Urrezko Palma eta Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioko palmareseko film ugari, Berlinaleko Zilarrezko Hartza Epaimahaiaren Sari Nagusia eta Annecyko Cristal saria lehiatuko dira Donostia Hiria Publikoaren Saria beretzeko, Veneziako Mostran, Torontoko zinema-jaialdian eta bestelako topaldietan hautatutako beste film batzuekin batera. Andrea Arnold, Jacques Audiard, Sean Baker, Francis Ford Coppola, Emmanuel Courcol, Adam Elliot, Coralie Fargeat, Payal Kapadia, Mohammad Rasoulof, Walter Salles, Hong Sangsoo, Paul Schrader eta Paolo Sorrentino zinemagileek euren film luze berriak erakutsiko dituzte lehiaz kanpoko hiru film bilduko dituen sailean: Marco (Jon Garañok eta Aitor Arregik Perlak sailari amaiera emango diote Belodromoan film horrekin), Chris Sandersen The Wild Robot animaziozko filma eta Maria Callas: Letters and Memories, Tom Volf eta Yannis Dimolitsas egileena.
Emilia Pérez filmari esker, Jacques Audiardek (París, 1952) Epaimahaiaren Saria eraman zuen Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioan, eta film horrek emango dio hasiera, hain justu, Perlak sailari (lehian ariko da). Zoe Saldaña, Karla Sofía Gascón, Selena Gomez eta Adriana Paz antzezleek emakumezko aktore onenaren saria irabazi zuten (sari kolektiboa), halaber, sexu-trantsizioa egitea erabakiko duen narkotrafikatzaile mexikar bati buruzko film horrengatik. Edgar Ramirez ere aktoreen zerrendan dago. Audiardek Un Prophète / A Prophet (Perlak, 2009) filmarekin ere beretu zuen Epaimahaiaren Sari Nagusia, baita Urrezko Palma bat ere Dheepan (2015) pelikularekin, eta Veneziako Mostran zuzendari onenaren saria eraman zuen Les frères Sisters / The Sisters Brothers (Perlak, 2018) lanarekin. 2009an, De battre mon coeur s'est arrêté / The Beat That My Heart Skipped (2004) filmak Kontrauhina: Frantziako Zinema Berriena atzerabegirakoan parte hartu zuen.
Cow (2021) Cannes Première sailean aurkeztu ondoren, Andrea Arnoldek (Dartford, 1961) Perlak sailean aurkeztuko du Bird, Cannesko Sail Ofizialean bildutako bere film berria; zinemagileak hiru aldiz irabazi du Epaimahaiaren Saria Cannesen: Red Road (2006), Fish Tank (2009) eta American Honey (2016). Zinemagile britainiarraren lan berriak Kent iparraldeko etxe okupatu batean aitarekin eta anaiarekin bizi den 12 urteko nerabe baten istorioa kontatzen digu.
Anora −Cannesko azken Urrezko Palmaren irabazlea− ere Perlak hautaketaren parte da. Filmaren egile Sean Bakerrek (Summit, 1971) oligarka errusiar batekin ezkonduko den Brooklyngo sexu-langile gazte baten gorabeherak planteatzen dizkigu. Hirugarrengoz hartuko du parte zuzendari estatubatuarrak sailean, Cannesko Quinzaine des Cinéastes atalean estreinatutako The Florida Project (Perlak, 2017) eta Cannesko hautaketa ofizialean lehiatutako Red Rocket (Perlak, 2021) filmen ondoren.
Francis Ford Coppolak (Detroit, 1939) ere hartu zuen parte Cannesko zinema-jaialdiaren azken edizioan Megalopolis alegia erromatar epikoarekin; irudikatutako Amerika batean girotua, hainbat izar ditu aktore-zerrendan, hala nola Adam Driver, Giancarlo Esposito, Nathalie Emmanuel, Aubrey Plaza eta Shia LaBeouf. Sei Oscar irabazi ditu Coppolak, bere ibilbide osoari egindako aintzatespen bat barne hartuta, eta 2002an Donostia Zinemaldiaren 50. Urteurreneko Sari Berezia eraman zuen; Zinemaldiari gagozkiola, Urrezko Maskorra beretu zuen bere ibilbidearen hasieran The Rain People (1969) filmarekin, Rumble Fish (1983) pelikularekin lehiatu zen Sail Ofizialean, non lehiaz kanpo parte hartu zuen The Godfather Part II (1974), The Conversation (1974) eta Apocalypse Now (1979) obrekin.
Cannes Première sailean izan zuen estreinaldia En fanfare / The Marching Band filmak; komedia horretan, orkestra-zuzendari itzaltsu batek jakingo du anaia bat duela eta, berak bezalaxe, musika maite duela anaia horrek. Emmanuel Courcol (Paris, 1958) zinemagile frantziarraren hirugarren film luzea da, Cessez-le-feu (Alto el fuego, 2016) eta Un triomphe (2020; komedia onenaren saria Europako Zinemaren Sarietan) lanen ondoren.
Animaziozko zineman espezializatua, Adam Elliot zuzendari australiarrak (Melbourne, 1972) Annecyko zinema-jaialdian film luze onenaren Cristal saria beretzea ahalbidetu zion filma erakutsiko du Perlak sailean; hala, barraskiloen figura apaingarriak biltzea gustuko izanik eleberri erromantikoei maitasun sakona dien neskato bakarti bati buruzkoa da Memoir of a Snail, Ellioten bigarren film luzea. Lehena Mary and Max (2009) izan zen, hura ere garailea Annecyn, eta Animatopia. Animaziozko zinemaren bide berriak atzerabegirakoan programatu zen. Beste hainbat obra ere egin ditu, hala nola Harvie Krumpet film laburra (2003), Oscar baten irabazlea.
Coralie Fargeatek (Paris, 1976) Revenge (2017) filmarekin egin zuen debuta (zuzendari onenaren saria Sitgesko zinema-jaialdian), eta The Substance erakutsiko digu oraingoan, Cannesen gidoi onenaren saria irabazi zuena. Demi Moore, Margaret Qualley eta Dennis Quaid izanik aktore nagusiak, zinegile frantziarraren bigarren lana zelula-banaketan oinarrituta egonik alter ego gazte, eder eta perfektuagoa sortzen duen produktu iraultzaile bati buruzkoa da.
Payal Kapadia (Mumbai, 1986) zuzendari indiarrak −Cannesko Quinzaine des Cinéastes-en programatutako A Night of Knowing Nothing (2021) filmarekin estreinaldi dokumental onenaren Œil d'Or saria eskuratu zuenak− bere bigarren filma aurkeztuko digu Donostian, All We Imagine as Light, Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuena. Lanaren bidez oroitzapen mingarriak ezabatzen saiatzen den erizain baten istorioa kontatzen digu filmak: egun batean, ustekabeko opari bat jaso eta iraganeko zauriak berriz irekiko zaizkio protagonistari.
Mohammad Rasoulof (Shiraz, 1972) zinemagile irandarra Perlak sailean izango da, The Seed of the Sacred Fig filmarekin, Cannesen Epaimahaiaren Sari Berezia eta FIPRESCI saria irabazi ondoren; Teheran gatazka politikoz gainezka egonik epaile batek pairatuko duen paranoia kontatzen digu oraingoan egileak, Donostiako Sail Ofizialean parte hartu zuenak Keshtzar haye sepid / The White Meadows (2009) filmarekin eta, besteak beste, Cannesko Un Certain Regard atalean film onenaren saria eskuratu zuenak Lerd / A Man of Integrity (2017) lanagatik, Urrezko Hartzaz gainera Sheytan Vojood Nadarad / There Is No Evil (2020) pelikulagatik.
Walter Salles (Rio de Janeiro, 1956) berriz izango dugu Perlak sailean Ainda Estou Aqui / I'm Still Here lanarekin; Brasilgo diktaduran desagertutako politikari laborista baten emaztearen borrokari jarraitzen dio Sallesen film berriak, Venezian lehiatuko denak. Zuzendaria Terra estrangeira (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 1995) filmarekin hasi zen nabarmentzen eta, besteak beste, hauek zuzendu zituen horren ondoren: Central do Brasil (1998), Urrezko Hartza, atzerriko film onenaren Golden Globe saria eta abar lortu ondoren Donostia Zinemaldiko Publikoaren Saria eta Gazteriaren Saria eskuratu zituena; Diarios de motocicleta / The Motorcycle Diaries (2004), Perlak sailean programatuta egonik berriz ere Gazteriaren Saria jasotzea ahalbidetu ziona; Paris, je t'aime (2006) film kolektiboa, Perlak sailean programatua berau ere, eta Jia Zhang-ke, um homem de Fenyang / Jia Zhang-ke, A Guy From Fenyang (2015) dokumentala, Zabaltegi-Tabakaleran emana.
Yeohaengjaui pilyo / A Traveler’s Needs, Zilarrezko Hartza Publikoaren Sari Nagusia azken Berlinalen, Hong Sangsooren (Seul, 1960) film berria da eta Korean instalatzen den emakume frantses bat du protagonista nagusi, Isabelle Huppertek antzeztua. Zinemagile emankorra Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours (2016) filmarekin, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra erdietsi zuen lan horrengatik. Top / Walk Up (2022) pelikularekin ere lehiatu zen Zinemaldiko Sail Ofizialean, eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu zuen Geu-hu / The Day After (2017; lehian Cannesen) eta Domangchin yeoja / The Woman Who Ran (2020) lanekin; azken horrek Zabaltegi-Tabakalera Sariaren Aipamen Berezia jaso zuen Berlinen zuzendari onenaren Urrezko Hartza beretu ondoren.
Paul Schrader (Grand Rapids, 1946) zuzendari eta gidoigilea Oh Canada filmarekin izango da Perlak sailean, Cannesera eraman ondoren. Richard Gere, Uma Thurman eta Jacob Elordi ditu protagonista filmak, bere bizitzari buruz egia osoa kontatzea erabaki duen dokumentalista bati buruzkoak. Schraderrek Yakuza (Sidney Pollack, 1975) eta Taxi Driver (Martin Scrosese, 1976) filmen gidoiak idatzi zituen (besteak beste), eta Donostia Zinemaldiko Auzoak eta Herriak sailean aurkeztu zuen Blue Collar (1978), bere lehen filma zuzendari gisa, 1982an. Urte batzuk geroago, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Auto Focusekin (2002), eta 2019an, berriz, Mishima: A Life in Four Chapters (1985) bere filma berreskuratu zuen Klasikoak sailak.
Paolo Sorrentinok (Napoli, 1970) −È stata la mano di dio / The Hand of God (2021) filmarekin egon zenak Donostia Zinemaldiaren Hizketaldian atalean, Venezian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu ondoren−, Parthenope epopeia femeninoarekin hartuko du parte Perlan sailean, Cannesen estreinatu ondoren. Hona hemen zuzendari italiarraren lanik nabarmengarrienak: Il Divo (2008), Cannesen Epaimahaiaren saria erdietsi zuena; La grande bellezza (2013), ingelesez besteko film onenaren Oscar sariaren irabazlea, eta Youth (2016), Europako Zinemaren hiru Sari bildu zituena.
Hamahiru film hauek dira Donostiako Udalak babestutako Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai. Esan behar da filmaren lehen emanaldira etorritako ikusleek erabakitzen dutela zein filmek merezi duen saria. Donostia Hiria Publikoaren Saria bi golardoz osatuta dago: batetik, film onenaren saria dugu, 50.000 eurokoa; eta bestetik, Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Film irabazlea Espainian banatzeko eginkizuna duten banaketa-enpresek jasotzen dute.
Veneziako Mostrako Orizzonti sailetik igaro ondoren, Jon Garañoren (Donostia, 1974) eta Aitor Arregiren (Oñati, 1977) film luze berriak lehiaz kanpo emango dio amaiera Perlak sailari, Belodromoan. Marco filmeko protagonista Enric Marco da (Eduard Fernández aktoreak antzeztua), benetan existitu zen pertsona bat, bere biografia faltsutu zuena, Flossenbürgeko kontzentrazio-esparrutik bizirik atera zelakoan. Euskal Herriko zinemagileek Donostiako Sail Ofizialean hirutan hartu dute parte, Loreak / Flowers (2014), Handia (Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar Saria, 2017) eta La trinchera infinita / The Endless Trench (zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eta gidoi onenaren Saria, 2019) lanekin; hauetan ere Jose Mari Goenagak zuzendari lanak egin zituen.
The Wild Robot DreamWorks Animation etxearen abentura epiko bat da, uharte huts batean galdu ondoren antzarakume umezurtz bat adoptatuko duen robot bati buruzkoa. Chris Sandersek (Colorado, 1962) zuzendutako animaziozko film hau Toronton estreinatuko da, eta jatorrizko bertsioa Lupita Nyong'o, Pedro Pascal, Catherine O'Hara, Bill Nighy, Kit Connor, Stephanie Hsu, Mark Hamill, Matt Berry eta Ving Rhames antzezleek bikoiztu dute.
Azkenik, Maria Callas: Letters and Memories ez-fikziozko filma lehiaz kanpo emango da Perlak sailean, Maria Callas soprano mitikoaren bizitzan zeharreko bidaia intimoa. Monica Bellucci aktoreak egin du Callasen rola Festa del Cinema di Roma jaialdian estreinatu eta Tesalonikako jaialditik igarotako film honetan. Tom Volfek eta Yannis Dimolitsasek (Chania, 1986) zuzendua, oroitzapenak, gutunak eta orain arte ikusi gabeko irudi esklusiboak baliatzen ditu bel canto musika-teknikako ikonoa oroitarazteko.
Armani Beauty –Zinemaldiaren official beauty sponsor laguntzailea– da Perlak saileko babeslea.
Gainkualifikatua eta gutxietsia, Ritak abokatu gisa dihardu kriminalak arazoetatik ateratzea justiziaren esku uztea baino gehiago intesatzen zaion abokatu-langela batean. Egun batean, ustekabeko zerbait jazoko zaio: Manitasek –kartel bateko buruak– kontratatu egingo du laguntza behar duelako bere negozioetatik erretiratu eta luzaroan ezkutuan prestatutako plan bat benetako bihurtzeko: betitik izan nahi duen emakume bihurtzea.
Enric Marco inoiz existitu gabeko deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izateraino iritsi zen Marco, eta bertan, mirespena piztu zuen bere ustezko ausardia eta sufrimenduagatik. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua dela jakin zuen arte.
Lehiaketan |
Brasil, 1971. Herrialde bat diktadura militar baten atzaparretan. Ama batek bere burua berrasmatu beharko du indarkeria arbitrarioko ekintza batek bere familiaren bizitza suntsitzen duenean.
Mumbain, Prabha erizainaren errutina korapilatu egingo da senarraren ezusteko opari bat jasotzen duenean. Prabharen gelakide gaztea –Anu– alferrik ahalegintzen da hirian mutil-lagunarekin bakarka egoteko leku bat aurkitzen. Kostaldeko herri batera bidaiatuko dute, eta hor izango dute aukera euren desioak azaleratzeko.
Anora Brooklyngo sexu-langile gazteak aukera izango du Errauskinen ipuina egia bihurtzeko oligarka baten semea ezagutu eta harekin bulkada batean ezkontzen denean. Baina albistea Errusiara iritsi eta emakumearen maitagarri-ipuina desagertzeko arriskuan egongo da, gurasoak New Yorkera joango baitira ezkontza baliogabetzera.
12 urteko Bailey gaztea Kent iparraldeko etxe okupatu batean bizi da Bug aita ezkongabearekin eta Hunter anaiarekin. Bugek ez du denbora asko bere semeentzat eta Bailey, pubertarora iristear, arreta eta abentura bila ibili ohi da bere kasa.
Iman instrukzio-epaileak paranoiari aurre egin beharko dio Teherango istilu politikoen erdian. Pistola desagertzen zaionean, emaztea eta alaba susmagarri bihurtuko dira, eta neurri drakoniarrak ezarriko ditu gizonak. Familia-loturak tenkatu egingo dira arau sozialak suntsitu ahala.
Thibaut nazioarte-ospe handiko orkestra-zuzendaria da, mundu osoan bidaiatzen duena. Adoptatu egin zutela jakitean, anaia gaztea duela jakingo du: Jimmyk eskola-kafetegi batean lan egin eta musika-talde txiki batean tronboia jotzen du. Zeharo desberdinak dira, antza, musika maite dutela izan ezik.
New Romek aldatu beharra du, baina horrek gatazka eragiten du Cesar Catilinaren −artista talentudun baten− eta Franklyn Cicero alkatearen −bere oposiziogilearen− artean: etorkizun utopiko eta idealista baterantz jauzi egin nahi du lehenak, eta gutizia, interes partikularrak eta gerra alderdikoia betikotuz statu quo atzerakoi batekin konprometituta jarraitzen du, ordea, bigarrenak.
Hirurogeita hamarreko hamarkadako Australian, zorigaitzak eta galerak markatu dute Graceren bizitza. Bere familia-unitatea bertan behera erori eta anaia biki Gilbertengandik banantzen dutenean, bakarrik sentitzen eta barraskilo-apaingarriak biltzen hasiko da Grace. Itxaropena aurkituko du Pinky izeneko emakume zahar xelebre baten adiskide egitean; Pinkyk bere oskoletik ateratzera inspiratuko du, alde batera uztera etxea eta gogoa nahasten dizkioten gauzak.
Oh Canada Leonard Fiferi –Vietnamgo gerran Kanadara ihes egin zuen erbesteratu bati– buruzko drama bat da. Hiltzear, Fifek bere sekretuak azalduko ditu Malcolm ikasle ohiari emango dion azken elkarrizketa batean, eta emaztearen aurrean egingo du aitorpena. Russell Banksen testuan oinarrituta, ezegonkor eta koldarra izanik inolako asmo politikorik gabe Kanadan babesa bilatu zuen gizon baten bizitza aztertzen du filmak. Schraderrek oroimenezko eta damuzko kontakizun bat ehuntzen du, iraganeko akatsak eta erredentzio-nahia islatuz.
Parthenoperen bizitzaren bidaia luzea, jaio zenetik (1950) gaur egun arte. Epopeia femenino honek ez du inolako heroismorik, baina grina gogorrez gainezka dago: askatasuna, Napoli eta maitasunaren aurpegiak, benetako baina alferrikako eta ezin adierazizko maitasun horiek guztiak. Uda perfektua Caprin, gazteen berezko lotsagabetasuna, tranpa batean amaituko dena. Eta gero beste guztiak: napolitarrak, gizon-emakumeak, behatuak eta maitatuak, etsia hartuak eta biziak, euren malenkonia-olatu eta ironia tragikoekin.
"Zu, baina hobea zentzu guztietan". Hori da Substantziaren promesa. Zelula-zatiketan funtsatutako produktu iraultzaile horrek alter ego gazteagoa, ederragoa, perfektuagoa sortzen du.
Iris bidaiari misteriotsua, Seul inguruan dabil noraezean. Han, pertsona batzuk konbentzitu egingo ditu frantsesa irakasteko metodo ez oso ortodoxo eta limurtzaile batekin, esperientziarik ez izan arren. Parkean paseatzen eta ardo makgeolli arroz-ardo botilen artean, badirudi Iris familiako beste kide bat dela. Lastozko kapelaz, soineko lore-estanpatudunaz eta jakatxo berdez jantzita dagoela, emakumearen nortasun desinhibituak konfiantza eta dibertimenduzko giroa sortuko du, ikastekoa proposa, baina harrokeriak eta gaizkiulertuek une ezin barregarriagoak eragingo dituzte.
Lehiaketatik kanpo |
Ibilbide intimoa Monica Belluccik antzeztutako Maria Callas soprano ospetsuaren bizitzan zehar. Oroitzapen, gutun eta orain arte ikusi gabeko irudi esklusiboen medioz, Callasek argi eta garbi hitz egiten du nola New Yorkeko bere haurtzaro apalari hala soprano gisa lortuko zuen maila gorenari buruz (mundu osoan ezin ezagunagoa izateraino). Iraganeko oroitzapen espektralez inguratuta, ikonoaren atzeko emakumea ezagutuko dugu, bere pertsonalitate publiko eta pribatuaren artean zubi bat eraikiz. Denboraz kanpoko omenaldia betiereko mito bati.
DreamWorks Animation etxearen abentura epiko bat, biztanlerik gabeko uharte batean galdu eta ingurune gogor batera egokitzen ikasi beharko duen robot baten bidaiari buruzkoa. Hango faunarekin harremanak eratzen ikasi beharko du apurka, eta antzarakume umezurtz baten adopziozko ama bihurtuko da.