-bidaia bat, bidaia judizialaren paraleloa, helburu berarekin: egia ezagutzea. 4 ataleko minisaila.
NEW DIRECTORS
Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du.
ZABALTEGI-TABAKALERA
Ingurumen-krisi baten ondorioz kolapso-egoeran sartu den komunitate txiki bat ahal duen moduan moldatzen da errealitate berrira. Biztanle pribilegiatuek oraina gozatzean funtsatutako bizimodu hedonista dute; besteek, ordea, bizirik iraun beste erremediorik ez dute. Zer da iristear dagoen hori? Besterik ez badago, ezerk salba al gaitezke?
PERLAK
Enric Marco inoiz existitu gabeko deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izateraino iritsi zen Marco, eta bertan, mirespena piztu zuen bere ustezko ausardia eta sufrimenduagatik. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua dela jakin zuen arte.
NEST
El tercer paisaje film-proiektu bat da, Omako baso margotua gaixoarazi zuen onddoa duena protagonista; Agustín Ibarrola euskal artistak 80ko hamarkadan Bizkaian egin zuen lana da Omako baso margotua. Obra hori land Art mugimendukoa da; hots, iragankortasuna du ezaugarri nagusi. Horri jarraikiz, artistek kondizio meteorologikoen eta giza borondatearekin lotu gabeko gainerako elementuen mende uzten dituzte euren lanak.
CULINARY ZINEMA
Lider misteriotsu batek El hoyon bere legea ezartzen duen heinean, maizter berri batek elikadura-sistema basati horren aurka borrokatzeko metodo polemiko horren aurkako borrokan inplikatuko da. Baina okerreko platera janez gero heriotza-sententzia jasoz gero, noraino iritsiko zinateke zure bizitza salbatzeko?
MADE IN SPAIN
Ninak haurtzaroko herrira itzultzea erabaki du, kostaldera, eskopeta bat daramala poltsan eta helburu finko batekin: Pedroz mendekatzea, herriak orain omendu egiten duen idazle ospetsuaz. Jaioterriarekin, iraganeko oroitzapenekin eta Blas haurtzaroko lagunarekin berriz elkartzean, zalantzak iango ditu mendekua ote den aukera bakarra.
BELODROMOA
Telebista-film gisa sortu bazen ere, Go!azen telesailak 11 denboraldi beteko ditu. Horietako bakoitzean Euskal Herrian ekoitziako lehen telesail musikalak uda berri bat erakutsiko digu Basakabiko kanpamentuan, nola iraganeko hala gaurko abesti ezagunen bertsioen bidez. Aurtengoa umorez eta abenturaz beteriko denboraldia izango da berriro.
HAURRENTZAKO ZINEMA
Bizi diren, amets egiten duten eta hazi egiten diren androidez osatutako mundu batean, bi robot fabrika berean eraiki dituzte, material berberekin eta aldi berean. Baina urteak igaroko dira topo egin baino lehen. Alexek fabrikazio-akatsa duela dirudi, eta gurasoek kanpoaldeko herri txiki batera eramango dute. Bibi, berriz, gurasoek eta irakasleek kontrolatutako ingurune kontserbadore eta exijente batean hazi da. Biek maite dute futbola. Alexek uste du ezingo duela jokatu, eta Bibiri ez diote uzten. Albaina, robot talde zoragarri batekin batera, futbol-kantxa batean elkartuko dira, eta haur-txapelketa batean izena emateko aukera sortzen denean, Alexek eta bere adiskideek edozer egingo dute Bibik txapelketa horretan parte har dezan, eta bere ametsa lortzeko zertarako gai den erakutsiko die guztiei.
Zinemira Saria: Elena Irureta
Zinemira Saria, Euskal Zinemaren Gala Handian banatzen dena, Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko saria da. Orain arte hauek jaso dute: Imanol Uribe (2009), Álex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramón Barea (2016), Julia Juaniz (2017), Ramón Agirre (2018), Jose María Txepe Lara (2019), Sara Bilbatua (2020), Kimuak programa (2021), Txema Areizaga (2022) eta Paco Sagarzazu (2023). Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkarteak Elena Irureta aktoreari omenaldia egitea erabaki dute.
Elena Irureta (Zumaia, 1955) aktore, gidoigile eta zuzendaria Antzerti Arte Dramatikoko Eskolaren lehen promozioan diplomatu zen, Donostian. Bere lehen lanak antzerkiari lotuta egon ziren, baita Arlequino servidor de dos amos, Las Troyanas eta beste antzezlanekin eta ETB euskal telebista publikoaren sorrerarekin ere, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu baitzuen, besteak beste. Telebistan egin duen lanik luzeena El comisario telesaila da (hamaika denboraldi, 1999tik 2009ra).
Zinemari gagozkiola, hogeita hamar filmetan baino gehiagotan lan egin du, hala nola zinemagile hauen lanetan: Juanma Bajo Ulloa (La madre muerta eta Airbag), Julio Medem (La ardilla roja), Daniel Calparsoro (A ciegas), Ramón Barearen film luze (Pecata minuta) eta laburrak (Adiós, Toby, adiós) eta Iciar Bollain (hiru aldiz: Hola, ¿estás sola?, Flores de otro mundo eta Te doy mis ojos). Euskarazko zinemako lan garrantzitsuenetako batzuetan ere parte hartu du, hala nola hauetan: Aupa Etxebeste!, Zorion Perfektua, Urte berri on, amona, Igelak eta Agur Etxebeste!. Aitor Gabilondok sortutako Patria telesailean Bittoriren rola egin zuen (hala, berriz egin zuen lan Ane Gabarainekin Bi eta bat telesaila eta gero). Platino Saria, José María Forqué saria eta Feroz bat irabazi zituen Patrian egindako lanagatik.
Aktore gisa ez ezik, gidoi-idazketan ere egin du lan Iruretak (horren adibide da Ama, begira ezazu antzezlana, Kontxu Odriozolarekin batera), eta Hau da A.U. eta Beni eta Marini telesailak ere sortu eta zuzendu ditu Aizpea Goenagarekin.
Euskal zinema zikloa Urbilen |
Gainera, aurten, Donostia Zinemaldiaren eta Zinemira sailaren babesle Urbilen lankidetzaren ondorioz, euskal zinemaren ziklo bat eskainiko da Cinesa Urbileko aretoetan. Programazioak lau euskal ekoizpen bilduko ditu; Irizar Sariaren irabazleak dira laurak, eta azken aldiko euskal zinemako arrakastatsuenetakoak, kritikaren eta ikus-entzuleen artean:
Euskara, gaztelania eta ingelesa K1eko Sail Ofizialeko emanaldi guztietan |
Iaz bezala, Kursaal 1 aretoan programatutako Sail Ofizialeko film guztiak Donostia Zinemaldiko hiru hizkuntza ofizialetan gozatu ahalko dira: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horrela, film bakoitza jatorrizko bertsioan emango da eta, behar izanez gero, hizkuntza horietako azpitituluak ipiniko zaizkio.
Erabat edo hein batean Euskarazkoak diren filmak |
Euskarara bikoiztutako haurrentzako filmak |
Zinema Euskaraz programaren barruan Zineuskadik egindako lankidetzari esker, haurrentzat pentsatutako eta euskarara bikoiztutako bost filmen hautaketa bat eskainiko du Haurrentzako Zinema Sailak.
Gainera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia erakundeekin elkarlanean, Zinemaldiak Amalie Næsby Fick-en Alan giza antena / Little Allan - The Human Antenna filma emango du goizero Belodromoan, euskarara bikoiztuta, Gipuzkoako ikastetxeentzat.
Películas de otras secciones con subtítulos en euskera |
Zinemira Kimuak (Soilik profesionalentzako emanaldia) |
Zinemira sailean Kimuak 2024 programaren film laburren hautaketa bilduko da. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren ekimenaren xedea urteko euskal film labur nabarmenenak zabaltzea da. Kimuak hautaketak zazpi film labur bilduko ditu aurten: