Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailak lan hauen bertsio zaharberrituak hartuko ditu: Montxo Armendárizen Tasio, saila inauguratuko duena; Bigas Lunaren Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho / Tatuaje, the First Adventure of Pepe Carvalho; Jane Campionen The Piano; Tseng Chuang-Hsiangen Sha Fu / The Woman of Wrath; José Antonio Nieves Conderen Surcos / Furrows, eta Niki de Saint Phalleren Un rêve plus long que la nuit.
Atzerabegirakoez gain, Donostia Zinemaldiak zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik, nortasun-zeinu gisa. Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan –Zinemaldian bertan estreinatu eta 40 urtera–, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) filmak –Euskadiko Filmategiak zaharberritutako bertsio batean–, Klasikoak saila inauguratuko du Victoria Eugenia Antzokian hilaren 21ean (larunbata), zinema klasikoko jaialdi ospetsuenetan hautatua izan ondoren: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière jaialdia (urrian proiektatuko dute han).
Kataluniako Filmategiarekin lankidetzan, Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho / Tatuaje, the First Adventure of Pepe Carvalho (Bigas Luna, 1978) ere berreskuratuko da; zinemagile katalanaren lehen film luzea Manuel Vázquez Montalbánen izen bereko eleberrian oinarrituta dago (izan ere, eleberrigileak filmaren gidoian parte hartu zuen Bigas Luna eta Josep Ulloarekin batera). Filmak saila itxiko du. Carlos Ballesteros, Pilar Velázquez eta Mónica Randall protagonista dituen intrigazko film honetan, Vázquez Montalbánek sortutako detektibe ospetsuak –Pepe Carvalhok– gizon gazte baten heriotza ikertuko du. Biktimaren gorpua Bartzelonako hondartza batean agertu da, esaldi bat tatuatuta duela besoan: "Infernua iraultzeko jaio naiz".
Horretaz gain, eta Lyongo Institut Lumière erakundearekin lankidetzan, Jane Campion errealizadore zeelandaberritarraren garaiko film ikoniko baten bertsio zaharberritua ere emango da: The Piano (1993), 90eko hamarkadan leihatila- eta kritika-inpaktu handia izan zuena. Filma Thierry Frémaux-ek –Institut Lumièreko zuzendariak– aurkeztuko du, eta Cannesko zinema-jaialdiko Urrezko Palma beretu zuen (emakume batek zuzenduta egonik golardo hori eraman zuen lehen filma izan zen), baita hiru Oscar ere (gidoi onenaren sariaz gain, emakumezko aktore onenaren eta antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren sariak Holly Hunterri eta Anna Paquini, hurrenez hurren). The Power of Dog (Perlak, 2022) filmaren zuzendariak piano-jotzaile mutu baten istorioa kontatzen digu. Alabarekin Eskoziatik –bere jaioterritik– Zeelanda Berrira joango da, itunpean gizon batekin ezkontzeko.
Sha Fu / The Woman of Wrath (Tseng Chuang-Hsiang, 1984) ere bildu da hautaketan, 80ko hamarkadako zinema taiwandarraren olatu berriaren klasiko bat. Tseng Chuang-Hsiangek (Guandong, 1947) zuzendu zuen Li Ang egilearen The Butcher’s Wife eleberriaren egokitzapen hau. Japoniak Taiwan okupatu zueneko garaian girotua eta benetako jazoeretan inspiratua, emakume gazte umezurtz baten egoera salatzen du; ama suizidatu ondoren, harakin batekin ezkontzera behartuko dute protagonista.
Zinema espainiarraren beste klasiko da programatuko da Klasikoak sailean, Videomercuryrekin lankidetzan: Surcos / Furrows (José Antonio Nieves Conde, 1951), "nazioarteko kategoriako lehen film espainiarra", José María García Escudero historialariaren hitzetan. Gonzalo Torrente Ballesterrek, Nieves Condek berak, Eugenio Montesek eta Natividad Zarok moldatutako bilbea 40ko hamarkadaren amaierako Madrilen girotu zuen Nieves Condek. Bertan, landa-eremutik hirira migratu duen familia bat (aktoreak: Luis Peña, María Asquerino, Francisco Arenzana, Marisa de Leza eta Ricardo Lucía) bizitza berri bati ekiten saiatuko da, hobetzeko itxaropenez.
Azkenik, Klasikoak sailak Un rêve plus long que la nuit (1976) aurkeztuko du, Niki de Saint Phalleren bigarren eta azken filma. Filma zuzentzeaz gain, margolari, eskultore eta zinemagile frantziarrak egiten du protagonistaren rola (aktore zerrendan Jean Tinguely eskultore suitzarra eta bere senarra ere ageri da; iazko atzerabegirakoaren zinemagileak –Hiroshi Teshigarak– dokumental bat eskaini zion Tinguelyri) haur-ipuinaren itxurako film horretan. Printzesa batek helduen bizitzarako iragaitea esperimentatuko du, patriarkatuaren eremu minatua zeharkatuz, testuinguru fantasmagoriko eta surrealista batean.
Azken bost urteotan, Klasikoak sailak hainbat film programatu ditu, hala nola hauek: Akai Tenshi / The Red Angel (1966), Yasuzo Masumurarena; Principio y fin / The Beginning and the End (1993), Arturo Ripsteinena; Érase una vez... (1950), de Alexandre Cirici Pellicer eta Josep Escobarrena; Festival en las entrañas (1963-1965) José Val del Omarrena; Nueve cartas a Berta / Nine Letters to Berta (1966), Basilio Martín Patinorena; Fúria espanyola / Spanish Fury (1975), Francesc Betriurena; Manicomio / Asylum (1953), Fernando Fernán-Gómez eta Luis María Delgadorena; Sátántangó (1994), Béla Tarrena; eta Lumière! L'aventure commence/ Lumière! The Adventure begins (2016), Thierry Frémaux-ena (horren emanaldiarekin eman zitzaion hasiera, hain zuzen, programa honi).
2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak denboran eta espazioan hedatutako film klasikoen emanaldiak bultzatu dituzte, hiru ziklotan bilduta egonik: Filmategiak Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan udaberrian programatzen ditu hamabi film zaharberritu; Klasikoak sailerako ohar honetan iragarritako sei filmak irailean emango dira Zinemaldiaren esparruan; eta, azkenik, joan den astean iragarritako atzerabegirakoa –aurten poliziesco generoari buruzkoa eta Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenekoa– gauzatuko da. Aurten, gainera, Zinemaldiaren egunetan ikusi ahalko diren zaharberritutako film laburren ziklo bat ere eskainiko du; datorren astean emango da ziklo horren berri.
Donostia Zinemaldiak ia hasieratik aktibatutako tradizio historiko baten oinordekoa da Klasikoak: zinemagile, garai, gai edo lengoaia zinematografikoen lana berreskuratzea, hain zuzen; izan ere, 1959an René Clair egileari atzerabegirako bat eskaini zitzaion; bestalde, Euskadiko Filmategiak pelikulak zaharberritu eta zabaltzearen alde egindako apustu irmoaren oinordekoa ere bada.
#28 - Klasikoak: Denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia (*)
Tasiok hamalau urte zituenetik egiten du lan ikazkin gisa Urbasa mendilerroko herri txiki batean, Nafarroan. Bizitza aldatuz joan da, baina mendia beti berdina da: malkartsua eta ederra. Tasioren haur-jolasen eszenatokia da mendia, baina bere familia mantentzeko baliabideak dituen tokia ere bai. Heltzean, ikazkinaz gain isileko ehiztari ere izango da Tasio. Landa-exodoaren garaia da, baina Tasiok nahiago du mendian geratu bizitzen, bakar-bakarrik, bere askatasuna babestu nahi baitu.
Bartzelonako hondartza batean gizon baten gorpua agertu da, besoan mezu bat tatuatuta duela: "Infernua iraultzeko jaio naiz". Pepe Carvalho detektibea izango da kasuaren arduradun, eta Bartzelonako eremu marjinaletatik Amsterdameko kanaletara eramango du gizona; horrek ez du, alabaina, eraginik izango bere ikerketa-metodo bitxietan.
Ama suizidatu ondoren umezurtz geratuko da Lin Shih; harakin lizun batekin ezkondu denez, etsipenezko bizitza darama, eta bidaia ilun horrek mendeku-ekintza lazgarri bat gauzatera eramango du emakumea: senarra bere harakin-labanaz hiltzera, hain zuzen.
40ko hamarkadaren amaieran, familia batek landa utzi eta Madrilera emigratuko du, bizi-kondizioak hobetzeko itxaropenez. Haatik, hiriko bizitza krudela da eta desengainu eta oinazez beteta dago. Manuelek –aitak– galdategi batean aurkituko du lana, baina ezingo du hango erritmoa jasan. Pepek –seme zaharrenak– estraperlo-lan ilunak egingo ditu. Manolok –seme gazteenak– lana aurkituko du enkargu-mutil gisa, eta Tonia –arreba– neskame-lanetan hasiko da.
1851. Ada mutua da sei urte zituenez geroztik, eta musikaren eta Flora alabaren bidez baino ez da komunikatzen. Itunpean ezkondu behar duenez, Eskozia utziko du bere alaba eta pianoarekin batera. Zeelanda Berrira doa, Stewart baitu zain, berekin zerikusirik ez duen nekazari bat, harekin ezkontzeko. Adak are gehiago sufrituko du senarrak pianoa bizilagun Georgeri saltzen dionean. Baina Adak jotzen jarraitzea lortuko du Georgeri eskolak ematearen truke.
Magikoki heldu bihurtutako Camélia printzesa gazteak paisaia fantasmagoriko eta surrealista bat zeharkatu beharko du, izaki sorginduz, iratxo fantastikoz eta giza itxurako deabruz betea. Helduarorako bidaia horretan zehar, patriarkatuz minatutako eremu batean nabigatuko du, mundu berri apetatsu eta surrealista horretan hainbat topaketa beldurgarriri aurre egiteaz gain.