Hamar proiektu teknologiko (bost espainiar eta bost europar) lehiatuko dira Zinemaldia Startup Challengen, ekintzaileentzako eta startup sortu berrientzako lehiaketan. Lehiaketa horren garapena ikus-entzunezkoen arloan aplika daitezkeen teknologietan oinarritzen da.
Zinemaldia Startup Challenge da Zinemaldia & Technologyren ekimen nagusia (irailaren 26an egingo da). Bertan, proiektuen aurkezpena eta adimen artifizial sortzaileari buruzko mahai-inguru bat gauzatuko dira, AC Coppens (The Catalysts) izanik moderatzailea. Ondoren, proiektuen ordezkariek balizko bazkideekin biltzeko aukera izango dute.
Estatuko bost finalistetako lauk adimen artifiziala darabilte: Current Anima, testuak 3Dko bideo bihurtzen dituena; Dubme, itzulpen- eta bikoizketa-soluzioak ezartzen dituena plataforma propio batekin; Emotional Films, denbora errealean 3Dko renderingean eta datu handietan oinarrituta, ikus-entzulearen emozioen araberako ikus-entzunezko esperientzia moldagarri eta pertsonalizatuak eskaintzen dituena; Vocality.ai, lokuzioetarako giza ahotsa klonatzen duena (sektoreko profesionalek SaaS baten bidez euren eskubideak lagatzen dituzte horretarako). Azkenik, Hulahoop Fintech plataforma bat da, askotariko inbertitzaileei kalitatezko edukiak finantzatzea ahalbidetzen diena banaketa-akordioen medioz; halaber, proiektuen finantzaketa arintzea ahalbidetzen die ekoizleei, jabetza intelektuala eta mozkinak mantenduta.
Europako proiektuei dagokienez, horietako lau adimen artifizialean oinarritzen dira: Kaspar K1 (Danimarka), filmatutako materiala aztertu eta audioa eta muntaketarako beharrezko hartualdiak kronologia koherente batekin arin aurkitzeko aukera ematen duena; Phont (Alemania), elkarrizketen emozioak islatzen dituzten azpitituluak sortzen dituena, irisgarritasuna hobetze aldera; Sonic Alchemist (Lituania), soinua diseinatzeko tresnen multzoa, efektuak sinkronizatu eta egokitzeaz gain, pista anitzeko zirriborro editagarriak sortzen dituena; eta Thol (Erresuma Batua), soinu-diseinuko profesionalen eskura tresnak jartzen dituena, efizientziaz eta eskuragarritasunez, murgiltzeko soinu-esperientziak sortzeko. Bestalde, Filmanize (Erresuma Batua) SaaS (Software as a Service) bat da, gidoiak xehakatu eta filmatzeko aginduak sortzeko beharrezko informazioa gorde eta partekatzea ahalbidetzen duena.
Parte-hartzaileek Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko BICetako (Business Innovation Center) batean inkubazio-gune batera doan sartzeko aukera izango dute urtebetez. Bi epaimahaik 10.000 euroko bi sari emango dituzte Europako eta Estatuko proiekturik onenarentzat. Bestalde, hirugarren epaimahai batek 3.000 euroko aipamen berezia emango du, hautatutako hamar proiektuetako baten ekintzailetzarekin lotutako balioak aitortzeko. Horrez gain, irabazleek eta finalistek 500.000 eurorainoko finantzaketa eskuratu ahalko dute beren proiektua Euskadin garatzeko.
Lehen bost edizioetako proiektu irabazleetako zenbaitzuk arrakastaz ari dira garatzen beren enpresa-estrategia. Kinetix (2021) jada Beta bertsioarekin dabil eta finantzaketa-erronda garrantzitsu bat itxi du, BBC eta TF1 etxeekin akordioak gauzatzeaz gain. Motmo.pro (2022) jada merkatuan dago, eta duela gutxi inbertsio-erronda bat ere egin du; eta Hyperate.io-k (2023) nabarmen handitu du bere aplikazioaren erabiltzaileen kopurua.
Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta SPRIren bitartez sustatzen du Zinemaldia Startup Challenge, Zinemaldia & Technology jardunaldiaren ekimen nagusia; Donostia Zinemaldiak hauekin lankidetzan antolatzen du Zinemaldia & Technology: TECNALIA; ALÍA (Ikus-entzunezkoen Industria Aliantza); eta Vicomtech. Zinemaldia & Technology Donostia Zinemaldiaren apustu estrategiko bat da, eta ikus-entzunezkoen sektorean teknologiak izandako berrikuntzari buruz hausnartzeko erreferentziazko gune bihurtu nahi du.
Estatuko startupen lehiaketa ‘Spanish Screenings XXL. Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizpenerako nazioarteko merkatu bat’ deritzonaren parte da; hala, proiektu horretan erakunde hauek hartzen dute parte: Kultura Ministerioa, ICAA Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren bidez; Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioa; ICEX España Exportación e Inversiones erakundea; Málagako Zinema-jaialdia eta Donostia Zinemaldia.
Donostia Zinemaldiak, halaber, ‘Spanish Screenings: Financing & Tech’ ekimenaren esparruan hartuko du Inbertitzaile Sortzaileen Topaketa (hurrengo asteetan emango da ezagutzera horren edukia).
Estatuko proiektuak
Startup-a: HechicerIA
Deskribapena: Adimen artifiziala, automatikoki eta segundo gutxi batzuetan testuak 3Dko bideo bihurtzen dituena, ikus-entzunezko sektorean kostuak murrizteko.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Dubme IO
Deskribapena: Adimen artifizialaren eta gizaki profesionalen medioz ikus-entzunezko eduki profesionalean oztopo linguistikoak ezabatzea da Dubmeren egitekoa. Dubme Studio plataformaren bidez, teknologia aurreratuekin denbora eta kostuak optimizatzen ditu; giza kalitatea mantenduz eta erregulazioa errespetatuz hedatzeko jomuga du.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Professor Octopus AI Lab
Deskribapena: Ikus-entzunezko formatu berria, adimen artifizialaren medioz denbora errealean eraldatzen duena, ikuslearen emozioen eta beste ezaugarri batzuen arabera.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Hulahoop
Deskribapena: Hulahoopek zinemako eta ikus-entzunezko edukietako inbertsioa demokratizatzen du, edonolako inbertitzaileak eta auditoretzapean egonik merkataritza-bideragarritasuna duten proiektuak konektatzen baititu.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Tropo Servicios Audiovisuales SL
Deskribapena: Vocalityk ahots klonatuak sortzen ditu adimen artifizial sortzailearen bitartez. Giza epeltasuna duten lokuzioak, ikus-entzunezko edukiaren zerbitzura.
Garapen-maila: Irtenbidea finkatuta dago eta bere helburu den merkatu nagusiari saltzen ari zaio.
Europako proiektuak
Startup-a: Film Tools Ltd.
Deskribapena: Filmanizek adimen artifiziala darabil aurreprodukzioa optimizatzeko: gidoiak aztertzen, funtsezko xehetasunak identifikatzen eta gidoiaren banakapenetik filmatze-aginduak sortu arteko prozesua kudeatzen du.
Garapen-maila: Ingurune garrantzitsu batean balioztatutako soluzioaren prototipo funtzional bat dago.
Startup-a: Kaspar
Deskribapena: Adimen artifizial aurreratua eskaintzen diegu zinemagileei.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Phont
Deskribapena: Azpitituluei bizitza berri bat ematen diegu, hedabideetarako irisgarritasuna eta fideltasuna hobetzeko, hizkera ikusarazteari esker.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Sonomagic
Deskribapena: Sonic Alchemist adimen artifizialean funtsatutako soinu-diseinurako tresna berritzaile bat da, zinemarako soinu-efektuak sinkronizatu eta egokitzen dituena; horretarako, track anitzeko zirriborro editagarriak sortzen ditu probetarako.
Garapen-maila: Soluzioaren bertsio goiztiar bat saltzen ari dira, adibidez, MVP bat. Early adopters dira bezero nagusiak.
Startup-a: Black Goblin
Deskribapena: Thol soinu-diseinurako suite bat da, sorkuntza multimediarako aproposa, eta soinu-efektu original eta kalitatezkoak sortzen ditu, lan-fluxu intuitibo baten bitartez.
Garapen-maila: Ingurune garrantzitsu batean balidatutako soluzioaren prototipo funtzional bat dago.
ZINEMALDIA STARTUP CHALLENGE SUSTATZAILEA
ZINEMALDIA & TECHNOLOGY
Industria Saila ondorengoen babesarekin