Donostia Zinemaldiaren eta Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-beken bigarren edizioak Harri X. Fernández, Sonia García López eta Carlos F. Heredero ikertzaileen lanak sustatuko ditu. Lanok aztergai dituzte, hurrenez hurren, animazio-zinemak Zinemaldiaren historian izaniko presentzia, Zinemaldiak 60ko hamarkadako Espainiako Zinema Berriarekin izaniko harremana eta hamarkada horretan eginiko Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldiak.
José Ángel-Herrero-Velarde bekek ibilbidea hasi zuten 2023an Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren babesari esker. Urte hartako lehen edizioak bi deialdi izan zituen: bata, Gipuzkoako ikertzaileentzat, eta beste bat estatuko eremuari zuzenduta. Hain zuzen ere, ekainaren 22an Tabakaleran jardunaldi publikoa egingo da lehen deialdiko hiru azterlanak aurkezteko (Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabaté dira ikertzaileak). Egun horretan bisitaldi gidatua egingo dute Artxiboaren instalazioetan, halaber, eta Potemkin korazatua (Sergei Eisenstein, 1925) filma emango da.
2024tik aurrera, beken deialdi bakarra dago urteko, hiru lagunentzat; haietako bat bederen Gipuzkoan jaioa edo erroldatua izan behar da. Laguntzon helburua da Zinemaldiaren artxibo historikoaren ikerketa sustatzea, testu akademiko argitaragabeak sortzeko, iturri nagusi moduan erabiliz Zinemaldiaren artxibo historikoa. Hala, Zinemaldiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko dialogoa ezarriko da.
Zinemaldiko eta EQZEko kideek osatutako batzordeak 2024ko hiru ikerketa-bekak ebatzi zituen iragan hilean. Batzordeak Fernándezen, García Lopezen eta Herederoren proposamenak aukeratu zituen "pluralak eta gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak direlako, maila teorikoan zinema-jaialdien ikerketan eta Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako".
Harri X. Fernández kazetari gipuzkoarraren proposamena saiatuko da Zinemaldiko "animazio-zinemaren historia azaltzen, erroldatzen eta aldarrikatzen", denbora-tarte hau ardatz hartuta: gaur egun klasikoa den Walt Disneyren One Hundred and One Dalmatians (1961) filma lehiaketan eman zutenetik harik eta Sultanaren ametsa (2023), hau da, iaz Sail Ofizialean lehiatu zen Isabel Hergueraren film luzea, eman zuten artekoa. Gainera, ikertzaile donostiarrak alderatu egingo ditu Donostiako esperientzia eta Europako beste zinema-jaialdi ez-espezializatu batzuetakoa.
Sonia García López Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasleak Zinema Eskolen Nazioarteko Jardunaldien historiari helduko dio; jardunaldiok 1960tik 1966ra artean egin zituzten Donostia Zinemaldiaren barruan. Helburutzat du "argitzea" ea jardunaldi haiek, zentsura erabili zuten esparruak izateaz gain, zer neurritan "izan ziren, halaber, disidentziarako esparruak, ideien topaketa eta trukaketarako esparruak, eta zer neurritan egin daitezkeen loturak eta korrespondentziak jardunaldietako esperientziaren eta inplikazio politiko handiak izan zituzten ikasleen ondorengo gertaeren artean", besteak beste, "estatuko eta nazioarteko testuinguruko 68ko maiatzeko matxinadekin".
Carlos F. Heredero historialari eta zinema-kritikariak, berriz, zera du xede: "60ko hamarkadako Espainiako Zinema Berri kementsuaren eta Zinemaldiaren arteko harremanen erradiografia egitea". Haren abiapuntuko hipotesia oinarritzen da mugimendu horren filmek Donostian izan zuten presentzian; honako hau, hain zuzen ere: "Donostiako topaketa, lehenik, hamarkada hartan Espainiako zinemaren bazterrak astintzen zituen bulkadaren emagina izan zen, ondoren zentsurak mugatutako kontraesanezko bozeramailea izan zen eta, azkenik, haren gainbeheraren eta amaieraren notarioa".
Ikertzeko egonaldian Artxiboaren instalazioetarako sarbidea izango dute bi astean. Instalazioak Tabakalera eraikinean daude, eta bertan zaintzen dira Zinemaldiaren artxibo historikoko material guztiak. Hautatutakoek lan eta kontsultarako espazio bat izango dute Euskadiko Filmategian; aukera izango dute eraikineko funts eta artxiboetan sartzeko, eta, parte hartzeko, besteak beste, zinema-saioetan, lantegietan eta eskola magistraletan. Horrez gain, 3.500 euroko dirulaguntza eskuratuko dute, joan-etorriak eta ostatua ordainduta izango dituzte, eta, gainera, egonaldiko egunei dagozkien dietak ere jasoko dituzte.
Ekainaren 22an, larunbata, jardunaldi publikoa egingo da Tabakaleran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak, EQZEk eta Zinemaldiak elkarrekin antolatutakoa. Jardunaldiak Zinemaldia ikertzea: José Ángel Herrero-Velarde ikerketa-bekak izenburua izango du, eta Artxiboaren lana zabaltzea izango du helburu. Goizean, artxiboko instalazioak lehen aldiz irekiko dira publiko orokorrarentzat. Gipuzkoako lurralde historikoan bizi direnei zuzendutako esperientzia izango da, eta aurreikusita dago etorkizunean ere berriz egitea. Plaza mugatuak daude; hori dela eta, aurretiaz eman behar dute izena bisitaldian parte hartzeko interesa dutenek.
Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, mintegi bat egingo da Tabakalerako zinema-aretoan. Mintegi horren bidez José Ángel Herrero-Velarde bekek sustatutako ikerketen emaitzak gizarteratuko dituzte lehendabizikoz. Irati Crespo Artxiboko koordinatzaileak aurkeztuko ditu Felipe Cabrerizoren, Neus Sabatéren eta Endika Reyren hitzaldiak. Hurrenez hurren, gaiok jorratuko dituzte: esparru sozialistako herrialdeek Zinemaldian izaniko zinema-ekoizpena; Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé Donostian berriz elkartu zirenekoa, eta Zinemaldiak zinemagile berrien film luzeekin izaniko harremana. Orain arte argitaragabeak ziren Zinemaldiaren artxiboko agiriak erabiliko dituzte hizlariek aurkezpenetan. Sarrera doakoa da edukiera bete arte, baina gonbidapena eskatu behar da webean edo Tabakalerako informazio-gunean.
Azkenik, 19:00etan Potemkin korazatua filma emango da. Ordainpeko sarrera beharko da filma ikusteko. Zinema sobietarraren klasiko eztabaidaezin honen emanaldia berezia izango da, lehen aldiz programatuko baita Donostia Zinemaldiaren historian. 1959an, Eisenstein zinemagilearen film luzea zentsuratu egin zuten Brusela 58aren araberako filmik onenen ikastaro analitikoa deitutako programatik. Trantsizioan, berriz, ez zuten jaso Azken hamarkadetan ikusi ez genuen zinema izeneko 1978ko atzerabegirakoan. Deutsche Kinemathek erakundeak zaharberritutako kopia berriaren bidez proiektatuko da filma.
Bigarren deialdia
Lehen deialdia