"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak, San Telmo Museoak, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkarteak, ICAAk (Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak) eta Red Balloon Alliance elkarteak berriz ere bultzatuko dute Puxika Gorria –Zinemaldiaren egunetan (irailaren 20tik 27ra) martxan egongo den sormen-jardueren ludoteka-zerbitzua–, Ludoteca Zorionak Kids & Party taldearekin elkarlanean.
Puxika Gorriaren seigarren edizio honetan ere, San Telmo Museoan egingo dira zerbitzuaren jarduerak, 120 metro karratuko gune batean, eta terraza estalia izango duen barneko espazio bat egokituko da bertan. Zerbitzua, Zinemaldian familia-kontziliazioa errazteko helburua duena, pertsona akreditaziodunen eta Zinemaldiaren antolakuntzako langileen seme-alabei zuzenduta egongo da.
Zinemaldiko publikoak ere ludoteka zerbitzua erabili ahalko du larunbatean (irailaren 21ean) eta igandean (irailaren 22an), arratsaldez. Egun horietako saio baterako sarrera bat izanez gero, ludotekan hiru orduz (15:00etatik 18:30era) doan egoteko aukera izango dute (edukiera bete arte). Ezinbestekoa da aldez aurretik tokia gordetzea eta erositako sarrera aurkeztea.
Red Balloon Alliance ekimenaren parte, Puxika Gorria Cannesko eta Berlingo zinema-jaialdien haurtzaindegiekin (Le Ballon Rouge eta Berlinale Kindergarten, hurrenez hurren) bateratutako jarduera da. Halaber, egitasmoa hedatuz doa, Punto de Vista (Nafarroa) eta Seminci zinema-jaialdiek ere bat egin baitute. Hainbat enpresa eta erakunderen babesa du Puxika Gorriak, besteak beste, honako hauena: Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, Buena Pinta Media, CIMA Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea, ICAA Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutua, Danish Film Institute, SGAE Fundazioa, German Films, Morena Films eta San Telmo Museoa. Gainera, VIVA.media, DonostiKidSS, Itsas Museoa, ECAM eta Zorionak Kids & Party ludoteka eta jostailu-dendaren laguntza du.
Ludotekak irailaren 20tik 26ra 10:00etatik 18:00etara irekiko ditu ateak eta 27an (ostirala), aldiz, 10.00etatik 14:00etara. Inskribatutako haur bakoitzak gehienez ere segidako sei ordu igaro ahalko ditu bertan. Zorionak Kids & Party enpresako zaintzaileek euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ematen dute arreta, eta halako guneetan jarduteko beharrezko aseguru guztiak dituzte. Lekuak mugatuak dira eta lehentasuna izango dute Zinemaldiko akreditaziodunek.
Ludotekan inskribatzen diren familiek doako haurrentzako jarduerak egiteko aukera izango dute. Zinemaldiaren zortzi egunetarako tarifa 65 euro da; 35 euro hiru egunetarako; eta 20 euro egun baterako. Lekua eskatzeko, formulario hau bete beharko da, zehaztuta zer egunetarako nahi den erreserbatu zerbitzua eta zein den haurraren adina, eta Zinemaldiko akreditazioaren egiaztagiria erantsi behar da.
Beste kontsulta edo eskaera batzuetarako, ludotekazorionak@gmail.com eta redballoonalliance@gmail.com helbideetara idatzi behar da.