Guztira, 1943tik 2023ra bitartean estreinatutako 22 film luzek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko atzerabegirakoa. Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izenez, poliziesco izenekoaren panoramika osoa eskainiko du atzerabegirakoak. Halaber, zikloan Felipe Cabrerizo historialariak idatzitako liburu monografiko bat argitaratuko da; Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidearekin batera, atzerabegirakoaren koordinatzailea da Cabrerizo.
Istituto Italiano di Cultura erakundearekin elkarlanean antolatu da zikloa, eta lagungarria izango da Italiaren deskribapen egokirako balio duen genero bat hedatzeko. Izan ere, gaur egungo ikuspegiz berrikusi beharra dago poliziesco generoa.
Faxismoak zinema kriminalari ezarritako zentsura zorrotza gorabehera, Luchino Viscontik Ossessione / Obsession (1943) filmarekin emango dio hasiera zinema italiarraren historia oso-osoan zehar presentzia izan duen genero horri. Haren eraginpean aztertuko zituzten Mario Soldatik eta Fernando Cerchiok gerrak Italiaren egituran utzitako ondorioak, eta Pietro Germi edo Luigi Zampa ere bultzatuko zituen haren influentziak, sare kriminalen fenomeno hazkorraren tratamendua zorroztasunez gauzatzeari dagokionez. Bestalde, Italiako zinemagintzan hain ohikoak dira sare kriminalok, ezen komediak ere egin baitira horien inguruan, hala nola Mafioso (Alberto Lattuada, 1962, film onenaren Urrezko Maskorra Donostia Zinemaldian). Germik berak aurkeztuko zituen bere Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder (1959) lanean generoari bizitza propioa garatzea ahalbidetuko zioten gakoak, nabarmenak izaten jarraitzen zuten atzerriko erreferenteen eraginetik aldenduz.
Horri esker, poliziescoak bide berri bati ekin zion, boom ekonomikoaren kolapsoari eta 1968ko gertakizun iraultzaileen ondoren Italian sortutako gizartea haztatzean zentratutako bide bati, hain zuzen. Damiano Damianik Il giorno della civetta / The Day of the Owl (1968) filmarekin Mafiaren arazoari buruzko prisma soziologiko berri bat irekiko zuen eta, Carlo Lizzaniren zinemaren arrastoari jarraikiz, Elio Petrik bide politiko hori puntu gorenera eramango zuen Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Inquiry of a Citizen Above Suspicion (1969) filmarekin, eta atzerriko film onenaren Oscar sariak berretsi zuen ahalegina. Hori guztia forma ortodoxoagoekin uztartu zenean, halaber, poliziescoa Frantziako polarrrera hurbildu zen, Fernando Di Leo (Milano calibro 9 / Calibre 9, 1972), Sergio Sollima (Revolver, 1973) eta beste hainbat zinemagileren eskutik. Hala, panorama hori aberastuz joan zen, poliziescoa Italiako zinemagintzaren oinarri bihurtzeraino; izan ere, star system oso bat egituratzeko gai izan zen generoa, hainbat aktore garrantzitsurekin: Tomas Milian, Franco Nero, Fabio Testi, Gian Maria Volonté, Maurizio Merli, Claudia Cardinale, Giuliano Gemma (zikloaren kartelaren protagonista) etab.
Terrorismoa agertu zenean, bestalde, ezkutuko gerra zibil bat piztu zen Italian, eta horren isla aitzindaria La polizia ringrazia / Execution Squad (1972) filma izan zen, Stefano Vanzinarena. Pelikula horrek Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra beretu zuen Donostia Zinemaldian. Poliziottesco izenez ezagutuko zen pagotxa baten abiapuntu bihurtu zen gertakizun hori; polizia-generoa biziberritu egin zen genero puruko parametroei jarraikiz, 70eko hamarkadako B zinemaren jazoera gogoangarri bihurtzeraino. Aurreiritzirik gabeko zuzendariei esker (esaterako, Umberto Lenzi eta Pasquale Squitieri), ezin zenbatuzko filmak ekoitzi ziren, Francesco Rosik jada Cadaveri eccellenti / Illustrious Corpses pelikulan (1976) iragarritako herrialde oso baten kolapsoa islatu zutenak. Brigada Gorriek Aldo Moro hil zutenean, erailketa horrek gogoeta zorrotzak eragin zizkien Giuseppe Ferrarari, Marco Bellocchiori eta beste hainbat errealizadoreri eta, horretaz gainera, agidanez errealitateak berak gainezkatutako fikzio hura kolapsatu zuen. Urteak blokeatuta eman ondoren, generoa ezin hobeki berpiztuko zen Gomorra / Gomorrah filmarekin (Matteo Garrone, 2008); izan ere, milurteko berriko zinema italiarrerako ezinbesteko pieza bihurtu zen pelikula, generoari lehen mailako protagonismoa emateaz gain; horregatik, zuzendariaren mozketa berri batean emango da Gomorra (4K formatuan birmasterizatuta).
2024an, Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak denboran eta espazioan hedatutako film klasikoen emanaldiak bultzatu dituzte, hiru ziklotan bilduta egonik: Filmategiak Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan programatu zituen udaberrian hamabi film zaharberritu; Klasikoak sailean sei film emango dira; azkenik, ohar honetan iragarritako atzerabegirakoa gauzatuko da. Aurten, gainera, Zinemaldiaren egunetan ikusi ahalko diren zaharberritutako film laburren ziklo bat ere eskainiko du; laster emango da ziklo horren berri.
#28 - Klasikoak: Denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdia (*)
Giovanna jatetxe bateko jabearekin ezkondutako emakume gaztea da (bera baino zaharragoa da senarra). Emakumearen bizitza zekena aldatu egingo da arlote bat agertzean: maitale bihurtu eta senarra hiltzera eramango du gizona. James M. Cainen The Postman Always Rings Twice eleberriaren egokitzapen neorrealista.
II. Mundu Gerra amaitu ondoren, atxiloketa-agindua duen kriminal faxista bat bere semearekin Frantziara ezkutuan ihes egiten saiatuko da. Trenak geldialdi bat egiten duenean, jatetxe batera joango dira afaltzera, baina zerbitzariak ezagutu egingo ditu hor.
Epaile gazte bat Siziliako Capodarso herri txikira bidaliko dute. Eginkizun bat eman diote: legea aplikatzea Mafiak ezarritako arauen arabera gobernatzera eta segurtasunik gabeko egoera iraunkor batean bizitzera ohituta dagoen komunitate batean. Baina laster konturatuko da bakarrik dagoela eta biztanleak ez daudela laguntzeko prest. Magistratu baten eleberri autobiografikoan oinarritua.
Gerran kondekoratutako heroia izanik delituz delitu bizi izan den gizon baten istorioa. Bere taldekide gangsterrei laguntzeko polizia bihurtzea erabakitzen duenean, neska gazte batekin maitemindu eta konplize ohiak abandonatzea planteatzen hasiko da. Polizia-generoko bitxikeria bat, artean estilo neorrealistak argitua.
Futbol-partida bat jokatzen den bitartean, lau gaizkile estadioko leihatilan lapurreta egingo dute. Ihes egin aurretik, aurkitu eta jazarri egingo dituzte gaizkileok, eta dirua zatitu baino lehen banandu egin beste erremediorik ez dute izango. Italiako Film onenaren saria Veneziako Mostran.
Napoliko herritar errespetagarri baten hilketaz arduratzen den epaileak jakingo du biktima erakunde kriminal handi bateko kide zela. Epaileak borroka izango du bere betebehar eta printzipioen eta botere politikoaren eta goi-burgesiaren presio gogorren artean. Napoliko krimen antolatuaren aurkako borrokaren kasu errealetan oinarritua.
Eraikin bereko bi bizitokitan lapurreta eta hilketa bana jazo dira. Kasuaren ardura duen komisarioa (filmaren zuzendari Pietro Germik berak antzeztua) hein handiagoan edo txikiagoan inplikatutako pertsona guztien miseriak azalduz joango da. Germiren filmik adierazgarrienetako bat.
Milanen lan egiten duen eta bizi den siziliar zintzo bat bere jaioterrian dago oporretan, eta bere enpresako zuzendariak aprobetxatu egingo du egoera hori tokiko mafiaburuari pakete bat bidaltzeko. Hortatik aurrera, Alberto Sordik antzeztutako pertsonaia krimen antolatuaren negozioetan inplikatuta egongo da. Urrezko Maskorra 1963ko Donostia Zinemaldian.
Itxuraz, Cavallero enpresaburu errespetagarri, katoliko eta kontserbadorea da. Alabaina, lapur-banda batean dihardu hiru lagunekin batera. Banku-lapurretak egiten dituzte laurok Italiako hainbat hiritan. Milango azpimundu kriminalaren ikerketa bat, Cavalleroren taldeak 60ko hamarkadaren bigarren erdian gauzatutako lapurreta eta hilketetan oinarritua.
Siziliako mafia nagusi da eraikuntzaren negozioan, eta bere boterea gauzatu eta mantentzeko mekanismo indartsuak ditu. Sindikalista bat erail dute eta gizon bat desagertu egin da. Poliziak desagertuaren emaztea ikertzen duen bitartean, susmagarriena mafioso garrantzitsu bat da, baina goi-mailako pertsonek sistematikoki oztopatzen dute poliziaren lana.
Homizidio-brigadako buruak −Gian Maria Volonté ikonikoak hezurmamituak− maitalea erail du, baina bere buruaren aurkako frogak jartzen ditu agerian, ezin baitu jasan ezarritako ordena ez errespetatzea eta errudunak zigorrik gabe geratzea. Botere politiko eta polizialetako goi-mailaren analisi xehatua, Elio Petri zuzendaria goratu zuena.
Talde antolatu batek epaitu ezin izan ziren gaizkileak hiltzen ditu eta Bertone komisarioari dagokio mendekatzaile talde hori aurkitzea. Justiziaren konbentzio eta mugei buruzko azterketa egokia, Hollywooden filmatuta egonik gai horri heltzen dioten hainbat pelikularen aldi berean sortua. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Donostian 1972an.
Amerikarraren gaizkile-taldeak desagertutako 300.000 dolar berreskuratu nahi ditu. Ugo Piazza da denentzat susmagarria, zenbait urtez kartzelara kondenatu zuten gizon bat. Aske geratu ondoren, sikario amerikar bat zain du dirua non dagoen argitzeko. Quentin Tarantinoren hitz beroetan, historiako thriller italiar onena.
Oliver Reed homerikoak gorpuztutako espetxe-funtzionarioaren emaztea bahitu egin dute. Preso bat −Fabio Testik antzeztua− aske uzten ez badute, exekutatu egingo dute emakumea. Alabaina, funtzionarioaren eta presoaren artean aliantza bat sortuko da azkenik, presoak ondo baitaki antzinako bandak garbitu egingo duela. Poliziesco generoko filma, Ennio Morriconeren musikarekin. Sitgeseko zinema-jaialdiarekin elkarlanean programatua.
Italiako polizia-film bortitzentzat hartutako lan honetako protagonista gaizkile sadiko eta gaizbera bat da: edonor hiltzen du nahi duena lortzeko. Funtsezko titulua Tomas Milianek generoan izandako ibilbidea. Henry Silvak −genero honetako filmetan maiz hiltzaile-rola duenak−, polizia-komisarioaren papera egiten du. Ingelesezko izenburua sendoa da pertsonaia nagusiari dagokionez: Almost Human (Ia Gizakia).
Italiako hegoaldeko eskualde batean, hiltzaile batek hainbat magistratu hil ditu. Kasuaren ardura duen inspektoreak ikertu eta jada pozoitze-kasu batengatik kondenatua izan zen farmazialari baten aztarnei jarraituko die. Francesco Rosiren thriller politiko ereduzkoetako bat, Leonardo Sciasciaren eleberri batean oinarritua eta polar frantseseko izarretako bat duena protagonista, Lino Ventura.
Erromako polizia-komisario batek kartzelatik ihes egiten ikusiko ditu atxilotutako gaizkile batzuk, hainbat trikimailu legaletan babestuta. Gizonarentzat, irtenbide bakarra aingeru sarraskitzaile bihurtzea da. Filmak generoko lau pisu astun biltzen ditu (Tomas Milian eta Maurizio Merli aktoreak, Umberto Lenzi zuzendaria eta Dardano Sacchetti gidoigilea) eta elkarrizketa tematikoan dihardu zikloko beste obra batekin: La polizia ringrazia.
1925ean, Mussolinik Cesare Mori bidali zuen Siziliara poliziaren prefektu-kargurako. Mafia suntsitzeko eginkizuna eman zion. Erregimen faxista kezkatuta zegoenez mafiaren botere eta eraginagatik, hurrengo lau urteak historiko bihurtu ziren, Burdinazko Prefektuaren garai gisa: gizonak bi mila mafioso baino gehiago atxilotu eta kondenatu zituen. Siziliako mafiaren aurkako borrokaren benetako kasu batean oinarritua.
Democrazia Cristiana alderdiko presidente Aldo Mororen bahiketa eta hilketa −1978ko martxoan gertatua, Brigada Gorrien eskutik− berregiten duen filma; Gian Maria Volonték egiten du Enrico Berlinguer buru zuen fakzio komunistarekin aliantza bat ezartzen saiatu zen politikariaren rola.
70eko hamarkadaren amaieran, Chiara gazte grinatsu, utopiko eta iraultzaileak ezkutuan darama bere benetako nortasuna: Italiako Brigada Gorrietako kide da. Begi hutsez, mutil-lagunarekin pisu berri batera bizitzera doan neska arrunt bat da, baina bere lagun Enzo susmatzen hasiko da Chiara ez ote den beste zerbait. Marco Bellocchiok Italiako ehun politiko eta kriminalean egindako sarraldi nabarmenetako bat.
Napoli eta Caserta probintzietako biztanleek mafiak ezarritako arauak bete behar dituzte. Bost istorio nahasten dira agertoki bortitz honetan; gezurrezkoa dirudien mundu erreal eta krudel batean girotua. Roberto Savianoren izen bereko eleberrian funtsatua, Camorra napolitarraren kontakizun garratz honek Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuen 2008ko Cannesko zinema-jaialdian. Zuzendariaren mozketa berria, 4K formatuan birmasterizatua.
Erretiroa hartu aurreko gauean, polizia-teniente bati krimen baten eszena ikertzeko eskatu zaio. Biktima protagonistaren lagunik onena da. Polizia-zinema italiarraren iraupenaren adibiderik berrienetako bat.