Memento Non Mori, Seyhmus Altunena; Usier Tevrshi / In a Grove, Nino Akhvledianirena; China Sea, Jurgis Matuleviciusena; eta Blaue Flecken / Blue Marks (behin-behineko izena), Sarah Miro Fischerrena; horiexek dira postprodukzio-fasean egonik Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan profesionalen audientzia bati aurkeztuko zaizkion lau film luze europarrak. Lau lan horiek (hiru zuzendarien lehen edo bigarren filmak) WIP Europa Industria Saria irabazteko hautagaiak izango dira, eta Industria Sariaren film irabazlearentzako WIP Europa Saria ere eskuratu ahalko dute.
Seyhmus Altun ekoizle eta zuzendari turko-italiarrak Memento Non Mori bere lehen lana aurkeztuko du. Filmean, Esmaren eta haren familiaren bizitza aldatu egiten da, haien bizigai izan zen fabrika kimikoaren sutearen inguruko ondorio larrien ondorioz.
Usier Tevrshi / In a Grove Nino Akhvlediani georgiarraren hirugarren film luzea da eta bi anaiaren istorioa kontatzen digu; horietako bat kausa ugarirekin konprometitutako aktibista da, eta bestea, berriz, Alemaniatik ezustean Georgiara anaia nagusiaren heriotzaren inguruabar bitxiak argitzen saiatzeko itzuliko den ikaslea.
China Sea Jurgis Matuleviciusen bigarren film luzea da; Izaokas / Isaac (2020) film laburrarekin EFAren European Discovery - Prix Fipresci sarirako izendatua izan zen lituaniarra. Filmean, arte martzialetako txapeldun bat erasoagatik kaleratua izango da bere herrialdeko taldetik, eta China Sean –bere lagun bakarraren jatetxean– babestuko da, bizitza berri bat hasteko asmoz.
Film laburren alorrean esperientzia izanik, Sarah Miro Fischer alemaniarrak Blaue Flecken / Blue Marks (behin-behineko titulua) aurkeztuko du, bere lehen lana. Protagonistaren anaiari sexu-erasoagatiko salaketak egingo dizkiote, eta emakumearen erreakzioa aztertuko du filmak (oso harreman estua dute anai-arrebek).
WIP Europan duela gutxi aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean. María Trénorren Rock Bottomek Annecyko Animazio Jaialdiko Lehiaketa Ofizialean parte hartu zuen 2024an, eta azken Berlinaleko Panorama sailean Tonia Noyabrovaren Ty mene lyubysh? / Do you Love Me? estreinatu zen, bai eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartuko duen Michael Fetter Nathanskyren Alle die Du Bist / Every You Every Me –lehen Mannequins zeritzona– ere. Ekimen honetako parte hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.
WIP Europa Industria Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: Best Digital, Bteam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulatutako DCP batean, eta film irabazlea Espainian banatzean datza.
WIP Europa saria. 10.000 euro WIP Europa Industria Saria irabazi duen film beraren ekoiztetxe nagusiarentzat.
Ekimena Best Digital, BTeam Pictures, Deluxe Content Services Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido taldeen laguntzari esker atera daiteke aurrera.
Haustura sentimental baten ondoren, Rose bere anaia Samen apartamentu ñimiñora joango da bizitzera, Berlinen. Anai-arrebek harreman estua dute. Egun batean, Sami bortxaketa leporatu zaiola jakingo du Rosek. Hasieran, ezin du onartu anaiak halako ezer egin duenik, baina salaketa benetakoa dela ulertzen duenean, arreba gisa duen eginkizunaren eta bere emakume-nortasunaren arteko gatazka batean harrapatuta geratuko da. Samen erruduntasuna eta horren ondorioak onartzeko modua aurkitu beharko du. Blue Marks (WT) independentziari, kidetasunari eta politikaren eta pertsonalaren arteko bidegurutzeei buruzko istorioa da.
33 urteko Osvald arte martzialetako txapelduna da; kalean neska bat ustekabean zauritu ondoren, kirol-federaziotik kanporatuko dute. Ezin duenez Asiako txapelketetan parte hartu, Osvald harrapatuta sentituko da bere jaioterrian, Ekialdeko Europako hiri gris batean, erruak jota. Egunak China Sean ematen ditu, bere lagun bakarra den Ju-Longen jatetxe xumean. Krimenak jotako herri batean, Osvaldek bizitza berri bat nahi du. Bere tutore ohia aukera bat emateko konbentzitzen saiatuko da, Osvald nerabeen arte martzialetako entrenatzaile bihurtu eta gailendu egingo da. Epailearen aginduz talde-terapiara joan behar du. Skaiste ezagutuko du hor eta maitemindu egingo da emakumearekin. Baina Osvald bizitza hobe baten bila dagoen bitartean, bere iragana atzetik izango du eta indarkerian berriz ere eroriko da.
Anatoliako herri batean, sute batek produktu kimikoen fabrika bat suntsitu du, eta zuzeneko eragina du horrek hamaika urteko Esmaren eta haren familiaren bizitzei. Esma ikasle ona da, eta aitarekin (Mehmet), amonarekin eta anaia bikiekin (Deniz eta Bariş) bizi da. Lana galdu ondoren, Mehmet gaztak saltzen hasiko da aurrera egiteko. Hamalau urteko Eyüpek zorabioak eta sudur-odoljarioak izaten ditu. Horregatik, Esmak ardura gehiegi hartu behar ditu bere gain. Sutearen ondorioak larriagotu ahala, animaliak gaixotu, hil eta familia dirurik gabe geratuko da. Mehmetek ezin du bere furgoneta zaharraren ordez beste bat erosi, eta erabaki bat hartuko du: Esmak eskola utzi beharko du familia zaintzeko. Esma lur jota dago eta bere burua zauritzen du. Mehmeten kamioia matxuratu eta laguntzeko premiatuko du gizonak Esma.
90eko hamarkada. Tbilisi erdialdeko etxe batean familia bereko lau belaunaldi bizi dira. Hiru semeetatik, Mikha eta Levan bakarrik geratzen dira bizirik. Irakli, zaharrena, inguruabar bitxietan hil zen; Mikha hainbat kausatan inplikatutako aktibista da; eta Levan, Alemanian ikasten ari dena, ezustean neska-lagunarekin itzuli eta anaia nola hil zen argitzen saiatuko da. Galdekatutako pertsona bakoitzak bertsio bat emango dio. Alabaina, denak dira sinesgarriak garai korapilatsu batean... Levanek ez du inoiz egia jakingo.
Industria Saila ondorengoen babesarekin