Hamahiru film labur hautatu dituzte Nest sailerako 48 herrialdetako 200 eskoletako 428 proposamenen artean, eta horrek esan nahi du marka hautsi dela Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketaren historian. Hautatutako eskolak Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwangoak dira.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazten ditu, hau da, egungo eta etorkizuneko zinemagileen obrak. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko gunea ez ezik, ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen topalekua ere bada Nest: Zinemaldiak zinemari buruzko elkarrizketa errazteko eta prestakuntzaren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa errazteko gaitzen duen gunea.
Alemania, Txile, Kuba, Danimarka, Espainia, EAB, Frantzia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua eta Taiwango hamalau zinema-ikasle bildu egingo dira irailaren 23tik (astelehena) 27ra (ostirala) euren lanak aurkezteko bost jardunalditan, zinemagileekiko elkarrizketetara joateaz eta industriako profesionalekin topaketak egiteaz gain. Hautatutako lanetan, dibertsitate geografikoa, tematikoa eta estilistikoa, fikzioak eta ez-fikzioak elkarrekin bizi dira, baita ikuspegi pertsonalak ere honako gai hauen inguruan: nerabezaro problematikoak, agertoki distopikoak, gatazka familiarrak, naturguneen garrantzia edo doluaren eta gaixotasunaren mamuak. Zinema-arloko pertsona ezagun batek eta hautatutako eskoletako ikaslez osatutako epaimahai batek 10.000 euroko saria emango dio film labur irabazleari.
Zinemagile gazteen prestakuntza eta industriarako sarbide profesionala ere badira, halaber, THE MEDIAPRO STUDIOren Gidoigintza Masterraren helburuak. Donostia Zinemaldiak lankidetza-hitzarmen bat du sinatuta iaztik THE MEDIAPRO STUDIOrekin, NESTen bidez. Akordio honek, NEST saileko sariaren izena NEST THE MEDIAPRO STUDIO izendatzeaz gainera, Gidoigintza Masterraren azken edizioko hamar ikasleri sailean parte hartzea bermatzen die. Ikasle horiek, izan ere, Nestek Zinemaldian zehar antolatutako jarduera guztietan parte hartu ahalko dute, baita hautatutako film laburren emanaldietan, mahai-inguruetan edo industriako profesionalen eta nazioarteko zinemagile ospetsuen eskola magistraletan ere, baldin eta euren filma lehiaketako sailen batean aurkezten badute. Era berean, edizio honetako nobedade gisa, Nestek sarirako hautatu dituen hamalau ikasleek topaketa profesionalak ere izango dituzte THE MEDIAPRO STUDIOko exekutiboekin.
Sortu zenetik (2002), Nestek −talentu berriak bultzatzeko bere estrategiaren barruan Donostia Zinemaldiak biltzen dituen sail garrantzitsuenetako batek− 1.000 zinemagile gazte baino gehiago eta 380 film labur baino gehiago bildu ditu, baita ehun bat eskola magistral eta hainbat elkarrizketa ere zinema-industriako profesionalekin, hala nola hauekin: Céline Sciamma, Alexander Payne, Lila Avilés, Bertrand Bonello, Elena López Riera eta Christian Petzoldekin. Dena Nesten hasten dela pentsatzen da eta, hain justu, Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jerónimo Quevedo, Laura Wandel edo Leonardo van Dijl zuzendariek Nesten erakutsi dituzte beren lanak. Ondoren, Donostian eta nazioarteko zirkuituko beste jaialdi ospetsuetan estreinatu dituzte zinemagileok euren hurrengo obrak.
Ikasleen topaketan zehar, Tabakalera Medialab Estudioan sailaren historian saritutako film labur guztiak emango dira etenik gabe. Sarrera librea da.
72 urteko Pedro saiatzen ari da egoera berrira aurre egiten: 38 urteko seme Alex etxetik joango zaio laster, erizain-lana lortu baitu Ingalaterran, eta badaki aitarentzat zaila izango dela etxe-aldaketa. Elkarrekin egingo duten azken ehizaldia hitz eta sentimendu erreprimituez beteta egongo da; halako batean, ikusiko dute Canela txakurrak azerientzako pozoia irentsi duela. Alexek eta Pedrok kontrako ikuspuntuekin egingo diote aurre tragedia horri. Lagungarri izango ote zaie ezbehar hori Pedroren tristura sakonaren medioz elkarrekin lotu eta, azkenik, konektatzeko?
Kale bati buruzko dokumentala, kalean egina: Bartzelonako Les Ramblesen esentzia eklektikoa, bizitza inoiz eteten ez den erakarpen turistikoa izanik. Gaua iristean, kalea aldatu eta eztabaidarako gune bihurtuko da. Nagusiki gizonez osatutako zirku esperpentiko bat, askotariko hizkuntza, lanbide, arraza, erlijio eta ideologien nahasketa. Bona nit, rambles giza zoologiko baten erretratua da, gauez euren hirian pasieran dabiltzan bi emakume gazteren ikuspegitik.
Uda amaierako euriak zipriztindutako Isiltasuna etenez, mutil talde batek gela zahar baten memoria matriarkala txikituko du. Berehalako arriskuaren aurrean, zaharrenak lidergoa lortzeko lehian dabiltza. Arratsaldea euriaren bizitasunarekin luzatu eta barnealdean beroa handitzen den heinean, indarkeriaz jokatzen hasiko dira. Gorputza zaurituta izanik, Chico gazte zaurgarria ez da moldatzen eta desira-zantzu tragiko bat aurkituko du.
Visman izeneko Kubako herri batean, fantasia historikoekin obsesionatutako gazte bat horietan babesten da bere familia-loturen konplexutasuna eta gizarte-ingurunea aztertzeko. Aita desgaitua berak bakarrik zaindu beharra ardura handia izanik, Antoineren erregealdia bere kontakizun epikoari bizia ematen saiatzen da, eguneroko ezbeharrei aurre egin eta gainbeheran den mundu batetik deskonektatu nahian.
El tercer paisaje film-proiektu bat da, Omako baso margotua gaixoarazi zuen onddoa duena protagonista; Agustín Ibarrola euskal artistak 80ko hamarkadan Bizkaian egin zuen lana da Omako baso margotua. Obra hori land Art mugimendukoa da; hots, iragankortasuna du ezaugarri nagusi. Horri jarraikiz, artistek kondizio meteorologikoen eta giza borondatearekin lotu gabeko gainerako elementuen mende uzten dituzte euren lanak.
Problematikotzat jotako haur bat tenplu arraro batera eraman du amak. Ama itxaropentsu bazegoen ere, haurrak bere errebeldiarekin jarraitzen du. Tenpluan, 'munstro' deitzen dioten mutil bat ezagutuko du, bihurrikeriak patxadaz egiten dituena. Mutil horren ikuspegiaren bidez, haurrak bizitzaren balioa ikasiko du. Haren begiradari jarraituz, naturak irakasten diguna edozein sermoi baino sakonago entzuten dela sentitzen da.
Kameraren aurrean, Kai zinema-ikasle txinatarra Halekin duen adiskidetasunaren konplexutasunaren berri ematen saiatuko da; Hal Kai baino zaharragoa den afroamerikarra da, egunkari-saltzailea, eta AEBetara iritsi zenean ezagutu zuen. Urtebete lehenagoko gertaerak berritu ahala, biak proiektuaren benetakotasunarekin eta arazo etikoekin lehiatzen hasiko dira. Alabaina, ezein forma dokumentalek ezin dio bere buruari nagusitasun moralik esleitu.
Emakume gazte bat sufritzen ari da ama −gaixotasun larria duena− zaindu behar duelako. Amaren autoestimua hobetzen saiatzen dela, bere ezkutuko motibazioei aurre egin beharko die, eta konturatuko da galeraren beldurra ez dela bultzatzen duen indar bakarra.
Egun batean, Ayano piknik egitera doa Shuichi mutil-lagunarekin eta Minato alaba txikiarekin. Hiruren arteko giroa apur bat deserosoa da, Minatoren ama Miho zenaren presentziagatik. Azkenik, sakabanatu egingo dira. Minato bere amaren oroitzapenetan murgilduko da. Iraganeko fantasia ezagun bat ikusiko du, berriz, Shuichik. Orduan, Mihoren mamua aurrean agertuko zaio Ayanori. Pixka batean euren izenak esan gabe hitz egin ondoren, banandu egingo dira biak.
Parisko zubi zaharrenetik gertu (Pont-Neuf zubia), Camille −bigarren eskuko liburuen denda batean lan egiten duen emakume bat− Paulekin −Eiffel dorreko huskeria-saltzaile batekin− gurutzatuko da. Gau batean zehar, bi arima gazte horiek Argiaren Hiriko erritmo liluragarrian murgilduko dira.
Gaur egungo publikoa hain ohitua dagoenez zinemarekin, genero bakoitzeko filmak nola amaituko diren aurreratzen ditu. Noirra, eta kasu honetan neo-noirra, atmosferak markatutako generoa da. The Slipek zinemaren alderdi formalak erabiltzen ditu aldarte hori sortzeko, giza interakzioei, oinezkoen mugimenduei eta paisaiei intriga estrintsekoa emanez. Azken batean, zerbait gertatuko da...
Gabriela, 22 urteko neska gazte bat, haurtzaroko kaleetan zehar dabil, galdu zaion txakurraren bila. Bizilagun ohiak lagunduta, lehen bizi zeneko auzoko bazterrak arakatzen dituzte. Noraezean ibiltze horren medioz, txokoak bizia hartuz joango dira egunean zehar, keinu libre eta musikal gisa. Oda bat kaleko txakurrei.
Etorkizun hurbilean, Lurrak gizaki heldu guztiak zigortu ditu gure planeta behar bezala ez zaintzeagatik, eta suntsitutako mundu batean abandonatuta dauden haur batzuek eguneroko bizitza etorkizuneko ziurgabetasunean pentsatu gabe bizitzen saiatzen dira. Haurrek helduekiko gorrotoaren bidez bideratzen dute beldurra, baina zer gertatuko da haur horietako bat heltzen hasten denean?