Tabakalerak eta Rotterdamgo nazioarteko zinema-jaialdiak (IFFR) Jessica Sarah Rinland errealizadore argentinar/britainiarrak sortutako Extramission. Begi distiratsuen ehizan erakusketaren inaugurazioa iragarri dute. Erakusketa hau Donostia Zinemaldiarekin lankidetzarekin antolatu da eta Tabakalerako 2 erakusketa-aretoan aurkeztuko dute datorren irailaren 17an. Irekierak Zabaltegi-Tabakalera sailaren barruan parte hartzeko aukeratua izan den Monólogo colectivo / Collective Monologue filmaren proiekzioarekin bat egingo du.
Jessica Sarah Rinland artista eta zinegile ezaguna da nazioartean zine dokumentalean duen ikuspegi esperimentalagatik eta narratiba bereziagatik. Oraingoan, Tabakaleraren eta Rotterdamgo nazioarteko zinema-jaialdiaren eskutik, erakusketa honetarako propio sortu duen ikus-entzunezko instalazio batekin egingo du jauzi erakusketa-aretora. Tabakaleran erakutsi ondoren, Herbehereetako hirian ere izango dute ikusteko aukera, datorren urtarrilean ospatuko duten zinemaldiaren barruan.
Aldi berean, Jessica Sarah Rinlanden azken filma, Monólogo colectivo ─2020ko Ikusmira Berriak programaren seigarren edizioan egin zuen egonaldian ekoiztua─ Locarnoko zinema-jaialdian datorren astean estreinatuko da. Gainera, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean er e izango da. Filmak eta instalazioak Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiaren laguntza izan dute postprodukzio-fasean eta Hubert Bals Fund Rotterdamgo nazioarteko zinema-jaialdiak ekoizpen zinematografikoak laguntzeko funtsarena ere jaso zuen 2020an.
Rinland zinegilearen ibilbideak eta bere sortze-prozesuaren emaitzak ─filma hainbat jaiallditan proiektatuta eta bere instalazio artistikoa aurkeztuta─ agerian uzten dute Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak eta Elías Querejeta Zine Eskolak sorkuntza prozesuak sustatu eta sortzaileak laguntzeko osatutako sarearen garrantzia. Gainera, Rotterdamgo zinema-jaialdiarekin, ikus-entzunezko instalazio berrien produkzioa babesteko Tabakalerak bultzatutako erakundeen arteko lankidetzak sendotu egiten du zinea eta arte garaikidea uztartzeko zentroak egindako apustua.
Aipatutakoaren adibide garbia izan zen 2022an Tabakaleran ikusgai egon zen Vive le cinéma! erakusketa. Dea Kulumbegashvili, Isaki Lacuesta, Lemohang Jeremiah Mosese eta Jia Zhang-ke zine-zuzendarien ikus-entzunezko sorkuntzak aurkeztu ziren bertan. Lau zinegileek beren ohiko jarduna egokitu zuten, hau da, filmak egitea, erakusketa-areto batean ikusgai egongo ziren ikus-entzunezko piezak sortzeko. Captives, Kulumbegashvilik erakusketarako propio sortu zuen proposamena, 2023ko Rotterdamgo zinema-jaialdian parte hartzeko hautatua izan zen.
Bide beretik, 2023an Tabakalerak erakusketa bat eskaini zion Isabel Herguera artista eta zine-zuzendariaren El sueño de la sultana filmaren sortze-prozesuari. Zuzendaria eta bere taldea Tabakalerako Artisten Gunean aritu ziren aldizka lanean 2016az geroztik. Hala, artistaren estudioa balitz bezalaxe egituratu zen erakusketa. El sueño de la sultana Animazioko Film Onenaren Goya Sarirako izendatua izan zen, eta animazioko lehenengo film europarra da Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen.
Jessica Sarah Rinlanden bideo-instalazio berriak irudi berriak eta audio-grabazioak konbinatzen ditu XX. mende hasierako National Geographic aldizkariaren artxiboarekin. Rinlanden lanetan kontserbazio eta aberriratze ekintzek adierazten dute egungo zaintza-ekintzek iraganeko indarkeriak ikusgai jarri ditzaketela.
Une intimoak eta zatikatuak Argentina osoko zoologikoek eta animaliak erreskatatzeko zentroek osatutako komunitate batean. Erakunde horien historia aurkitu ahala, langileak gau eta egun aritzen dira giltzapetuta dauden animaliak zaintzen, gizakiaren eta animaliaren arteko irudimenezko mugak gainditzen dituen elkarrekiko lotura sustatuz.