José Luis Torres Leiva eta Celina Murga zuzendariek emango diote hasiera eta amaiera, hurrenez hurren, Horizontes Latinos sailari, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren, Espainian erakutsi ez diren eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dituzten urteko film luzeen hautaketari, hain zuzen. Horizontes Saria eskuratzeko lehiatuko diren hamalau film luzeen artean, WIP Latamendik igarotako lau film −iazko irabazlea barne−, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko bi eta Ikusmira Berriak programako beste bat daude.
José Luis Torres Leivak (Santiago, 1975) emango dio hasiera Horizontes Latinos sailari bere Cuando las nubes esconden las sombras / When Clouds Hide the Shadow filmarekin (Jeonjuko zinema-jaialdian estreinatua). Filmean, María Alché aktore eta zuzendaria munduaren hegoaldeko muturrera joango da pelikula bat filmatzera. Torres Leivak Rotterdamen, Venezian eta bete hainbat jaialditan aurkeztu izan ditu bere aurreko lanak, eta Donostian Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu zen Vendrá la muerte y tendrá tus ojos / Death Will Come and Shall Have Your Eyes lanarekin (2019), aldez aurretik Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatua. Gainera, Zabaltegi-Tabakaleran parte hartu du El viento sabe que vuelvo a casa / The Wind Know That I'm Coming Back Home (2016), El sueño de Ana (2017) eta Sobre cosas que me han pasado (2018) lanekin.
El aroma del pasto recién cortado / The Freshly Cut Grass, Celina Murgari (Paraná, 1973) Tribecako zinema-jaialdian gidoi onenaren saria eman zion filma, unibertsitate-esparruan aldi berean gertatutako bi maitasun-harremani buruzkoa da. 2020an Koprodukzio Forotik igarotako bere filmarekin Horizontes Latinos sailari amaiera emango dion zuzendari argentinarrak Donostian aurkeztu izan ditu aurreko zenbait lan: Ana y los otros / Ana and the Others (Horizontes Hautaketa, 2003), Una semana solos / A Week Alone (Zinema Eraikitzen, 2007) eta La tercera orilla / The Third Side of the River (Horizontes Latinos, 2014).
Lola Ariasek (Buenos Aires, 1976) Reasekin hartuko du parte Horizontes Latinos sailean; iaz WIP Latamen hautatua, Berlinaleko Forum sailean estreinatu zen filma, eta sail horretan aurkeztu zuen egileak, hain zuzen ere, Teatro de guerra / Theater of War (Zabaltegi-Tabakalera, 2018) bere lehen filma. Ariasen bigarren film luzeak Dokumental Onenaren Publikoaren Saria irabazi zuen Cinélatino-Toulousen, eta zuzendari argentinarrak musikala berrasmatzen du bertan, obra kolektibo gisa, non protagonistek iraganean igarotako espetxealdiari buruz dantzatu eta abesten duten.
Torontoko zinema-jaialdian estreinatuko den Querido Trópico / Beloved Tropicek –Paulina García eta Jenny Navarrete protagonista dituenak–, dementzia duen emakume baten eta haren zaintzailearen bakardadeak aztertzen ditu. Ana Endara dokumental-zuzendariaren (Panama Hiria, 1976) fikziozko lehen lana da.
Federico Luis argentinarrak (Buenos Aires, 1990), bere film laburrak hainbat jaialditan (Cannes, Toronto, Bafici, Mar del Plata, IDFA Amsterdam, etab.) aurkeztu ondoren, Cannesko Semaine de la Critique atalean Grand Prix saria irabazi zuen Simón de la montaña / Simon of the Mountain bere lehen film luzearekin; laguntzaile gisa egiten du lan protagonistak etxe-aldaketetan, baina bere errealitatea aldatu nahi duenez, lagun berriak egingo ditu, horien antza hartu nahian.
Nahuel Pérez Biscayart eta Úrsula Corberó dira El jockey / Kill The Jockey filmeko protagonistak, eta Luis Ortega (Buenos Aires, 1980) Venezian lehiatuko da bere lan berriarekin. Zinemagile argentinarrak Made in Spanish sailean aurkeztu zuen bere lehen lan Caja negra / Black Box (2002), eta bere Monobloc (2005) lana Horizontes Latinosen izan zen, El ángel / The Angel (2018) Perlak sailean hautatua izateaz gain, Cannesko Un Certain Regard atalean estreinatu ondoren. Ortegaren lan berriak jockey bat du protagonista nagusi, dituen adikzioak kontrola hartu ahala bere ibilbidea suntsituz joango dena.
Hiriaren eta landaren arteko migrazioen bi istorio kontatzen dizkigu Juliana Rojasek (Campinas, 1981) bere Cidade; Campo lanarekin; zuzendaritza onenaren saria lortu zuen filmak Berlinaleko Encounters sailean. Zinemagile brasildarrak Cannesko Un Certain Regard eta Cannesko Semaine de la Critique ataletan, Locarnon, Rotterdamen eta Mar del Platan (besteak beste) aurkeztu izan ditu aurreko lanak.
Astrid Rondero (Mexiko Hiria, 1989) eta Fernanda Valadez (Guanajuato, 1981) zuzendari eta ekoizle mexikarrek Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuten Sundance zinema-jaialdiko World Cinema Dramatic Competition sailean Sujo filmarekin (eraildako sikario baten semeak bizirik nola dirauen kontatzen digu pelikulak). Los días más oscuros de nosotras / The Darkest Days of Us zuzendu zuen bakarka Ronderok (bi Ariel saritarako izendatua izan zen filma, nazioarteko zazpi sari irabazteaz gainera); Valadezek, berriz, Publikoaren Saria eta Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zituen, Sundance jaialdiko sail berean, Sin señas particulares / Identifying Features (Horizontes saria eta Espainiako Lankidetza saria, 2020) lanarekin, Zinema Eraikitzen Industria Saria beretu ondoren Donostian.
Mariana Rondón venezuelarrak (Barquisimeto, 1966), Pelo malo / Bad Hair (2013) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuenak Donostian, Horizontes Latinos sailean parte hartuko du Zafari filmaren mundu-estreinaldiarekin; 2019an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatu zen Rondónen pelikula. A la media noche y media / At Midnight and a Half (2000), Postales de Leningrado / Postcards from Leningrad (2017) eta beste hainbat lanen egileak mundu distopiko batean kokatzen du bere lan berria; hala, hipopotamo bat zoologikora iristean gatazkak sortuko dira.
Salvador del Solar (Lima, 1970) berriz izango dugu Horizontes Latinosen, hots, bere lehen lana –Magallanes (2015), 2014an Zinema Eraikitzen Industria Saria irabazi zuena– aurkeztu zuen sailean. Ramón y Ramón deritzo perutarraren bigarren film luzeari; izan ere, covid-pandemiaren testuinguruan bi gizonek Perun izandako topaketa kontatzen digu Zinemaldian mundu-estreinaldi gisa proiektatuko den lanak.
Yennifer Uribe Alzatek (Medellín, 1988) Berlinaleko Forum sailean parte hartu zuen La piel en primavera / Skin in Spring pelikularekin; merkataritzagune batean segurtasun-zaindari gisa lan egiten duen emakume baten askapen-prozesua kontatzen digu kolonbiarraren lehen lanak. Filma Donostiako Zinemaldiko WIP Latamen parte izan zen 2022an, Sandra izenarekin.
2018an, Nele Wohlatzek (Hannover, 1982) Ikusmira Berriak egonaldi-programan parte hartu zuen istorio gurutzatuen proiektu batekin; Dormir de olhos abertos / Sleep With Your Eyes Open deritzo proiektu horren lan osatuari, eta aurten Fipresci saria irabazi du filmak Berlinaleko Encounters sailean. El futuro perfecto / The Future Perfect (2016) filmarekin, Argentinan bizi den zuzendari alemaniarrak, lehen lan onenaren Urrezko Lehoinabarra irabazi zuen Locarnon.
Film horiez gainera, ekoizpen espainiarra izanik duela gutxi aurkeztu diren beste bi ere izango dira Horizontes Latinos sailean. Batetik, Iair Said (Buenos Aires, 1988) hasiberriak WIP Latam Industria Saria eta WIP Latam onenaren Egeda Platino Industria Saria lortu zituen iaz, Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays lanarekin (Cannesko zinema-jaialdiko ACID sailean estreinatu zen filma). Saidek esperientzia luzea du aktore eta film laburren zuzendari gisa, eta osabaren heriotzagatik Europatik Buenos Aireseraen itzuliko den erdi-klaseko gazte judu baten inguruko bizi-abenturak kontatzen dizkigu zuzendariak oraingoan (Saidek berak egiten du protagonistaren rola).
Bestetik, Horizontes Latinos sailean agertuko da, halaber, Sofía Paloma Gómez (Santiago, 1985) eta Camilo Becerra (Santiago, 1981) zinemagileek batera zuzendutako filma, Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe It’s True What They Say About Us, iaz WIP Latam programan aurkeztutako proiektuetako bat, hain justu. Euren lan berrian, sekta batean luzaroan isolatuta bizi ondoren psikiatra arrakastatsu baten alaba zaharrenak amari bisita egingo dio.
Horizontes Latinos saileko filmak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari. Horizontes Sariaren epaimahaiak du film horiek baloratu eta saritzeko ardura. Horizontes Latinos sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren lanak diren filmak (aurten, Reas, Simón de la montaña, Ramón y Ramón, La piel en primavera, Dormir de olhos abertos eta Los domingos mueren más personas) Gazteriaren DAMA Sarirako ere lehiatuko dira; 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek ematen du arestian aipatutako golardoa.
María aktorea Puerto Williamsera joango da, pelikula baten protagonista izateko. Alabaina, lantaldea ez da garaiz iritsiko ekaitz bortitz baten ondorioz eta María bakarrik geratuko da. Bizkarreko min galanta izanik, laguntza bila ibiliko da, eta munduko hiririk australeneko biztanleak deskubrituko ditu bilaketa horretan, baita bizitzeke geratzen zaion istorio bat ere. Itxaroteari buruzko istorio bat, Maríak kontinenteko naturarik australena eta horko biztanleak ustekabean topatzen dituenekoa.
Pablo unibertsitate-irakaslea da, ezkonduta dago eta bi seme ditu. Amodio sekretu bat hasiko du ikasle batekin, ondorioak imajinatu gabe. Natalia ere unibertsitate-irakasle ezkondua da, bi alaba ditu eta ikasle batekin amodio sekretu bati ekingo dio. Tartekatzen eta islatzen diren bi istorio; batean gizon bat da protagonista; bestean, berriz, emakume bat.
Hiriaren eta landaren arteko migrazioekin lotutako bi istorio. Lehen zatian, hondakin-presa bat erori eta Joanaren sorterria urpean geratu ondoren, landa-langileak São Paulora joan beharko du bere ahizpa Taniarekin eta haren biloba Jaimerekin bizitzera. Joanak borroka egin beharko du langile-hiri batean aurrera ateratzeko. Bigarren zatian, aita hil ondoren, Flavia aita zenaren baserrira joango da haren emazte Mararekin (aita-alabak elkarrengandik aldenduta zeuden). Naturak frustrazioei aurre egitera eta oroitzapen eta mamu zaharrei aurre egitera behartuko ditu bi emakumeak.
Kostaldeko hiri bat Brasilen. Kai oporretara etorri da Taiwanetik, bihotza hautsita duela. Aire egokitu hondatu batek Fu Angen aterki-dendara bidaliko du protagonista. Lagun bihur zitezkeen, baina euri-sasoia ez da iristen eta denda desagertu egin da. Fu Ang bilatzen duen bitartean, Xiaoxinek eta langile txinatarren talde batek luxuzko etxe orratz batean bizitako istorioa ezagutuko du Kaik. Xiaoxinen kontakizuna entzutean bitxiki islatua ikusiko du bere burua Kaik.
Remo Manfredini jockeya oso ospetsua da, baina duen portaera autosuntsitzaileak bere talentua itzaltzen eta Abril neska-lagunarekiko harremana arriskuan jartzen hasi da. Hil ala biziko zaldi-lasterketa bati esker, Sirenarekin −bere nagusi mafiosoaren− dituen zorrak kitatu ahalko ditu, baina egun horretan istripu larri bat izan, ospitaletik ihes egin eta Buenos Airesen noraezean ibiliko da. Bere nortasunetik askatuta, bere benetako patua deskubritzen hasiko da. Alabaina, Sirenak bizirik edo hilda aurkitu nahiko du.
Sandra merkataritzagune bateko segurtasun-zaindari berria da. Bere lehen lan-egunean, autobus-gidari batekin gurutzatu eta maitasun-harreman bat hasiko du gizonarekin. Bere bizitza intimoari aurre egin eta askatasun-bideari ekingo dio Sandrak bere desira-esperientziaren bitartez.
Buenos Aireseko familia-etxera itzultzean, Davidek jakingo du amak erabaki bat hartu duela: Bernardo –Daviden aita, koman dena– deskonektatzea. Davidek dilema bat izango du: batetik, senarra laster hilko zaiolako nahigabetuta dagoen amarekiko elkarbizitza estua, eta, bestetik, bere estutasun existentziala arintzeko gogo basatia. Gidatzen ikasten ematen ditu egunak, iraganaren eta orainaren artean, eta kasu pixka bat egiten dion edonorekin sexu-harremanak izaten saiatzen da.
Lorategi tropikal batean denboraldi batean elkarrekin biziko diren bi bakardade elkartuko dira: batetik, dementziaren ondorioz nortasuna galtzen ari den goi-klase sozialeko emakume batena; bestetik, haren zaintzailearena, bakarrik eta laguntzarik gabe egonik, sekretu izugarri batek mundutik bereizten duen etorkin batena, hain zuzen.
Benetako gertakarietan oinarritua. Ximena psikiatra arrakastatsuak Tamara alaba zaharrenaren ustekabeko bisita jasoko du; sekta batean luzaroan isolatuta bizi izan da alaba. Alaba amaren etxean babestuta dagoela, polizia-ikerketa bat hasiko da, Tamararen seme jaioberria inguruabar bitxietan desagertu baitzen sektaren barruan. Nola justiziak hala Ximenak jakin nahiko dute zer gertatu zaion desagertutako haurtxoari.
Ramónek harreman hotza zuen aitarekin, eta haren errautsak jaso ondoren, Mateo ezagutuko du konfinamenduan. Desberdinak badira ere, lotura sakona sortuko da elkarren artean, eta zalantzak izango dituzte bi gizonek. Mateok erabakiko du Ramóni laguntzea errautsak Huancayora eramateko bidaian, hor barreiatzeko. Ramón konturatuko da okerreko galderen erantzunak bilatzen ari zela eta aurrera jarraitzeko sendatu egin beharko duela.
Yoselik Eiffel dorrearen tatuaje bat du bizkarrean eta beti bidaiatu nahi izan du, baina atxilotu egin zuten aireportuan droga-trafikoagatik. Nacho iruzurragatik atxilotutako gizon transa da, kartzelan rock-talde bat sortu zuena. Gozoak edo zakarrak, ilehoriak edo kaskamotzak, zisak edo transak, aspaldi atxilotuak edo kartzelan sartu berriak: musikal hibrido honetan, denek euren bizitzak birsortzen dituzte Buenos Airesko espetxe batean.
Simónek 21 urte ditu. Laguntzaile gisa egiten du lan etxe-aldaketetan. Janaria prestatzen eta komuna garbitzen ez dakiela ziurtatzen du, baina ohea egiten badaki. Duela gutxi, badirudi beste pertsona bat bihurtu dela....
Mexikoko herri txiki batean, karteleko pistolari bat erail dute. Sujo, haren lau urteko seme maitea, umezurtz eta arriskuan geratuko da. Sujok ozta-ozta ihes egin dio heriotzari, izebak lagunduta, zeinak mendi-eremu isolatu batean haziko baitu, zailtasun, pobrezia eta bere nortasunari lotutako etengabeko arriskuarrekin. Nerabe dela, errebeldia piztu eta, erritu iniziatiko gisa, tokiko kartelarekin bat egingo du. Gaztetan, Sujo bere bizitza berregiten saiatuko da, jaioterriko indarkeriatik urrun. Alabaina, aitaren ondareak harrapatzen duenean, bere patuari aurre egin beharko dio.
Zoo txiki batean, kontrako klase sozialetako bizilagunak ospatzen ari dira Zafari hipopotamoa iritsi izana. Ana, Edgar eta horien seme Brunok den-dena behatzen dute goi-mailako klase sozialeko euren eraikin zaharreko leihoetatik. Ur-, janari- eta argindar-eskasiak eragindako kaosaren erdian. Anak janaria biltzen du apartamentu abandonatuetatik, eta familiak handik ihes egiteko modua aurkituko du. Alabaina, korridoreetako zarata arraroek gero eta gehiago izutzen dute emakumea. Geroz eta basatiagoa den mundu batean, Zafari da behar beste janari izaten jarraitzen duen bakarra.