Iván Funden El mensaje / The Message, Daniel Hendlerren Un cabo suelto / A Loose End, Nayra Ilicen Cuerpo Celeste, Paula Morel Kristofen Muña Muña, Kim Torresen Si no ardemos, cómo iluminar la noche / If We Don’t Burn, How Do We Light up the Night, eta Simón Vélezen Piedras preciosas / Gemstones dira postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako sei film luzeak, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan profesionalen audientzia baten aurrean aurkeztuko direnak. WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko hautagaiak izango diren sei lan horietatik lau, egileen lehen edo bigarren filmak dira.
Iván Fund argentinarra El mensaje / The Message filmarekin izango dugu berriz Zinemaldian, 2023an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu ondoren. Filma Argentinako landa-eremua zeharkatzen duen road movie bat da, eta bertan, neskato batek eta haren tutoreek bizirik diraute haurrak animaliekin komunikatzeko duen dohainari esker. Marcelo Subiotto –Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorraren ex aequo irabazlea Puan filmagatik (2023)– da aktoreetako bat, Mara Bestelli eta Anika Bootzekin batera. Funden aurreko filma Piedra Noche / Dusk Stone (2021) izan zen, eta Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen, 2020an WIP Latam Industria Saria irabazi eta Veneziako zinema-jaialdiko Giornate degli Autori sailean estreinatu ondoren.
Daniel Hendler aktore eta zuzendari uruguaitarrak Un cabo suelto / A Loose End aurkeztuko du, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren 2023ko edizioko proiektua. Bosgarren aldiz hartuko du parte Zinemaldian, La emboscada / The Ambush (Zinema Eraikitzen, 2015) –2012an Foroan El palomar izenarekin hautatua eta El candidato tituluarekin estreinatua–, eta Norberto apenas tarde / Norberto's Deadline (Zinema Eraikitzen, 2009) obrekin izan baitzen Donostian. Sergio Prinak antzezten du Un cabo suelto filmeko rol nagusia. Ezkutuko iragan batetik ihesi dabilen eta Uruguai-Argentinako mugara iristen den poliziako kabo bat da protagonista.
Cuerpo Celeste, Nayra Ilic txiletarraren bigarren film luzea da eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen 2021ean. Filmak nerabe baten bizitza-bidaia erakusten digu. Aitaren heriotzari aurre egin behar dio Celestek, amaren krisi egoeraren aurka borrokatzen duen bitartean. Ilicen lehen lana, Metro cuadrado (2011), Palm Springseko zinema-jaialdian hautatu zuten.
Muña Muñak —Paula Morel Kristof film laburren zuzendari argentinarraren lehen filmak– erizain bat du protagonista: turista frantziar gazteago batekin maitasun-istorioa bizi duen bitartean, atzerrira joatear den semeari agur esateko prestatu beharko du emakumeak.
Piedras preciosas / Gemstones, Simón Vélez ekoizle kolonbiarrak zuzendutako lehen film luzea da, bere film laburrek nazioarteko onespena lortu ondoren Locarnoko, Valdiviako eta Vienako jaialdietan, besteak beste. Machado kolonbiarra Frantzian bizi da sasoiko langile gisa, eta bitxi-bildumagile batek Kolonbiara itzuli eta esmeralda baliotsu bat lapurtzeko eskatuko dio.
Kim Torresen lehen lanean (costarricarrak Proyecta 2022 ekimenean parte hartu zuen) –Si no ardemos, cómo iluminar la noche / If We Don’t Burn, How Do We Light up the Night izenekoan–, nerabe barnerakoi batek bizitza berri bat hasi beharko du landa-herrixka isolatu batean, non emakumeak irensten dituen munstro bati buruzko elezahar beldurgarri bat baitago. Torresen film laburrak Cannesen, Locarnon eta Mar del Platan hautatu izan dituzte, besteak beste.
WIP Latamen duela gutxi aurkeztutako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean. Yennifer Uribe Alzateren La piel en primavera / Skin in Spring (lehen Sandra zeritzona) eta Lola Ariasen Reas Berlinaleko Forum atalean estreinatu ziren 2024an. Horizontes Latinos sailean parte hartuko dute, halaber, Sofía Paloma Gómez eta Camilo Becerraren Quizás es cierto lo que dicen de nosotras / Maybe It’s True What They Say About Us eta Iair Saiden Los domingos mueren más personas / Most People Die on Sundays –WIP Latam Industria Saria eta Egeda Platino Industria Saria 2023an, ACID Cannesen estreinatua– filmak, baita egunotan iragarriko diren beste hainbat pelikula ere. Ekimen honetako parte hartzaileen arrakasta-kasuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen .
WIP Latam Industria Saria. Honako enpresa hauek ematen dute: Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido eta Sherlock Films. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan, ingelesez azpititulaturiko DCP batean, eta film irabazlea Espainian banatzean datza.
WIP Latam onenarentzako EGEDA PLATINO INDUSTRIA saria. 30.000 euro gordinetan datza, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.
WIP Latam ekimena Ibermedia Programaren laguntzari eta Best Digital, Deluxe Content Services Spain, Dolby Labs, EGEDA - Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones, No Problem Sonido, Projeto Paradiso eta Sherlock Films taldeen lankidetzari esker gauzatu ahal da.
Celestek 15 urte baino ez ditu bere bizitza ustekabean aldatzen denean. Gazteak, dolu mingarri bati ez ezik, familiaren krisialdiari ere aurre egin beharko dio. Bere garaian nerabea besarkatu zuen basamortua leku ezezagun bihurtu da orain. Helduen mundu batean, Celestek bere aldaketak bizi beharko ditu, diktaduraren eta demokratizazio-prozesuaren artean taupadaka ari den herrialde batean.
Krisialdi ekonomiko betean, 9 urteko neskato batek –animaliekin komunikatzeko dohaina duenak – bizirik dirau bere tutore oportunistekin, maskoten medium gisa kontsultak eskainiz. Familia ibiltariak inkomunikazio propioari aurre egin beharko dio motorhome txiki batean Argentinako landa-eremuan zehar bidaiatzen duten bitartean. Neskatoaren ama bisitatzera doaz, psikiatriko batean barneratuta dagoela. Hautsezko bideen artean, inozentzia altxorra dela agerian uzten digun road movie emozionala. Naturaz gaindiko negozio bat, non transzendentziak dirua ematen duen eta oportunismoak egia ukitzen duen. Dohaina ala iruzurra ote den alde batera utzita, gauza bat egia da: zerbitzua benetakoa da, eta inor ez dago bakarrik.
Tucumán probintzia argentinarreko El Mollar bailara ederrean bizi den 60 urteko erizaina da Olga. Hainbat urtez gerotik bizi da bakarrik bere seme Rubénekin: ilusioz atzerrira ikastera joatear dagoen gaztea. Semeari dirua lortzen laguntzen dion bitartean, Stefano ezagutuko du Olgak, hura baino gazteagoa den turista frantziar bat. Bakar-bakarrik geratzear egoteak eta maitasun-harreman berri bat hasi izanak kontraesanak eta desirari buruzko galderak piztuko dizkiote Olgari.
Machado hainbat urtez gerotik Frantzian bizi den etorkin kolonbiarra da, eta mahats-bilketan lan egiten du. Irabazten duen dirua ez da nahikoa Europako bizi-kostu garestia ordaintzeko. Ezagun baten bidez, Madame Chiara ezagutuko du, Kolonbiara bidaiatu eta esmeralda bat lapurtzeko kontratatuko duen bitxi-bildumagile bat. Machadok Kolonbiara itzultzea arriskutsua dela esango dio, baina Chiarak dirutza eskaini eta konbentzitu egingo du. Kolonbian, Medellíngo hiriguneko bizimoduarekin eta hango mendi-naturarekin borrokatu beharko du. Kolonbian egingo duen ibilaldian, esmeraldaren erosle berri baten bila egonik Chiara traizionatzen saiatuko da eta pilotu baten erailketan nahasiko da Machado.
Laura hamahiru urteko neska barnerakoia palmondo-lursailez eta baso harrigarri batez inguratutako herri batera iritsi da. Familia-egitura berrira egokitzen den bitartean, neska ezkutuko mundu bat ikusten hasiko da, basoan bizi den eta emakumeez elikatzen den piztia baten istorioa islatzen duena. Hasieran, haur-fantasia soiltzat hartzen du, baina Daniela magnetikoa ezagutu eta haren adiskide egiten denean, piztiaren benetako izaera argitzeko bidaia bati ekingo dio Laurak.
Santiago Argentinako polizia-kaboa Uruguairako muga zeharkatzen ari da, atzetik dituen beste polizia batzuengandik ihesi. Bere uniformea baliatuz, eskualdeko janari-postuak ikuskatzen ditu, esnekiak eta hestebeteak probatzen ditu bizirik irauteko eta, aldi berean, bertakoen artean oharkabean pasatzen saiatzen da. Dirurik eta ostaturik gabe, baina enpatia eta maltzurkeria usatuz, bizitza berri bat eraikitzen hasiko da, bidean gurutzatzen zaizkion bertakoen laguntza jasoz eta, are gehiago, agian bere bizitzako maitasuna den hori aurkituko du.
Industria Saila ondorengoen babesarekin