RTVEk zinemaren hiru Gala egingo ditu aurten Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan, haren partizipazioa duten obra hauek aurretiaz estreinatzeko: Alexis Moranteren ¿Es el enemigo? La película de Gila / May I Speak with the Enemy?, Rodrigo Cortésen Escape eta Juana Macíasen Las chicas de la estación / The Girls at the Station.
RTVEk −Zinemaldiaren babesle ofizialak− hitzarmen bat sinatu du, hurrengo hiru urteotan Zinemaldiarekiko lankidetza indartzeko eta Donostian bere partizipazioa duen zinema aurkezteko egin ohi dituen bi galak ugaritu eta hirutan ezartzeko.
¿Es el enemigo? La película de Gila / May I Speak with the Enemy?, Alexis Morantek zuzendua eta Óscar Lasarte, Carlos Cuevas, Natalia de Molina eta Salva Reina protagonista dituena, Victoria Eugenia Antzokian estreinatuko da aurretiaz; fabula baikorra, Miguel Gilak gerran borrokatu zueneko eta fusilatua izatetik bizirik atera zeneko garaian oinarrituta dago filma. Gerraren kontrako aldarrikapena, Gilak gudan lehen pertsonan bizitako gertakari tragikoak eta horiek umorera eramateko baliatu zuen era lotzen dituena.
Escapek −Rodrigo Cortésen film berriak, Mario Casas izanik protagonista nagusia eta Martin Scorsese, berriz, ekoizle exekutiboetako bat−, Kursaal 2 aretoan izango du bere gala. N.ren istorioa kontatzen digu filmak, erabaki bakar bat hartu gabe kartzelan bizi besterik nahi ez duen gizon apurtu batena (hori lortzeko, edozer egingo du protagonistak). Oso film pertsonala eta sailkaezina da eta Anna Castillo, José Sacristán, José María Pou, Blanca Portillo, Guillermo Toledo eta Juanjo Puigcorbé ere daude aktore-zerrendan, besteak beste.
Juana Macíasen Las chicas de la estación / The Girls at the Station filma Príncipe zinema-aretoetan aurkeztuko da, eta Mallorcako adingabeen zentro batean gertatutako benetako gertakarietan funtsatuta dago: prostituzio-sareek harrapatu egin zituzten zentro horretako zenbait neska. Atzera-bueltarik gabeko muga bat zeharkatzear egon ziren gazteen sektore baren belaunaldi-deskribapena egiten du filmak
Hiru film horiez gain, RTVEk partaidetutako lau filmekin parte hartuko du aurten Donostiako Sail Ofizialean eta beste birekin New Directors Sailean. Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira Los destellos / Glimmers (Pilar Palomero), El llanto / The Wailing (Pedro Martín-Calero), Tardes de soledad (Albert Serra) eta Hard Truths (Mike Leigh); eta egileen lehen eta bigarren filmak biltzen dituen sailean Por donde pasa el silencio / As Silence Passes by (Sandra Romero) eta La llegada del hijo / Surfacing (Cecilia Atán eta Valeria Pivato) aurkeztuko dira.
1936ko Madrilen, Miguel Gila izeneko gazte bat lasai eta zoriontsu bizi da bere aitona-amonekin txapitula apal batean. Baina Gerra Zibilaren eztandak borrokara joatera behartuko du Miguel, Pedro adiskidearekin batera. Han, Gilak umoreari esker lortuko du bizirik ateratzea miseria, bataila, fusilamendu eta kartzelatik. Inguruko mundua interpretatzeko modu paregabe horri esker, Gila Espainiako eta Latinoamerikako komiko ezagunenetako bihurtuko da.
N. gizon hondatua da: badu ondo ez doan zerbait barruan. Ez du erabaki bakar bat hartu nahi, mundutik jaitsi besterik ez. Aukerak izateari utzi. Bere psikologoak ez daki nola heldu arazoari, eta arreba laguntzen saiatzen da baino ez du ezer lortzen. N.k kartzelan bizi besterik ez du nahi, eta edozer egingo du hori lortzeko. Lortuko al dute senideek gizonak gero eta delitu larriagorik ez egitea? Noraino iritsiko da epailea N.k bere asmoa ez dezan lortu?
Jara eta bere bi lagun onenak adingabeen zentro batean hazi dira. Jararen urtebetetzea gehien gustatzen zaien trap queenaren kontzertuan ospatu nahi dute, baina dirua falta zaie. Ez dute dirua lortzeko modu askorik, baina Jarak badaki neskek badutela gizon batzuek beti nahi duten zerbait.