Argentinako, Txinako, Espainiako, Estatu Batuetako, Frantziako, Georgiako, Thailandiako eta Turkiako hamaika zinemagilek euren lehen eta bigarren film luzeak aurkeztuko dituzte Donostia Zinemaldiko New Directors sailean. Kutxabank-New Directors saria beretzeko lehiatuko dira film horiek guztiak, bai eta hurrengo asteetan iragarriko den besteren bat ere.
Gülizar / Gulizar, Turkiaren eta Kosovoren arteko koprodukzioa, ezkondu aurretik sexu-eraso bat jasaten duen emakume gazte bati buruzko filma da, Belkis Bayrak (Istanbul, 1984) zinemagile turkiarraren lehen film luzea; Apartman / The Apartment (2018) eta Cemile (2021) film laburrekin nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu zuen Bayrakek.
Roschdy Zem eta Bella Kim dira Hiver à Sokcho / Winter in Sokcho filmeko protagonistak; Koya Kamura (Paris, 1983) zinemagile frantziar-japoniarraren lehen filma, Homesick (2019) film laburraren ondoren zuzendua. Artista frantziar bat Koreara iristean bizitza astinduko zaion neska korear gazte baten istorioa kontatzen digu Frantziaren eta Korearen arteko koprodukzio honek.
Eternity (2010) filma izan zen Sivaroj Kongsakulek (Bangkok, 1980) zuzendutako lehen film luzea, eta Busango, Rotterdamgo edo Hong Kongeko zinema-jaialdietan eman zen, besteak beste. Regretfully at Dawn zinemagile thailandiarraren bigarren lana da eta, bertan, agure baten, neskato baten eta soldadu gazte baten patuak gurutzatzen dira.
Brûle le sang / In the Name of Blood Frantzia, Belgika eta Austriaren arteko koprodukzioa da, Akaki Popkhadze georgiarraren (Tbilisi, 1991) lehen lana da; Je vois (2019) eta Ici en silence tout hurle / In Silence Everything Roars (2023) film laburren egilea da Popkhadze. Besteak beste, Nicolas Duvauchelle, Florent Hill-Chouaki eta Denis Lavant dira protagonistak, eta Nizan girotuta dago, non komunitate georgiarreko funtsezko pertsona bat erail duten.
Walking in Darkness (2019) –Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean estreinatutako filma– zuzendu ondoren, Yongkang Tang zinemagile txinatarrak (Taiyuan, 1983) Stars and the Moon lanarekin parte hartuko du New Directors sailean; zuzendariaren bigarren film luzean, mendi-herri bateko haur batek egunak ematen ditu zerura begira, estralurtarrak ikusteko itxaropenez.
Michael Tyburskik (New York, 1984) Sundance zinema-jaialdian egin zuen debuta The Sound of Silence (2019) filmarekin, eta Turn Me On bere bigarren filmarekin lehiatuko da oraingoan Zinemaldian. Zientzia-fikziozko komedia erromantiko hau –Bel Powley eta Nick Robinson protagonista dituena eta Angela Bourassak idatzi duena– pertsona guztiek egunero giza emozio oro desagerrarazteko pilula bat hartu behar duten komunitate batean gertatzen da.
Film horiek guztiak jada iragarritako ekoizpen espainiarreko beste filmei gehitzen zaizkie. Bi debut erakutsiko dira: batetik, Antón Álvarezen (C. Tangana) La guitarra flamenca de Yerai Cortés, New Directors sailean emango den lehen filma; eta bestetik, Sandra Romeroren Por donde pasa el silencio / As Silence Passes By; bestalde, zuzendarien bi bigarren film luze ere programatuko dira: La llegada del hijo / Surfacing, Cecilia Atán eta Valeria Pivato zuzendariena (La novia del desierto), eta Azken erromantikoak, David Pérez Sañudo egilearena (Ane).
Film guztiak dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babesten du. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren DAMA saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko 150 ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.
Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibiderik argiena dugu New Directors, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko gainerako sailetan –baita Sail Ofizialean ere– programatu ohi dira, eta Nest mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburren sail lehiakorrean ere lehen lanak erakusten dira.
Antón Álvarezen (musika-alorrean C. Tangana izenez ezaguna) lehen lana. Film hau −Yerai Cortés protagonista duena− ezinbestean kontatu beharreko familia-sekretu bati buruzkoa da.
Irunek, joera hipokondriakoak dituen emakume dudatsu eta bakarti batek, herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betitik itxaron duen aukera izango du.
Nizako langile-auzo batean, Frantzian, komunitate georgiarreko funtsezko pertsona bat erail dute. Hildakoaren semeak, Tristanek, apaiz ortodoxoa izan nahi du, eta bere ama atsekabetuaren sostengu bakarra da. Tristanen anaia nagusiak, Gabrielek, iragan istilutsua du, eta luzaroan erbestean egon ondoren, mendekatu eta familiaren ohorea berrezartzeko itzuliko da.
Emrek ez du salatu Gülizar emaztegaiak jasandako sexu-erasoa, baina errudunaren bila joatea erabakiko du geroago. Gülizarrek ezkontza prestatu behar du eta klaustrofobiko eta mutu bihurtuko zaio ataza pixkanaka, beldur baita ez ote den jakingo nork eraso zuen. Isiltasunaren erresumina nola emakumea bera hala Emrekiko maitasuna erretzen ari da.
Hego Korearen kostaldeko herri txiki bat da Sokcho, eta hor, 25 urteko Soo-Hak bizimodu aspergarri samarra darama; ama arrain-saltzailearen bisitaldiek eta Jun-Ho mutil-lagunarekiko harremanak markatzen dute bere bizitzaren erritmoa. Yan Kerrand frantsesa Soo-Hak lan egiten duen pentsiora iristen denean, nola bere nortasuna hala aita frantsesarena zalantzan jartzen hasiko da gure protagonista (apenas daki ezer aitari buruz). Neguak herria hartzen duen bitartean, Soo-Hak eta Kerrandek elkar behatu eta aztertuko dute, elkarrekin komunikatzeko asmoz.
Isilpeko dolu sakon batean murgildurik dago Sofía, baina kartzelan urteak eman ondoren, itzuli egingo zaio semea etxera. Aukera izango dute orduan ama-semeek krimenaz geroztik aldenduta mantendu dituen hesia gainditzeko.
Antoniok Ecijara itzuli behar du, Andaluziaren barnealdeko hiri batera, denbora asko igaro ondoren. Aste Santua da. Bertan, bere familiarekin eta bere anaia biki Javierrekin topo egiten du. Javierrek desgaitasun fisikoa du eta bere laguntza behar du. Antoniok egoera hori kudeatu beharko du eta erabaki zail bati aurre egin beharko dio: geratu eta beretarrei lagundu edo kanpoan eraiki duen bizitzara itzuli.
Bangkoketik gertuko probintzia batean, Yong-ek agure baten ohiko bizimodua darama agidanez, baina Thailandiako armadatik igaro izanaren oroitzapen bat du; eskuineko eskuko hatz erakuslea galdu zuen hor. Iloba –gurasoek abandonatu zuten neskato argi bat– zaintzen ematen ditu egunak gizonak, eta bere eskuekin etxetxo bat eraiki nahi du zuhaitz batean. Rambo ere etxean bizi da, Ridgeback arrazako zakur beltz bat, zeinaren begiek heriotzaren ondorengo munduaren misterioak ikusteko aukera duten.
Xingxing mendi-herri urrun bateko ikaslea da; mutikoak zeruan estralurtarrak daudela imajinatzen du eta ahal duen modu guztietan ikusten saiatzen da, bizilagunen eszeptizismoa gorabehera. Bere anaia obsesibo Yueliangek baino ez dio laguntzen haurrak nahi duena egia bihur dadin.
Egunero pilula bat hartzeari esker giza emozioen eragozpenak desagerrarazi dituen komunitate batean, bikote gazte batek pilula hartzeari utzi eta maitasuna, alaitasuna, sexua eta horiek dakarten guztia deskubrituko du.